Osasuna eta ingurugiroa zaintzeko ekimena

Irailaren erdialdera Mugikortasun Astea ospatuko da Tolosaldean. Ekimen horren baitan antolatu da Adunan erregaia aurreztuz gidatzeko ikastaroa. Iaz ere, bertan egin zen ikastaro hori eta izandako arrakastari erantzunez, berriz antolatzeko erabakia hartu dute.

Datozen asteotan, Aitor Gonzalez gazteak izango du Adunako Udaleko ingurumen teknikari lanak egiteko ardura eta hark eman ditu Mugikortasun Astearen inguruko azalpenak: “Aurtengo Mugikortasun Asteak ingurugiroaz gain, osasuna zaintzearen garrantzia azpimarratu nahi du. Adimenez mugituz, kutsadura gutxiago sortzeaz gain, norberaren osasunerako hobekuntzak lor daitezkeela erakutsi nahi dugu. Adunako ekintzen artean, erregai gutxiago kontsumituz gidatzeko ikastaroa izango da ekimeneko nagusiena. Kasu honetan, autoa hartzea ezinbestekoa denetan, modu iraunkorragoan egiten ikastea da helburu nagusia”.

Teoria eta praktika
Irailaren 22an, arratsaldez egingo da ikastaroa. Izena ematen dutenek, erregai gutxiago kontsumitu ahal izateko zenbait argibide jasoko dute. “Autoarekin itzuli bat egingo dute herrian barrena, norberak ohi duen bezala gidatuz. Itzuleran, azalpen teorikoak jasoko dituzte udaletxearen azpialdean eta ondoren, errepidera itzuliko dira, ikasitakoa praktikan jarriz, erregaia aurrezten dela euren begiekin ikusteko”.
Adunako alkate den Arantza Aburuzaren hitzetan, “aurten Udaleko zenbait langilek ere egingo du ikastaroa. Modu horretan guk ere energia aurreztearen aldeko apustua egin nahi dugu. Iaz erantzun polita izan zuen ikastaroak, adunarrez gain, kanpoko jendea ere hurbildu zen eta aurten, berriro ere aukera hori emateko erabakia hartu dugu”, gaineratu du.
Guztiz doakoa da ikastaroa eta izena emateko epea irailaren 10ean amaituko da. Interesatuek, Adunako udaletxera gerturatu edota aduna@udal.gipuzkoa.net helbidera idatzi beharko dute izen- abizenak eta harremanetarako telefono zenbakia zehaztuz. Bharrezko baldintza bakarra 18 urte beteta edukitzea eta autoak gidatzeko gaidabaimena izatea da.

Bide-hezkuntza eskolan
Mugikortasun Astearen barnean, ekintza bereziak izango dituzte Adunako eskolan ere. Irailaren 16tik 22ra, bide-hezkuntzako materiala banatuko zaie ikasleei, jokabide egokiak zehaztu eta barneratu ditzaten.
Adunan egingo diren ekitaldiez gain, eskualdean ere beste hainbat ekitaldi egingo da Mugikortasun Astearen inguruan. Batetik, mugikortasun iraunkorrarekin zerikusia duten gauzekin bigarren eskuko azoka egingo da irailaren 18an, Amasa-Villabonan eta irailaren 19an, bizikleta bira egingo da. Asteasutik Anoetarako bidea osatuko du talde batek eta Ikaztegietatik Anoetarakoa beste talde batek. Helmuga puntuan hamaiketakoa egingo dute parte hartzaile guztiek. Ez da beharrezkoa izango aurrez izena ematea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!