Oporraldiaren aurreko azken aldizkarian Asteasuko haurreskolako hainbat guraso eta hezitzailek sabaiaren erorieraren inguruan euren iritzia azaldu zuten. Hauxe Asteasuko Udal Gobernu Batzordearen erantzuna.
Martxoaren 26a haize handiko eguna zen eta haurreskola kokatuta dagoen Elizmendi auzoan haizete handia zegoen.
Goizeko 10:00ak zirenean sabaiaren %20 a lurrera erori zen, baino ez hezitzaileek esaten duten modura “leiho bat ireki eta sabaia erori egin zen goitik behera”, baizik eta haizete handia egonda zaintzaileek bi edo hiru leiho irekita zituztelako. Elizmendin haize handia zebilen goiz horretan eta bi edo hiru leiho irekita edukitzea arduragabekeria handia izan zen zaintzaileen partetik. Leiho batekin ez da sabaia erortzen erori zen moduan.
Gertakaria izan eta deitu bezain laster gerturatu ginen Udaleko kideak eta teknikariak. Berehala hartu ziren neurriak haurreskolan gertatutakoa argitzeko, haurreskola zerbitzuarekin jarraitzeko eta haurreskolako kaltea konpontzeko. Era berean, hezitzaileei jakinarazi zitzaien bilera bat egingo zela hezitzaile eta haurreskolako haurren gurasoekin.
Martxoaren 31n egin zen bilera Asteasuko udaletxera bertaratu ziren guraso eta hezitzaileekin. Udalaren aldetik alkatea eta Udal aparejadorea egon ziren. Bertan Udalak sabaiaren argazkiak erakutsi zizkien bildutakoei, sabaiaren % 20a erortzearen zergatia informatu eta haurreskolan beharrezko konponketak eta segurtasun neurriak hartu zirela jakinarazi zen. Haizete handiarekinn leihoak irekitzeak agerian utzi zuen sabaiaren %20an ezkutuko akatsa zegoela. Bilera horretan sabaia jarri zutenekin, gurasoekin eta hezitzaileekin bigarren bilera bat egiteko gelditu ginen.
Aste batzuk igaro ondoren bigarren bilera egin zen udaletxean, Udala, gurasoak, hezitzaileak, partzuergoko ordezkaria eta sabaia jarri zuten enpresako kideen artean. Bilera horretan, espreski parte hartu zuten sabaia jarri zuen enpresako bi arduradunek. Gipuzkoako ingenieritza honek 25 urteko esperientzia du eskoletan, bulegoetan edota toki publikoetan sabaia jartzen.
Bigarren bilera horretan bildutakoei enpresako bi arduradunek sabaia jartzeko modu jakin batzuek dituztela eta toki guztietan beraien irizpide teknikoen arabera jartzen dituztela adierazi zieten. Beste modu batean kolokatzeko agindurik jasotzen badute agindua idatziz eskatzen dutela eta hala jasotzen dutela beraien obra espedientean gaineratu zuten. Jarraian bildutakoei adierazi zieten Asteasuko haurreskolaren kasuan ez zutela inongo agindurik jaso; ez Udaleko kideena eta ez Udal teknikoena ingenieritza enpresaren ohiko moduan ez jartzeko eta %20a gaizki jarri izanaren ardura soilik beraiena zela aitortu zuten, bertaratuei barkamena eskatuz. Beraien langile baten akatsa izan zela, alegia. Baina informazio garrantzitsu horiek ez dira Aiurrin argitaratu.
Asteasuko haurreskola aurrenekotakoa izan zen irekitzen. Asteasuko Udalak obra burutzeko proiektu bat egin zuen eta hezkuntza sailak gainbegiratu ondoren oneritzia eman zion. Obrak burutzeko ere arduratsu jokatu zuen. Udalak Igeltseritza obrak egiteko eskualdeko enpresa arduratsu bat hartu zuen eta sabaia jartzeko 25 urteko esperientzia duen ingenieritza enpresa bat. Urte hauetan beharrezko ikusi diren hobekuntzak ere egin ditu Udalak. Herritarrei zerbitzu hobea emateko Asteasuko Udala haurreskola berriaren obrak burutzen ari da eta sei hilabete inguru eraikin berrian izango da haurreskola zerbitzua.
Laburbilduz haizete handia, hezitzaileen arduragabekeria eta sabaiaren %20an akatsa egotearen ondorioz erori zen sabaiaren %20a lurrera. Zorionez ez zen ezer gertatu.
Amaitzeko Asteasuko Udalak txalotu egiten du gertakari tamalgarri honen aurrean gurasoen gehiengo zabalak izan duen jarrera gertatutakoa ulertzeko eta gauzak bere tokitik ez ateratzeko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!