Mikel Ayestaran, zortzi hilabete eta gero aske

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko ira. 2a, 10:57

Segiren aurkako auziaren baitan, iragan azaroan atxilotu zuten Mikel Ayestaran herritarra. Zortzi hilabete Navalcarneroko espetxean preso egon ondoren, uztailaren amaieran fidantzapean aske geratu zen.

Zer moduz aurkitzen zara?
Ari gara pixkanaka lurreratzen. Sorpresaz geratu naiz aske. Sartzen gaituzten modu beran kaleratzen gaituzte; egun batetik bestera, espero gabean. Egia esan, uda pasa arte behintzat ez nuen uste ezer ere mugituko zenik. Ez neukan esperantza handirik, han barruan esperantza edukitzea txarra baita. Santio jaietarako iritsi nintzen herrira, eguna guztiz antolatuta edukitzetik, askatasunera. Lehen egunak estres handikoak izan ziren, baina oso pozgarria izan zen niretzat eta ingurukoentzat. Iaztik arantza sartuta nuen barruan, anaiaren heriotzaren egunean Uruguaiera joana bainintzen brigadista moduan. Aurten, arantzak barruan jarraituko zuela uste nuen, baina ustekabean, urteurrenerako kalean nintzen.

Mikel Garmendia laguna eta biok bateratsu geratu zarete aske…
Hilabete eta erdiko tartearekin. Mikel eta biok oso lagunak gara, koadrilakoak, txikitatik eskolan batera ibilitakoak. Pozgarria izan da, dena txarra ere ez du izan beharko herri honetan. Iazko urtea eta gero, edozer gauza…

Segiren aurkako auziaren baitan atxilotu zintuzten. Zertan da auzi hori egun?
34 gazte atxilotu gintuzten batera, eta euroagindu bidez beste zortzi; 42 guztira. Auzi horren baitako lau lagun soilik askatu gaituzte. Prozesu berria ireki denean, argi ikusi da gazteriaren bidea errotik moztu nahi izan dutela. Orain artean oso gutxi geratu gara aske, baina beti bezala, horren berri ez da komunikabide handietan eman. Segiko kide izatea leporatu ziguten, beste ezer gabe. Frogarik ez izanagatik, ordea, kondenatu egin gintuzten. Horrelako kontuak bizitzea beti besteen etxeetan gertatzen zela iruditzen zitzaidan lehen, baina gure etxean ere tokatu zaigu. Gatazkaren islada da.

Nolakoa izan da Navalcarneroko eguneroko bizimodua?
Ni bigarren graduan egon naiz eta goiz nahiz arratsaldez atera nintekeen patiora. Goizean gosaldu eta gero, eskolara, patiora edo tailerrera joaten ginen. Kiroldegira joateko aukera ere izan dugu, astean lautan. Espetxean eguna antolatu egin behar da. Irakurri eta kirol asko egin dut, burua nahiz gorputza lasaitu eta estresa botatzeko. Egonean egonda, gehiegi pentsatzen da. Bi hilabetez behin moduluz eta kidez aldatzen gintuzten Navalcarneron. Gogorra egiten zen ingurura ohitu eta aldatzea, baina era berean, espetxeko jende gehiago ezagutzeko aukera ere bazen, bere alde positibo eta negatiboekin. Espetxean kideak dira babesa ematen dizutenak. Bestalde, astero nituen 40 minutuko bisitak lokutoriotik. Hilean behin familia artekoa eta sei hilabetez behin bikotearena. Nire kasuan bakarra izan da, zortez.

Fidantzapean askatu zintuzten, epaiketaren zain…
Oraingoz prozesamendu autoaren zain gaude. Epaiketa pare bat urtez luzatuko dela uste dugu. Epaiketa hor dago eta beti ematen du errespetoa. Baina ezin da epaiketari begira egon; bestela ez baitzara bizitzen. Ahalik eta lasaien hartu behar da. Era berean, fidantza oso altuak jartzen dituzte. Nirea 18000 eurokoa zen, Mikel Garmendiarena 15000 eurokoa. Gero berreskuratu arren, diru kopuru altua da hori.

Nola ikusten duzu etorkizun politikoa?
Oraindik ez naiz gai horretan gehiegi kokatu, baina nire ustez mantso eman beharreko pausoak dira. Azkar egiten den bidea berahala erortzen baita. 50 urtetik gaur egunerako gatazka ez dugu urtebetean konponduko. Min asko dago alde guztietan eta pixkanaka egin behar da aurrera.

Zein asmo duzu aurrera begira?
Topografia ikasi nuen Valentzian eta atxilotu ninduten egunean jaso behar nuen proiektua enkoadernatuta. Ezin izan nuen orduan lana aurkeztu baina, orain, irailean aurkeztuko dut. Iaz Gasteizko unibertsitatean topografiako eskolak ematen aritu nintzen, oso gustura. Berriz ere lana topatzeko gogoa daukat, bizimodua antolatzeko erraztasuna ematen baitu. Topografiarekin, ordea, ez da erraza. Ikusiko dugu…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!