Euskalduna eta Ontzerri futbol taldeetako eragileen ikuspegia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 8a, 16:22

Bihar Andoainen banatuko den Aiurri astekarian Euskaldunari eta Ontzerriri orrialde bana eskaini zaie. Bi futbol taldeetako eragileek Andoaingo giroa gaiztotu duen gatazkaren inguruko ikuspegia agertuko dute.

  • Elkarrizketak Aiurri astekarian, bihartik aurrera.
  • Albistearen aurrerapena, jarraian:

Ontzerri taldea, futbolzale gazte koadrila baten ekimenez sortu zen udaberrian, lagunarteko giroan futbol grinari eutsi asmoz. Sortu zenetik giroa gaiztotu egin da Ontzerriko eta Euskaldunako eragileen artean. Eta tartean Udal instituzioa dago: Allurralde Udal Kirol Patronatua hain zuzen. Udal ordezkariek eta herriko kirol taldeetako ordezkariek osatzen dute Patronatua. Hilabeteak aurrera joan ahala, egoera bideratu beharrean gaiztotu egin da. Liskarrak eta egoera zatar ugari izan da denbora tarte horretan. Gauzak horrela, futbolzaleen eta ingurukoen arteko giroak okerrera egin du.

GATAZKA GORDINA
Aurrez aurre daude Euskalduna eta Ontzerri. Biak ala biak andoaindarrez osatuta daude. Lehena, 1923an sortua, heziketa nahiz kirolzaleen garapena helburu duen talde egituratua. Bigarrena, 2010ean sortua, adinean gora egin eta futbola aisialdiaren pareko hartu duen lagun taldea.

Ohorezko maila galdu berritan, Euskaldunak Afizionatuen Gorengo mailan jokatuko du aurten. Ontzerrik maila bat beherago jokatuko du, Afizionatuen 1. Erregional mailan.
Eta bi taldeek Andoainen jokatu nahi dute, Ubitarte futbol zelaian hain zuzen. Udal Patronatuak denboraldi honetarako Euskaldunaren egutegia eta ordutegia onartu ditu. Oraingoz, ordea, Ontzerri taldeak ez du Ubitarten jokatzeko egutegirik ezta ordutegirik eskuratu. Federazioak ezarritako eskabideak aurkezteko epea amaitzen ari zenean, Ontzerrik Ligako partidak jokatzeko Usurbil herriko futbol zelaiaren arduradunen baiezkoa lortu zuen.

Uda amaiera honetan futbolzaleen zatiketa hizpide izaten ari da herrian; eta bertsio kontrajarri ugari entzun daitezke. Gatazkaren gakoak ulertze aldera, Aiurri astekariak tartea eskaini die bi taldeetako eragileei bakoitzak bere ikuspegia agertu dezan.
Euskaldunako bozeramaleek elkarrizketan zera diote, “Euskaldunak guztion ekarpena behar du, denek dute lekua Euskaldunan. Zatitzeak ez du zentzurik”.

Ontzerrikoek, berriz, “guk Euskalduna inolaz ere ez dugu etsaitzak hartzen. Aitzitik, sentimenduz gure taldea izan da txiki-txikitan futbolean jokatzen hasi ginenetik, eta horri eusten diogu”.

  • Elkarrizketak Aiurri astekarian, bihartik aurrera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!