Gatazka Andoaingo futbolean: Euskaldunaren ikuspegia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 9a, 11:53

Euskalduna taldekoek uste dute Andoainen futbola goraka doala, hazten ari dela. Baina gauzak ezin dira nolanahi egin eta Ontzerrikoei horixe leporatzen diete: planifikazio falta.
Ontzerrikoen aldetik mehatxuak, irainak eta eraso saiakerak salatu dituzte. Jarrera horrekin amaitzen bada Euskaldunakoak konponbideari ateak zabaltzeko prest agertu dira.

Denboraldi berria hastear dago eta Andoaingo futbolzaleen artean giroa ez da onena. Zein da zuen ikuspegia? Nola azalduko zenukete hona bitarte Ontzerri-Euskalduna artean gertatu dena?
Euskalduna klubak ez du zer ikusirik izan sortu den nahaste honetan. Euskaldunak normaltasun osoz bukatu zuen 2009-2010 denboraldia, eta normaltasun osoz prestatu du 2010-2011ko denboraldi berria. Gainera, urte askotako lanaren ondorioz, denboraldiaren amaieran hitzarmena sinatu genuen Kirol Patronatuarekin, Ubitarte futbol-zelaiaren erabilera antolatzeko.

Ontzerri sortu dutenak ez dira gurekin ezertarako harremanetan jarri, ez digute ezer planteatu edo proposatu. Ezta Udalari ere. Urratsa zuzenean eman dute, inorekin kontatu gabe. Beraz, arazoak badituzte ezin diete erantzukizuna beste batzuei leporatu.

Pankarta baten atzean herriko hainbat gazte bildu zen Ubitarten jokatzeko eskubidea aldarrikatuz. Egoera horren inguruan zein da zuen iritzia?
Larramendi txapelketaren egunean gertatu zen protesta hori. Pankarta atzean gazte talde bat zegoen, futbol-zelaia erabiltzeko eskubidea aldarrikatuz. Baina harmailatan horiek baino askoz jende gehiago zegoen, beti bezala Euskaldunaren partida ikustera joanda, une atsegin bat igarotzera. Honelako protestek giroa nahastu besterik ez dute egiten, jende arteko haserrea eta egonezina sortuz; Andoainen futbolzaleen arteko giroa nahastuz.
Baina gauza bat garbi esan behar da: Ubitarten partidak jokatzeko eskubidea ez du Euskaldunak ematen, Udalak baizik, zehazkiago Kirol Patronatuak. Patronatuak eman behar die baietza. Uztailean Patronatuak kontsulta bat egin zion Euskaldunari, Ontzerriren eskaerari buruzko iritzi eske. Eta kontsulta horri idatziz erantzun zion Euskaldunak: hor bukatu da gure esku-hartzea. Oso oker dabiltza erantzukizuna Euskaldunari leporatzen diotenak.

Beraiek bazekiten azkeneko denboraldian entrenamenduetako orduak falta zirela, oso justu gabiltzala eskola kiroleko eta Euskaldunako ekipo guztientzako orduak banatzeko garaian. Bazekiten baita ere, Errealarekin konprometitu ginela Futbol Eskola sortzeko 2010-2011 denboraldian.  Kontuan hartu behar da Euskaldunak ekipoak dituela maila federatu guztietan: benjamin, alebin, infantil, kadete, jubenil eta erregionalean. Baita nesken taldeak ere, maila guztietan ez bada ere. Eta Euskaldunak, gainera, Eskola-kiroleko futbol osoa koordinatzen du, ehunka jokalariren arteko partidak antolatuz astero-astero. Uste dugu Andoainen futbola goraka doala, hazten ari dela. Baina gauzak ezin dira nolanahi egin. Ondo pentsatu eta planifikatu behar dira jarduera guztiak.
Horregatik, gure ustez, gauzak oso gaizki egin ditu Ontzerrik: taldea sortu eta tira! Gero etor daitezela besteak arazoak konpontzera.

Eztabaidaren muina zelaiaren erabilera al da?
Zelaiaren erabilerari heltzen diote beraiek, arazoa hori dela esanez. Ez dakigu, ordea, arazoa hori bakarrik ote den. Euskaldunak ia 90 urteko ibilbidea du. Gaur egun 300 neska-mutilek osatzen dute, eta lehen esan bezala ekipoak kategoria guztietan ditu. Hori dena aurrera eramatea ez da batere erraza, eta futbolzale-talde baten lanari eta ehunka bazkideri esker eramaten da aurrera.

Guk uste dugu argi eduki behar dela zein plangintza egin nahi den futbolean Andoainen. Andoainek eskatzen ote du bi futbol talde edo klub egotea? Antzeko esperientziak izan berri dira Gipuzkoako herri batzuetan, eta denak gaizki amaitu dira, herriko futbol giroa nahastuz eta zatiketa sortuz. Andoainen ere izan zen antzeko esperientzia bat 80ko hamarkadan, eta, zorionez, bigarren talde horri uko eginez eta denak ostera Euskaldunara bilduz amaitu zen.

Euskaldunak guztion ekarpena behar du, denek dute lekua Euskaldunan. Zatitzeak ez du zentzurik, herriko giroa garrazten ari da dagoeneko. Baina bakoitzak jakingo du zer paper jokatzen ari den horretan, zeinek piztu duen sua.
 
Zergatik ez da elkar ulertzerik izan?
Guk kanpotik jakin genuenean beste talde bat sortzeko asmoa zutela (gurekin zuzendaritzan aritutako kideak, jokalari eta entrenatzaile batzuk), orduan, hainbat proposamen egin genizkien, aukera desberdinak planteatuz, baina beti ere Euskaldunan lekua eginez, hau da, klub bakarrari eutsiz. Hiru aukera eman zizkion Euskaldunak talde berria sortu nahi zutenei:
a) Euskalduna B Erregionalean aritzea, haien asmoa horretara bilduz.
b) Euskalduna Beterano taldea sortzea, talde berria hor kokatuz.
c) Futbol 7 taldea sortzea, talde berria hor kokatuz.

Ezezko borobila eman ziguten. Zergatik? Hori beraiek azaldu beharko dute.
Bestalde, lehen esan bezala, zelaia erabiltzeko erabakia ez dagokio Euskaldunari, Kirol Patronatuari baizik. Hala da, eta hala behar du izan gainera, zelaiaren jabea Udala baita. Elkar ulertzeko aukerak beti egon behar dira, baina horretarako gauzak behar diren tokian eta behar dutenen aurrean planteatu behar dira. Ezin da ibili instituzioen kontra, edo instituzioen paraleloan. Euskalduna beti saiatu izan da Udalarekin, Federazioarekin, Errealarekin, Aldundiarekin, Jaurlaritzarekin, herriko gainerako kirol taldeekin..., mundu guztiarekin ondo konpontzen eta eramaten, bakoitzak bere lekua zein den ondo dakigulako. Beraiek esaten dute Ontzerrik jokatu nahi duela presiorik gabe, errendimenduan sartu gabe, lagunarteko talde bat izan nahi dutela. Bada, horren aurrean bi galdera ditugu:

Lehenengo galdera: bihar edo etzi taberna batek, edo enpresa batek, edo koadrila batek, beste futbol talde bat sortu nahi badu, zer egin behar dugu besteok? Gure plangintza eta gure beharrak hankaz gora jarri horregatik? Zer kirol plangintza da hori?
Eta bigarren galdera: beren asmoa hori bakarrik bada, konprometituko al lirateke publikoki, ez jubenilik, ez kadeterik, ez infantilik, ez benjaminik sortzera? Inguruko eskarmentua ikusita, ez al dute Andoainera ere ekarriko beste herri batzuetan sortu duten nahastea eta ahuldadea?

Egoera nahasi honi irtenbiderik ikusten al diozue? Eta zein izan liteke?
Ontzerriren proiektua ez zaigu gustatzen; gure kirol eredua ez da hori, gazte asko dauzkagu gure artean hezten ari direnak. Kirolzaletasuna, osasuna, elkartasuna, saiakera eta dedikazioa dira Euskaldunaren oinarrizko printzipioak. Horregatik, harro eramaten dugu kolore urdina Gipuzkoako herri guztietara, zintzo ordezkatu nahi dugulako Andoaingo herria.

Konponbideren bat beti aurki genezake, baina alde batera utzi behar dira mehatxuak, irainak eta zuzendaritza batzorde honen kontrako agresioak; gure taldeko alebinek haur saharauiarren kontra joan den astean jokatutako partidan gertatutako bezalako jokabideak ez dira onargarriak.

Patronatuko eta Euskaldunako Zuzendaritza Batzordeko kide guztiek, aho batez, erabakitako akordioak errespetatuz (zelaiaren lehentasunezko erabilera Euskaldunari aitortu baitio Udalak), harmailen kudeaketa eta gainontzeko akordioak errespetatuz, horrela bakarrik izango da posible berak lehiaketako partidak Ubitarten jokatzea.
Euskaldunako zuzendaritza batzordeak tinko eutsiko dio gure taldearen interesen defentsari. Ez ditugu auzitan jarri nahi, ez ia 90 urteko ibilbide historikoa, ez eta gaur egun ditugun ia 300 jokalariren interesak eta ilusioa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!