Legealdi iluna Villabonako udaletxean
2007ko maiatzeko hauteskundeetan ANV-EAEko Amasa-Villabonako taldeak hauteskundeak irabazita, Maixabel Arrieta alkatearekin batera bost zinegotzik osatu zuten Udal taldea. Horietatik bi zinegotzi gazte zendu dira urtebeteko epean. Joan zen uztailean Villabonako jaietan hil zen Remi Ayestaran eta gaur eguerdian Josune Arretxe. Neska-mutil prestua, langilea, herrian eta herritarren artean pisu handia zutena bata zein bestea.
Josune gogoan, udaletxean ikurriña zintzilikaturik dago, zapi beltzak bere heriotzak sortutako mina agerian uzten duelarik.
Villabonako Udalaren prentsa oharra
Beste behin, bihotza minez utzi digun mezua jaso dugu Villabonako ezker abertzaleko ordezkariok. Urtebeteren buruan Udal korporazioko bi kide galdu ditugu, ezker abertzalearen ekarpen politikoan zeresan handia zuten biek.
Villabonako Udalean ezker abertzalearen korporazioa osatzen dugun kideok, doluminak agertu nahi dizkiogu, Josuneren senar, Haritzi, bai eta bere guraso Ixiar eta Jesus eta bere anaia Arkaitz eta Mikeli. Une gogor eta latz hauetan Villabonako ezker abertzalea osatzen dugun gizon eta emakume guztiok Arretxe Zugarramurdi familiaren ondo-ondoan gaude.
Josunek, Amasa eta Villabonaren eremuan, nahiz Euskal Herriaren askatasunaren alde erakutsi duen eskuzabaltasunak ez du mugarik izan. Bere osasunarekin borroka luzea egin du azken urte honetan. Emakume zoragarria inolako ezbairik gabe, ohore izugarria haren alboan politika egitea. Bere azken hitzak, publikoan, uztailaren 31n egin zituen Remi Ayestaran definitzeko 15 hitzekin, villabonatar guztiak malkotan utzi gintuen.
Ez adiorik Josune. Maite zaituztegu.
Villabonako Udala, ezker abertzaleko korporazio kideak.
Mila esker, Josune
Aiurri aldizkariarekin beti erakutsi izan du borondate ona. Deitu izan diogun bakoitzean laguntzeko jarrera erakutsi du eta bereziki, bihotz-bihotzetik eskertzen diogu gaixorik egon den azken hilabeteotan ere egin duen ahalegina Amasako gaien berri emanaz. Esaterako, iragan berri den uztailean bere bi anaiek eta hirugarren amasar batek Amasatik Hiru Erregeen Mahaira oinez egindako txangoaren kronika bidali zuen, webgune honetan bertan argitaratu zena. Mila esker, Josune. Neska indartsua zinen, arduratsua. Lan egiteko moduan ez ezik, gaixotasunari aurre egiten ere berebiziko indarra eta adorea erakutsi zenuen. Besarkada bana Haritzi eta senideei.