Garazi Kamio Andoaingo gaztea izan da aurtengo Igartza Sariaren irabazlea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 10a, 10:41

Hamahiru urte betetzen ditu Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek; deialdi honetan hamahiru proiektu aurkeztu dira, eta Gerizpeko panpinak behin-behineko izena daukan ipuin-bildumaren egitasmoa irabazletzat jotzea adostu dute Igor Estankona, Xabier Etxeberria eta Karmele Jaio epaimahaikideek.
Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza, eta irabazlea Garazi Kamio Anduaga izan da, Andoainen 1979an jaioa eta aurretik libururik kaleratu gabea. Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua da Kamio, Irakasle Eskolako ikaslea, eta Sautrela telesaioko erredaktore taldekoa. Pertsonaiak aurretik ikasitakoa zalantzan jartzeko unean kokatzen dituzte istoriook, eta ondo bidean 2012 urte hasieran kaleratuko da liburua.

Garazi Kamiok Aiurri hamaboskarian iritzi artikuluak idatzi ohi ditu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!