UEMAko Udalak, matrikulazio kanpainan laguntzaile

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 10a, 17:01

Eskualdeko Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) Udalek ere laguntza emango dute Aitzol Tolosako Udal euskaltegiak eta Andoaingo AEK-k abian jarri duten matrikulazio kanpainan:

UEMAko herrietan, eskualdeko bi euskaltegien eskaintza zabaltzen ari dira kartelen, esku orrien eta bestelako baliabideen bidez. Udalek gogorarazi nahi dute euskara ikasteko diru laguntzak ematen dituztela eta herrietan taldeak sortuz gero ikasleek ez dutela Tolosara edo Andoainera joan beharrik izango, herrian bertan emango baitira eskolak.

Aurtengo eskaintzak sekula baino aukera gehiago ematen die herritarrei euskalduntzen edo alfabetatzen hasteko: malgutasun handia ordutegietan, taldeak herrian bertan sortzeko aukera, autoikaskuntza...

Matrikulazio kanpaina irailaren 17an itxiko du Aitzolek, Tolosako Udal euskaltegiak, eta irailaren 24an AEK-k. UEMAko herritarrek udaletxeetara jo dezakete, informazioa eskuratzeko (ordutegiak, diru laguntzak, mailak...). Tolosaldeko UEMAko herriak hauek dira: Aduna, Alegia, Altzo, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Belauntza, Elduain, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Orendain eta Orexa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!