Maialen Azkue hamabost hilabetez Argentinan barrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 2a, 11:05

Argentinako La Plata unibertsitatean euskara irakastera joan zen Maialen Azkue gazte zizurkildarra iaz. Bederatzi hilabetez lanean aritu ondoren, Argentina eta Boliviako hainbat txoko ezagutzeko tartea hartu zuen. Ekainean itzuli zen etxera.

Noiz eta nola sortu zen Argentinara joateko aukera?
Duela bi urte, Argentinako La Plata Unibertsitatea eta Kultura Sailaren arteko hitzarmena sinatu zuten, euskarako irakasleak kontratatzeko. Hitzarmenaren berri izan bezain laster kurrikuluma bidaltzea erabaki nuen. Hara joan baino hiru hilabete lehenago jakin nuen aukeratu egin nidutela.

Gogoan al dituzu Argentinan igarotako lehen egunak?
Gauza gutxi lotuta joan nintzen hemendik hara. Lan kontratua banuen, baina etxebizitzarik eta horrelakorik ez. Buenos Airesera iritsi eta taxi bat hartu nuen La Platara joateko. Nazioarteko harremanetarako bulego bat dago unibertsitatean eta han lagundu zidaten lehendabiziko bi gauak pasatzeko tokia bilatzen. La Platako erdialdean apartamendu txiki bat bilatu eta bertan pasa nituen lehendabiziko bost hilabeteak. Ikasturteko gainerako hilabeteak, etxe handi batean igaro nituen. Hemezortzi pertsonek partekatzen genuen etxe hura eta oso esperientzia aberasgarria izan zen. Gainerako etxekide gehienak ikasleak ziren, baina han ikasle bizitza hogeita hamar urte arte luzatzen da, gutxi gorabehera. Unibertsitate publikoa guztiz doakoa da eta jendeak lasaitasun handiz hartzen ditu ikasketak. Karrera batetik bestera pasatzen dira eta ez dute amaitzeko presa handirik izaten. Horrez gain, ikasketa maila altua omen dute Argentinako unibertsitateek. Hara joandako sei ikasle euskaldun ezagutu nituen eta guztiek azpimarratzen zuten oso maila altua zegoela.

Espero zenuen bezalakoa al da Argentina?
Egia esan, ideia jakinik gabe joan nintzen hara. Bidaiaz gehien azpimarratu nahi izaten dudana, bertako jendearekin izandako harremana da. Oso jende ona topatu dut eta ez dut batere esperientzia txarrik bizitu beharrik izan. Ezagututako jendearen artean, Chascomus herriko Euskal Etxekoekin sortutako harremana benetan berezia izan da. Ni ez nintzen Argentinara joan diasporako jendea nola bizi den ikusteko interes bereziz, baina haiek ezagutu nituenean, harrapatuta geratu nintzen. Haiek ziren nire familia, nire koadrila… Euskal Etxean guztiz murgilduta ibili nintzen. Oso modu berezian bizi dute euskalduntasuna.

Euskara irakasten aritu zara bederatzi hilabetez. Nolako esperientzia izan da?
Oso esperientzia polita. Hasiera guztietan bezala, ez zen erraza izan martxa hartzea. Hemen ere ez nuen esperientzia handiegirik euskara irakasle gisa eta hara iristean, beldur pixka bat ematen zidan nola moldatuko ote nintzen. Material gehiegi ere ez genuen eta ikasle askok ez zuen euskararekiko batere erreferentziarik. Klaseak martxan jarrita ordea, berehala uxatu zitzaizkidan beldurrak. Ikasleek berebiziko jakin-mina zuten eta interes handiz jarraitzen zituzten azalpenak. Esango nuke, nire ikasleen %75ak arbaso euskaldunak zituztela; batzuek oso gertuko arbasoak, besteek urrutiagokoak. Euskal kultura, hizkuntza, politika, historia, folklorea…, denetik jakin nahi zuten eta gogo handiz etortzen ziren klasera. Horrek indar handia ematen zidan. Astean hiru klase izaten genituen eta beti bi zatitan banatzen genituen saioak, hizkuntza lehendabizi eta kultura ondoren. Hogeita hamar ikasle izan nituen, mailaren araberako bi taldetan banatuta. Aurten, laurogei pertsona animatu omen da euskara ikastera. Horrek poza ematen du. Hendaiako gazte bat joan da ikasturte honetan irakasle lanak egitera.

Klaseak amaituta, bidaiatzeko aukera baliatu zenuen…
Behin haraino joanda, aprobetxatzea erabaki nuen. Lanean irabazitako xoxak amaitu arte luzatu nuen bidaia. Gabonetako oporrak aprobetxatu nituen lehendabiziko bidaia egiteko. Patagonia hegoaldea bisitatu nuen bertako lagun batzuekin. Martxoa arte ibili nintzen Patagonia inguruan eta ondoren, Argentinako iparraldera, Salta-ra, Jujuy-ra eta Boliviara joan nintzen.

Zer aurkitu zenuen bidaia horietan?
Patagoniaz guztiz maiteminduta itzuli nintzen. Bertako jendearekin ibiltzeko aukera izan nuen eta horrek txoko asko ezagutzeko parada eman zidan. Bakarrik joan izan banintz ez nituen inoiz ere bisitatuko toki haiek. Patagoniako ekialdea izugarri polita da. Rio Negro eta beste hainbat tokik, puntu turistikoetatik kanpo egonagatik, bisitaldia merezi dute. Gabonetan uda da Patagonian eta hondartza bereziak ezagutzeko aukera izan nuen; jenderik ez, hordartza zabalak eta pinguinoak, orkak eta fokak begien aurrean. Oso aberasgarria izan zen. Guztira, bost joan etorri egin nituen La Platatik Patagoniara, gehienak autobusez. Horrek 25 orduko autobus bidaiak egitea suposatzen zuen, baina merezi zuen.
Lagunekin ez ezik, bakar-bakarrik bidaiatzeko tarterik ere hartu nuen. Asko gustatzen zait bidaiatzea, baina sekula ez nintzen ni bakarrik abiatu. Jende asko ezagutzeko aukera eman zidan bidaiatzeko modu horrek. Oso aberasgarria izan zen.

Bertako kultura ezagutzeko aukera ere izan zenuen…
Argentinara joan nintzen momentutik, herrialdearen iparraldera joateko gogoa piztu zitzaidan. Hantxe daude bertako indigenen herriak eta ezagutzeko irrikaz nengoen. Oso ondo mantentzen dituzte euren ohiturak eta hizkuntza. Guarania hitz egiten dute gehienek eta bi etnia nagusi daude: tobak eta wichiak. Pozgarria da euren izaera nola gordetzen duten ikustea.

Boliviara ere joan zinen…
Argentinako iparraldeko biztanleekin antzekotasun handiak dituzte Boliviakoek. Oso herrialde aberatsa da, bai kultura aldetik baita jende aldetik ere. Lanbidez, nekazariak eta meatzariak dira gehienak. Lurrari oso lotuta bizi dira eta globalizazioa hara iritsi bada ere, ondo mantentzen dituzte euren ohiturak. Quechua eta guarania hitz egiten dute eta hizkuntza aldaketa horrek zailagoa egiten zuen haiekin harremana egitea. Oso jende ona eta umila da.  

Euskal Herritik ere zenbait bisita jaso zenuen Argentinan zinen bitartean…
Koadrilako lagunak joan zitzaizkidan eta haiekin ere bidaiatzeko tartetxo bat hartu nuen. Brasilgo muga inguruan ibili ginen eta egun bat edo beste ere pasa genuen mugatik bestaldera.
Gurasoen bisita ere izan nuen. Argentinara joan aurretik, aitaren enkargu berezia jaso nuen. Ordurako, Pello Mari Otaño zenaren heriotzaren urteurreneko ekitaldiak prestatzen hasia zegoen lan taldea Zizurkilen. Argentinako egonaldian, Otañoren senitartekoren bat bilatzeko eskatu zidan aitak. Biloba batekin hitz egiteko aukera izan, eta aitarekin harremanetan jarri nuen. Gurasoak bisitan etorri zirenean, Otañoren biloba harekin biltzeko aprobetxatu zuten. Ondoren, elkarrekin joan ginen Patagoniara.

Argentinan egindako lagunekin harremana izaten jarraitzen al duzu?
Bai, eta urte askotan hala izango dela espero dut. Lagun handiak egin ditut. Dagoeneko haietako batzuk etorri dira gure etxera, bisitan. Bihotzez eskertzen diet han egin zidaten harrera goxoa, bereziki Chascomuseko Euskal Etxeko kideei.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!