IV. Iñistor Jaia irailaren 29an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 12a, 18:06

Urnietako Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak aurten ere Iñistor jaia antolatuko du. Irailaren 29ran, Sanmiel egunean burutuko da. Iaz bezala, Jakutegi eta San Juan Plazetan egingo da. Horrela, bazkaria Jakutegi plazan jarriko den karpan egingo da, euritik edo eguzkitik babestuta. Iñistor Jaiaren egitarauari dagokionez jarduera interesagarriak prestatu dira. Horien artean herri bazkaria, bertso emanaldia, irrintzi lehiaketa edo mus eta toka txapelketak, besteak beste. Bazkarian parte hartzeko txartelak salgai daude. Jarraitu irakurtzen:

Irailaren 29an, eguerdiko ordubietan hasita izango den  herri bazkariarekin  hasiko da jaia. Hau, Jakutegi plazan egingo da. Honako bi menuak egon dira: Helduentzako: momentuan bertan egindako paella, zekor biribilkia, esnegainezko ijito besoa, kafea eta kopa. Prezioa, 25 euro izango dira. Umeentzako menua, bestetik, makarroiak tomatea eta urdaiazpikoarekin, eskalopea txip patatekin eta sandwitx helatuaz osatuta egongo da, eta bere prezioa, 16 euro izango dira.

Bazkarirako txartelak aurrez erostea ezinbestekoa da.  Erosteko azken eguna irailaren 27a izango delarik. Ondorengo lekuetan daude salgai: Kantoi tabernan (San Juan plazan), Lekaio kultur etxean eta Urnieta fruta dendan (Idiazabal 20).

Iñistor jaiari dagokionez, bertsolarien txanda arratsaldeko 16:30ean izango da. Aurtengoan, Uxue Alberdi (Getaria), Beñat Gaztelumendi (Añorga), Ainhoa Agirreazaldegi (Zarautz) eta Iñigo Izagirre (Birgala Barren) izango dira. Gai-jartzaile lanak Amaia Agirrek egingo ditu. 17:30ean "Urnietar Prestu" izendapena egingo da. Arratsaldeko 18:00etan IV. Mikeldeun mus txapelketa eta IV. Iñistor toka txapelketa (hau San Juan plazan). Eta eguna amaitzeko II. Maria Arizmendi irrintzi lehiaketa. Txapelketa hau San Juan plazan burutuko da arratsaldeko 19:30ean hasita. Herritar zein kanpotarrentzako irekia izango da eta bi kategorietan banatua, hamalau urte artekoak eta handik gorakoak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!