Elbarrenako jaiak: barraren bestaldean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 6a, 10:50

Andoni Usandizaga eta Xabat Oiartzabal zizurkildarrek Kaixo tabernaren ardura hartu zuten joan zen uztailean. Hasiera batean, Elbarrenako jaiak amaitu arte arituko dira bertan lanean.

Badatoz Elbarrenako festak. Gogotsu?
Xabat Oiartzabal: Gogoz gaude, bai. Ea iaz bezalako arrakasta izaten duten. Aurten tabernako barraren barrualdean egongo gara gehiago, baina tarteren bat libratzen dugunean, festa pixka bat egingo dugu.
Andoni Usandizaga: Herriko festak beti bereziak izaten dira. Uda guztian zehar inguruko herrietan izanda, Elbarrenakoak azkenetakoak izaten dira. Eguneroko martxarekin hasi baino lehen, udari agurra ematen diote Elbarrenako festek.

Kaixo tabernako barraren atzealdetik biziko dituzue aurtengo jaiak. Udan zehar bertan aritu zarete lanean. Zer moduz?
A.U.: Gustura aritu gara, nahiz eta aurreko urteetan baino denbora libre gutxiago izan. Printzipioz, festak amaitu arte arituko gara tabernan lanean, baina festen ondoren, balorazioa eginda erabakiko dugu tabernarekin jarraitu edo ez.

Zein eskaintza egingo duzue jaietan Kaixo tabernan?
A.U.: Arratsalde eta gauez zabalduko dugu taberna. Edaria, musika eta giro ona eskainiko ditugu.
X.O.: Esne Beltzako Zigor DJk jarriko du musika asteazken gauean eta larunbatean Berriatuko gazte talde batek lehenengotako kontzertua eskainiko du tabernan. Iaz bezala, ea kanpoko jendea ere etortzera animatzen den.

Aurreko urteetan behintzat, festa batzordeetan parte hartu izan duzue. Aurten ere bai?
A.U.: Hainbat lagun izan gara bileretan. Nahiko goiz hasi ginen bilerak egiten; lehenik eta behin uztaileko koadrilen eguna antolatzeko bildu ginen eta gero, herriko jai egitaraua osatzeko. Ondo joan dira bilerak.

Zer nabarmenduko zenukete ekintzen artean?
A.U.: Iaz martxan jarritako dantza herrikoia errepikatu egingo da aurten. Gu ere hasi ginen entseguetara joaten, baina ez genuen jarraitu. Ekintza berrien artean motozerrekin irudiak egingo dituzte plazan. Bestalde, aurten III. Gazte eguna izango da. Lehen urtean ondo atera zen eta iaz jokoak tartekatu genituen bazkalondoan. Aurten ere jokoei eusteko asmoa dugu eta arratsaldean, batukada taldea etorriko da poteoa egiteko. Gauean kontzertuak izango dira.

Jaietako egunik gogokoena?
A.U.: Lehen eguna eta larunbata nik.
X.O.: Lehen gaueko herri afariak badu bere xarma eta larunbatean izaten den gaupasak ere bai.

Ezer falta al du Elbarrenako jaietako egitarauak?
A.U.: Nahiko ondo osatuta dagoela iruditzen zait niri.
X.O.: Adin guztietako herritarrentzako festak antolatzen saiatzen gara; haur, gazte, heldu nahiz jubilatuei zuzendutako ekintzak tartekatuz egitarauan.

Zer behar dute jaiek onak izateko?
X.O.: Umeetatik hasi eta helduak bitarte, herriak parte hartzea.
A.U.: Nire ustez ere parte hartzea ezinbestekoa da eta lerro hauen bidez, herritarrei jaietan parte hartzeko deia egiten diegu. Festetako programa gustuko ez duenari, berriz, festak antolatzeko bilerak irekiak direla gogoraraziko nieke.

Eguna ala gaua nahiago?
X.O.: Normalean gauez ibiltzen gara, baina eguna ere gustuko dugu. Gazte egunean, esaterako, goizetik hastea gustatzen zaigu.
A.U.: Eguna eta gaua; goizean hasi eta hurrengo goizean bukatuta.

Jaietan jateko? Eta edateko?
A.U.: Txuleta. Garagardoa.
X.O.: Entsalada. Garagardoa.

Parrandarako konpainiarik onena?
A.U.: Herri giroa.
X.O.: Umorea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!