Elbarrenako jaiak: Patrikanzulo eta Txoritxoak koadrilen artean piztuko dute jaia aurtengoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 6a, 10:51

Irailaren 8an, Patrikanzulo koadrilako kideak izango da jaiak iragartzeko txupinazoa botako dutenak, Txoritxoak koadrilako gaztetxoak laguntzaile dituztela.

Patrikanzulo koadrila 20-24 urte arteko hogeita bi neska-mutilek osatzen dute, zizurkildarrak gehienak. Festak antolatzeko bileretan parte hartu dute eta eurei egokitu zaie aurtengo suziria botatzea. Haritz Arrastoa Patrikanzulo koadrilako kidea da eta berak azaldu duenez, zer edo zer berezia egiteko asmoa dute, denbora badute behintzat; “saltsa pixka bat jarri nahi diogu txupinazoari eta adin ezberdineko herritarrek bat eginda, Txoritxoak ume koadrilarekin batera botako dugu suziria. Asteazkenean arratsaldeko 20:00etan izango da hori, ea zer ateratzen den”. Pregoia urterokoaren antzekoa izango dela aurreratu du Patrikanzulo koadrilako kideak, “herritarrei zuzendu eta ez daudenei kasu egingo diegu. Festetako ekintzatan parte hartzeko deia ere luzatuko dugu. Egia esan, mezu hori urtero zabaltzen den arren, gero ez da horrenbesteko parte hartzea izaten”.
Iaz, kontzertuen gaua behintzat oso jendetsua izan zela gogoratu du, “iazko Gazte egunean oso kontzertu onak ekarri ziren eta plaza jendez lepo bete zen. Nire 22 urteetan ez nuen sekula plaza hain beteta ikusi. Aurten ere ea antzeko erantzuna izaten den; ostiralerako Gazte egun txukuna antolatu dugu”.

Herri afaria, onena
Patrikanzulo koadrilako kideak arduratzen dira Gazte eguna antolatzeaz, “gazteak garenez, dudarik gabe, egun hori gustatzen zaigu guri gehien”. Hala ere gogoko ekintza gehiago ere badituzte Elbarrenako jaietan: “Koadrilen bazkarian herriko koadrila guztiak elkartzen gara eta giro ederra sortzen da, baina herri afaria azpimarratuko nuke: gau horretakoa izaten baita parrandarik onena.
Lehen gauean herritarrak izaten gara ia guztiak eta denak ere parranda gogoz egoten gara”, azaldu du Haritzek. Dagoeneko zain-zain dago jaiak noiz iritsiko; “lanean aritu gara udan zehar eta orain, jai-egunak hartuta herriko festetarako gogo biziz gaude. Herriko jaiak ederrak izaten dira eta gustura gaude”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!