Gatazka Andoaingo futbolean: Ontzerriren ikuspegia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 9a, 11:51

Ontzerriko eragileek salatu dutenez, Allurralde kiroldegian Ubitarte futbol zelaia orduka alokatzeko aukera eskaintzen den bitartean Ontzerriri bertan aritzea galerazten zaio.
Kirol Patronatuari eta Euskaldunari biltzeko deia egiten diete. Bien bitartean, aldaketarik ezean, Usurbilera joan beharko dute Ontzerriko jokalariek eta haien jarraitzaileek.

Elkarrizketa:

Iñaki Murua (lehendakaria), Iker Etxebeste (jokalaria) eta Xabier Arantzetak (entrenatzailea) hitz egin dute Ontzerri futbol taldearen izenean.

Ontzerri taldea eratu zenutenetik hartu dituzuen urratsak azalduko al dituzue?
Iker Etxebeste: Taldea sortzearen asmoa aditzera ematea izan zen lehenbiziko lana. Allurralde Kirol Patronatura Euskaldunako zuzendaritzara baino lehenago joan ginen eta baliteke akatsa egin izana; horregatik barkamena eskatu genuen.
Andoaingo Udal Kirol Patronatuari Ubitarte zelaian entrenatu eta jokatu ahal izatea eskatu genion. Bertan adierazi ziguten Euskaldunarekin hitzarmena sinatuta zegoela, eta zelaia kudeatzea Euskaldunari zegokiola.

Euskaldunarengana jo genuen eta erantzuna kontrakoa izan zen, hau da, Patronatuari dagokiola erabakia…

Orain aste gutxi Euskaldunak zelaia erabiltzeko ordutegia eman zion Patronatuari, eta bere osotasunean onartu zituen.

Ordutegi horietan Ontzerri ez zela inondik inora azaltzen adierazi genion Patronatuko kideei. Hauen erantzuna izan zen, hitzarmenaren arabera, Patronatuari Euskaldunak proposatuakoa onartzea besterik ez zaiola geratzen.
Denbora tarte horretan hara eta hona ibili gaituzte, zorabiatu arte. Maiatzean taldea federatu eta abian jarri genuenetik, oso gaizki hartu dute gure sorrera.
   
Ulertu behar da, beraz, Ubitarte zelaian ezin duzuela ez entrenatu ezta jokatu ere?
Iñaki Murua: Entrenatu ezinarena denborak aurrera joan ahala onartu behar izan dugu, nahiz eta injustua izan.

Geroztik, igande arratsaldetan jokatzeko aukera izatea eskatu genuen. Euskaldunak adierazi zuen berak ez zuela erabakirik hartuko eta Patronatuaren esku utzi zuen.
Patronatuan lehengo astean egindako bileran ezezkoa bozkatu dute. Penaz esan beharra daukagu, Patronatuko bileraren batean bertako kideei geure eskaera eta jarrera aurrez aurre azaltzeko aukerarik ez dugula izan.

Irtenbiderik ikusten al diozue liskarrari?
I.E.: Udal Kirol Patronatua, Euskalduna eta Ontzerri hirurak biltzea lortu beharko genuke. Gezurra dirudi, baina orain arte ez da posible izan hiru aldeetako kideak elkarrekin biltzea, irtenbide zibilizatu bat adosteko.

Badirudi bilera hori lortzeko bidean garela behintzat. Argi daukagu Patronatuak herriko instalazioen erabilera publikoa onartu beharko lukeela; eta Euskaldunak, berriz, herrian beste talde bat badagoela ulertu beharko luke, nahiz gogorra gertatu errealitate hori.

Zer esango zenieke Euskaldunaren kontra zeozer badaukazuelako Ontzerri sortu duzuela diotenei?
I.E: Guk Euskaldunaren kontra ez daukagula ezer. Behin eta berriz aldarrikatzen ari garen bezala, Euskaldunaren gisako klub konbentzionaletatik urrun dagoen filosofiarekin sortu ginen. Guk ez dugu harrobia zaintzeko batere asmorik.

Gure helburua ez da irabaztea; baizik eta partidak jokatzeko ilusioari eustea. Ondo pasatzea ardatz duen lagun koadrila gara.

Planteamendu horretatik abiatuta, herrikoak diren kirol instalazioetan jokatzeko eskubidea eskatzen dugu. Ez dugu uste bidezkoa denik eskubide hori ukatzea, herritar guztiei eskubideak aitortzen dizkien gizarte batean bizi bagara behintzat.

I.M.: Guk Euskalduna inolaz ere ez dugu lehiakidetzat edo etsaitzak hartzen. Aitzitik, sentimenduz gure taldea izan da txiki-txikitan futbolean jokatzen hasi ginenetik, eta horri eusten diogu.
Euskalduna une batean zein bestean egon daitekeen zuzendaritzaren gainetik baitago. Are gehiago, Larramendi txapelketan pankartaren atzean jarri ginenean, behin gure protesta adierazi eta gero, pankarta tolestu eta denok harmailetara abiatu ginen partida ikustera. Euskalduna animatzen aritu ginen, bertan jokatzen duten adiskide asko ditugulako.
Gutako batzuk Euskaldunako entrenatzaileak, zuzendaritza batzordeko kideak edo jokalariak izan gara, eta bitarte horretan ez dugu inoiz liskarrik eduki. Orain urte batzuk Euskaldunak hil ala biziko egoera bizi izan zuenean, gu ere laguntzera joan ginen, beste asko bezala; gure ekarpentxoa egin genuen, Euskalduna eta futbola maite genuelako.
Ontzerri eta Euskalduna gure taldetzat sentitzen ditugu, baina hori ez da posible, ikusten denez. “Euskaldunaren alde edo kontra zaude”, horixe da jakitera eman digutena azken asteetan.

Gauzak nola dauden ohartzeko, adierazgarria da lagun bati eta bioiri gertatu zaiguna: Euskaldunatik kanporatu egin gaituzte, bost urtez talde txikiak entrenatzen jardun eta gero. Aurtengo denboraldian entrenatzen jarraitzeko ilusio handia genuela azaldu genien, baina jada ez dugu balio; etsaiak gara, ikusten denez.

Non ari zarete entrenatzen une honetan?
Xabier Arantzeta: Leitzaran bailaran gehienbat; Trentxikiko bidean barrena, kanaletako eskaileratan gora... Belkoain eta Sorabillako parajeetan ere ibili gara. Andoaingo parajeak ondo ezagutuko ditugu martxa honetan, hori ezin da ukatu!
Baloia orain arte oso gutxi ukitu dugu. Urnietako kiroldegian bi txandatan jardun dugu, utzi digutenean; gainerakoan, ikastetxe bateko patioan gabiltza, jokalarien baloi-gosea nolabait asetu behar da eta.

Sanferminak amaituta aurre denboraldiari ekin genion. Kontuan izan batzuk urteak daramatzatela futbolean serio entrenatu gabe. Jokalarien erantzuna harrigarria izan da, oporretan ez zeuden guzti-guztiak agertu dira saioetara. Gainera, txunditzeko modukoa da zenbateko ilusioa erakusten ari diren eta zein giro bikaina sortu den guztien artean. Gozamen hutsa da jarrera hori duen taldeko entrenatzaile izatea.

Anaiarteko partidarik jokatu al duzue?
X.A.: Bakarra orain arte, Seguran izan zen hori. 2-1 galdu genuen baina oso polita izan zen estreinaldia, emozio handikoa. Ikusi egin behar zen aldageletan zenbateko tentsioa eta ilusioa zeukaten jokalari guztiek; ume txikiek baino gehiago gozatu genuen arratsalde hartan. Andoaindik joandako berrogeita hamar lagunek ere ahaztu ezineko giroa jarri zuten zelaian.

Eta non jokatu behar duzue liga hasten denean?
X.A.: Jokatu ahal izateko Federazioak irailaren 1erako eskatzen ditu zelaien izenak, eta ozta-ozta, Usurbilgo taldeak bere zelaia uztea lortu dugu.
Eskerrak eman behar dizkiogu Usurbilgo taldeari eta hango Kirol Patronatuari, gainerakoan kale gorrian geundeke.

I.M.: Liga hasten denean egoera surrealista bistaratuko da. Igande arratsaldeetan, hamabostean behin, Andoaingo 25 gazte jokalari eta, oraingoz, 150 bazkide dituen futbol taldea Usurbilera joan behar izatea. Eta bien bitartean, Ubitarte futbol zelaia huts–hutsik egongo da.

I.E.: Lagun koadrila izan, lantegiko lankideak izan, ezkonduak-ezkongabeak izan… Edozein giza taldek Ubitarteko zelaia futbolean jokatzeko orduka aloka dezake, baldin eta libre badago. Guk ez, ordea; nahiz eta gutako asko Allurralde kiroldegiko bazkide izan. Egoera hau ulertuko duenik baldin badago, etor bedi gugana azalpenak ematera…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!