Sorabillak hartu du jaien lekukoa Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abu. 31a, 14:30

Denen gogora egindako egitaraua prestatu du auzotarrek osatutako festa batzordeak. Jose Luis Barberena Andoaingo Txirrindulari eskolako kideak jasoko du Sorabillako auzotarrek Andoaingo herritar edo talde bati urtero eskaintzen dioten omenaldia. Barberenak Juantxo Arregiren lekukoa hartuko du omenduen zerrendan.

Irailaren 3tk 8ra. Egitarau osoa:

Jose Luis Barberenari gorazarre egiteko arrazoien artean, dagoeneko hogeita bost urte bete zituen Txirrindulari eskolaren arima eta gidaria izatea aipatzen dute. Horrez gain, zera diote, “Barberenak maisutasunez transmititzen ditu afizionatu mailan edozein taldeko kirol jardueratan premiazkoak diren balioak: diziplina, batasuna eta giro ona, alegia”.
Jaiari hasiera txupinazoak eta karpa jendez lepo betetzen duen zikiroak emango diote. Los Rubi taldearen dantzaldiarekin eta txokolate jatearekin jai giroa goizaldera arte luzatuko da.

Haurra, larunbateko protagonista nagusia
Haurrari begira prestatu dira larunbateko ekitaldi gehienak. Belkoaingo mendi krosaren ostean, makina bat haur jolasen txanda izango da; eta arratsaldean, berriz, asto paseoa, puzgarri eta haur parkearekin gozatu ahal izango dute txikienek. Jaia amaitzeko, Hipo eta Tomax pailasoen Herri Kirolak izeneko emanaldia dago iragarrita. Ondoren, adin guztientzat pentsatutako sardina jatea, koadrilen afaria eta dantzaldia izango dira.
Eskopeteroen tiro hotsek eta Aupa Sorabilla txarangaren musika doinuek jai giroa ekarriko dute Sorabillara, igande goizetik. Meza nagusia bukatu bezain pronto, Barberenari egingo dioten omenaldi-ekitaldia ospatuko da.
Artzain txakurren lehiaketarekin hasiko da arratsaldeko egitaraua; Sorabillako zelaietan txapela lortzea zer den badakiten Mikel Egurenek eta Labrit bere zakur bizkorrak hartuko dute parte, besteak beste. Sari banaketaren ostean, Herri Kantu taldeak euskal kantuak eskainiko ditu sagardo dastaketa burutzen den bitartean.
Irailaren 8an, azkenik, Andre Maria Birjinaren eguna ospatuko da; Alberto Agirre abesbatzak ohikoa den meza nagusian abestuko du. Ondoren, hamaiketakoa eskainiko zaie auzoko adin nagusikoei. Eta amaitzeko, toka txapelketa.

 

SORABILLAKO JAIAK 2010. EGITARAUA:

Irailak 3, ostirala

20:00 Txupinazoa, suziria eta kanpai errepika.
21:30 Zikiro jatea (karpan). Menua: txerrikiak, zikiroa, izozkia, kafea, txola eta txokola (22 euro). Menu berezia: fritoak, kirioa eta izozkia (12 euro). Ondoren, dantzaldia Los Rubi taldearekin.
02:00 Txokolate beroa.

Irailak 4, larunbata
10:00 Belkoaingo mendi krosa. Belkoaingo gainara igo eta jeitsi, 8,5 kilometroko ibilbidea eginez. 6 euro. Sariak hiru lehenengoentzat eta hamaiketakoa korrikalari guztientzat.  
11:00 Haur jolasak: lasterketa, lokotxa biltzea, zaku lasterketa, pitxerrak... Sariak partaide guztientzat.
17:00 Haur parkea, puzgarriak, astoak...
18:00 Hipo eta Tomax pailasoak, “Herri Kirolak” ikuskizunarekin.
20:00 Sardina jatea.
21:30 Koadrilen afaria.
22:00 Dantzaldia karpan.

Irailak 5, igandea
10:00 Diana eskopeteroen konpainia eta Aupa Sorabilla txarangarekin.
11:00 Meza Nagusia.
12:15 Omenaldi herrikoia. Jose Luis Barberena Andoaingo Txirrindulari Eskolako bultzatzaileari eskainia.
12:30 Hamaiketako herrikoia.
17:00 Ardi Txakur lehiaketa. Mikel Eguren Labrit zakurrarekin (Andoain), Jose Ramon Orbegozo Mendi zakurrarekin (Arantzazu), Jose Luis Saizar Rex zakurrarekin (Zarauz), Mikel Garaiar Mendi zakurrarekin (Narrondo), Jose Antonio Arrillaga Txiki zakurrarekin (Eibar) eta Jose Antonio Ormazabal Alai zakurarrekin (Gaintza).
19:00 Sagardo dastaketa. Herri Kantu taldeak alaiturik.

Irailak 8, asteazkena
11:30 Meza Nagusia. Alberto Agirre abesbatzarekin.
12:15 Hamaiketakoa auzotarrentzat.
17:30 Toka txapelketa.
20:00 Jaien amaiera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!