Herritarrek kristalezko edo plastikozko ontzietan gorde beharko dute olioa, eta nahi dutenean utzi edukiontzietan. Urnietarrek etxean erabilitako olioa uzteko erraztasun handiagoa izango dute aurrerantzean. Udalak lau edukiontzi banatu ditu herrian barrena, eta herritarrek nahi edo ahal dutenean utzi ahal izango dute olio hori edukiontzi horietan, kristalezko edo plastikozko potoetan. Edukiontzi berriak Geltoki eta San Juan kaleetan, Etxeberri plazan eta kiroldegitik gertu daude. Orain arte kamioi bat bertaratzen zen Urnietara astean behin olioa biltzera. Goizetan plazan egoten zen, eta arratsaldean Idiazabal kaleko autobus geltokian. Hori zen erabilitako olioa uzteko aukera bakarra, baina aurrerantzean ez da egun edo ordu mugarik egongo. Kamioi horrek, olioaz gain, lanparak, pintura eta antzekoak ere jasotzen ditu, eta Urnietan Garbigunea abian jarri bitartean, hala egiten jarraituko aurrerantzean ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!