Andoaingo Plazaolako aterpetxea, erromesei zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 2a, 11:12

Uztailaren 22tik aurrera, Andoainek badu Santio Bidea egiten ari diren erromesek atseden hartzeko aterpetxea. Udan zehar, hamabost lagunek egin du lo bertan.

Gabriel Aresti kalean kokatuta, antzina herriko haurren eskolak zeuden gunean, Andoaingo Plazaolako aterpetxea martxan da dagoeneko. Andoaingo udaletxean Tokiko Garapenerako agente den Manu Segoviak azaldu duenez, bi arrazoi nagusigatik egokitu dute aterpetxe berria. “Batetik, duela bi urte Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo departamenduek Santiago Bidea garatu eta sustatzeko plan zuzentzailea jarri zuten abian. Euskadin 85 herri zeharkatzen ditu aipatu bideak eta plan horren barruan, herri bakoitzeko bidea babestu eta seinaleztapenak egokitzeaz gain, aterpetxeak martxan jartzea zen asmoa”. Gaiarekin lotuta, duela bi urte bilera baterako deia jaso zuen Andoaingo Udalak eta pixkanaka herrian aterpetxea egokitzeko asmoari eutsi zioten. Bide instituzionalaz gain, euren bideari ere jarraitu zioten Andoaingo Udaleko langileek, “azken urteetan proiektu ezberdinak jarri ditugu martxan: Leitzaran Bisitarien etxea, Otitako gunea… Azken batean, herrian dauzkagun baliabideei etekina ateratzen saiatzen gara”, azaldu du Manuk. “Udaleko departamendu guztiok informazio gunea ere badaukagu eta azken urte hauetan, Santiago Bideko erromesak informazio nahiz ostatu bila gero eta gehiago etortzen zirela jabetuta geunden. Duela hiruzpalau urte pentsatu genuen lehenengo aldiz zer edo zer egitea, eta aurten, alkateak ere hala eskatuta, hezurmamitu egin da asmoa”. Andoaingo hainbat Udal ordezkari eta langilek Zarautzen duela bi urte martxan jarri zuten aterpetxea ezagutu eta hartan oinarrituta ekin zioten Andoaingo egoitza egokitzeari.

Bederatzi ohe guztira
Gabriel Aresti kaleko eskola zaharren egoitza berritu eta txukundu ondoren, bederatzi ohe, mahaiak, aulkiak, komuna, dutxa nahiz berogailua jarri dituzte erromesei zuzenduta. “12000 euro inguruko kostua izan du eskola zaharberritu eta materialez hornitzeak. Oso aterpetxe sinplea izan arren, bere helburua ondo betetzen du”, Tokiko Garapenerako agentearen hitzetan. Uztailaren 22tik aurrera bertan gaua igaro duten erromesentzat ere aterpetxe erosoa eta ondo egokitutakoa da; sarreran dagoen koadernoan idatzita utzi dutenez. Inguruko erromesez gain, frantziarrak nahiz alemaniarrak ere igaro dira bertatik.
Aterpetxearen erabilera erromesei zuzendua izango da soilik, baina asmo gehiago badituztela jakinarazi du Manuk. “Udaberrian zabaldu eta iraila edo urria bitartean egongo da zabalik. Aterpetxe funtzioaz gain Santiago Bidearekin lotutako beste hainbat ekintza gauzatzeko erabilera ere eman nahi diogu eraikinari. Esaterako, aurrera begira, bidearen inguruko hitzaldiak edota bestelako ekintzak burutzeko asmoa dugu bertan”.

Aterpetxeko giltzak, Udaltzaingoan
Erromesa aterpetxera iristen denean, irudi grafikoen bidez, atean bertan ikusiko du giltzak jasotzeko zein pauso eman behar dituen. “Modu egokia eta praktikoa bilatzen saiatu gara. Giltzak udaltzainek dituzte eta bertara joan behar du erromesak haien bila. Giltza ematerakoan erromesaren hainbat datu jasoko du udaltzainak, gerora estatistikak egiteko erabiliko direnak. Aterpetxeko ateko papertxoan, beraz, marrazkiez gain, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez nahiz alemaneraz azaltzen da erromesak giltza jaso ahal izateko bidea, udaletxea non kokatzen den argi azalduz”.
Dagoeneko lehen pausoak eman dituzte eta sortzen diren beharren arabera, zerbitzua hobetzeko asmoa dute Udaleko kideek. Asmo gehiago ere badituzte Manuk aipatu duenez. “Aurrerantzean jatetxe eta tabernekin elkarlanean, erromesei zuzendutako menua jartzea gustatuko litzaiguke; ohikoa baino merkexeagoa dena. Era berean, aurtengo San Juan jaietan egin den bezala, bidearekin lotutako kultur ekintzak kalera atera nahiko genituzke”.

ANDOAINDARRAK ATERPETXEAREN ZAINDARI
Andoaingo Santiago Bideko Lagunen elkarteko kideak arduratzen dira aterpetxea kudeatzeaz. Besteak beste, Pako Arnaiz, Felix Ramirez de Alda, Inazio Telleria eta Migel Angel Alkorta andoaindarrak.

Zein da zuen eginbeharra aterpetxearen inguruan?
Felix Ramirez: Egunero gerturatu eta erromesekin hitz egiteaz gain, bideen edo beste beharren baten inguruko informazioa eman eta aterpetxea txukun mantentzen saiatzen gara. Ostegunero 18:00etatik 19:30etara bertan egoten gara eta Santio bidea egin behar duenari kredentziala egiteaz gain, informazioa ere ematen dugu. Oro har, bidea egin behar duen gehiengoa Donostiako bulegora joaten da kredentzial bila, baina guk ere eskaintzen dugu aukera hori.
Pako Arnaiz: Goizeko 08:00ak aldera eta iluntzeetan egunero egiten dugu buelta, beharrik ba ote den ikusteko.
F.R.:
Joan-etorri handia izaten den aterpetxeetan, kostaldekoetan esaterako, pertsona bat bertan egoten da egun osoz. Hemen, oraingoz behintzat hainbesteko jende pilarik etortzen ez denez, ez dago halako beharrik. Ikusiko da aurrerantzean. Gero eta aukera gehiago, gero eta jende gehiago animatzen baita.

Santioago Bidearen zein etapatan kokatzen da Andoain? Nondik etortzen dira erromesak?
P.A.:
Santioago Bideak kostaldeko eta barrualdeko bideak ditu. Kostaldekoan askoz ere jende gehiago ibiltzen da, baina barrualdeko jende kopurua ere gorantz doa pixkanaka. Andoain barrualdeko bidearen bigarren etapan ageri da liburuxketan. Irundik Hernanira izango litzateke lehen etapa, Hernanitik Tolosara bigarrena (Andoain zeharkatuz) eta handik pixkanaka Argantzon eta Miranda de Ebrora, zazpi txangotan.
F.R.: Liburuxketako informazioa lagungarria izaten da, baina ez dago beti hala egin beharrik. Bakoitzak bere erara antola dezake ibilbidea. Erromes askok eurentzako aterpetxeak dauden herrien arabera antolatzen dute bidea. Barrualdeko bidean, esaterako, Irunen eta Andoainen daude doako aterpetxeak. Beste herri batzuetan kiroldegiko gelak uzten dizkiete. Gainerakoan ostatua ordaindu egin behar izaten da.

Zer nolako irakurketa egiten duzue lehen hilabeteaz?
F.R.:
Baikorra oso. Erromesek ez ezik herritarrek ere oso harrera ona egin digute. Lerro hauen bidez, aterpetxea oraindik ezagutzen ez dutenei gerturatzeko gonbitea egin nahi diegu. Hantxe aurkituko gaituzte ostegun arratsaldetan.
P.A.: Aterpetxea nahiz ingurua ondo mantentzen saiatzen gara. Orain gutxi Santioago Bideko geziak nahiz aterpetxerako bidea hobeto margotu ditugu, inor gal ez dadin.

Zuek ere Santioago Bidea egina izango duzue…
P.A.:
Behin baino gehiagotan egin izan dugu, zatika.
F.R.: Gure kabuz ez ezik, Gipuzkoako Santiago Bide Lagunen elkarteko kide garenez, asteburu askotan taldekideak elkartu eta txangoak egiten ditugu batera edo bestera. Ondo etortzen da bide berriak ikasteko ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!