Lamiategi bailaran joan zen martxoan hasi zituzten igerileku irekiak egiteko lanak. Uda amaitu aurretik bukatu eta zabaldu dituzte ateak. Haur, gaztetxo nahiz helduei zuzenduta, neurri eta sakonera ezberdineko bi igerilekuk osatzen dute aisialdi gune berriaren erdigunea. Inguruan belaze zabal eta leuna. Sarreran, berriz, jatekoa nahiz edatekoa eskaintzen duten taberna. Tabernaren kanpoaldea karpa edo toldoekin osatu dute, hala nahi duenak itzala izan dezan. Eta noski, aldagelak nahiz komunak ere baditu txoko berriak. Martxan da, beraz, udarako ezin egokiagoa den eskaintza. Igerilekuetara gerturatzeko biderik erosoena bidegorria da zalantzarik gabe, piszinen sarreran bertan amaitzen baita oinez nahiz bizikletaz ibiltzeko Zizurkildik abiatzen den bidea. Asteasuarrentzat eta eskualdeko gainerako herritarrentzat, beraz, kirol pixka bat egin ondoren bainu freskoa hartzeko aukera paregabea. Autoz joateko aukera egiten duenarentzat, berriz, kanpoaldean aparkalekua egokituko dute epe laburrean.
Eskaintza zabala
Zizurkilgo Olentzo jatetxeko sukaldeko arduradun diren Javi Penas eta Izaskun Gurrutxaga bikoteak hartu du aurtengoz igerilekuko tabernaren ardura. Beraiekin batera langile gehiagok ere egiten du lan tabernan, baita sarreran edota sorosle gisa ere. “Momentuz aurtengorako hartu dugu taberna, ikusi egin beharko da zer moduzko erantzuna izaten duen. Gu gustura hasi gara lanean, jendea igerilekura etortzeko gogo handiarekin nabari da eta oraindik erritmoa hartzen ari bagara ere, lan dezente egiten ari gara”, azaldu du Javik. Eskaintza zabala dute tabernan, “denetarik pixka bat eskaini behar da”, tabernari eta sukaldariak azaldu duenez: plater konbinatuak, pasta, entsaladak, hanburgesak, anoak, ogitartekoak, pintxoak… Eguraldi ona egiten duenean jende asko biltzen dela azaldu du, “eguraldi grisagoekin bakanen batzuk soilik ausartzen dira bainua hartzera”. Taberna goizeko 10:00etatik 22:30ak arte egoten da zabalik eta igerilekuaren ordutegia 11:00tatik 20:00ak bitartekoa da. Eguraldiak laguntzen badu behintzat, irailaren amaiera arte zabalik egongo dira igerilekua bezala taberna. Irailean hurrengo urtera arte itxi egingo dira bi zerbitzuak.
Sarrera doan herritarrentzat
Lehen hilabeteotan asteasuarrak zortedun dira: Igerilekurako sarrera doan izando baitute aurten, herritarrak direla erakutsita. Asteasutik kanpoko herritarrek sarrera ordaindu egin beharko dute: 5 euro helduek eta 3 euro umeek.
Asteasuarrak gustura daude gune berriarekin. Besteak beste, Gorka, Iker, Sara, Urko, Elene, Markel eta Oier gazteek oso pozik daudela adierazi dute eta udan bakarrik irekita egongo denez, ahal duten gehien aprobetxatu nahi dutela. “Igerilekuak ireki dituztenetik ia egunero etortzen gara egunpasa egitera eta eskolara hasi bitartean ahal dugun guztietan etorriko gara. Oso ondo geratu da, asko gustatzen zaigu guri”.