Miren Martiarenak ordezkatu du Iñaki Mendizabal San Marko mankomunitatean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abu. 13a, 01:26

2010.VII.16. Ezker Abertzaleari, Ezker Batuari eta Alternatibari San Marko mankomunitatean zuten gehiengoa kentzeko asmoa agertu zuten PSE-EEk eta EAJk, eta San Markon zuen ordezkaritza aldatzea proposatu zuten uztailean erresgistratutako mozio baten bidez. Gauzak horrela, gaur eguerdian burututako ez ohiko batzarraldian, espero bezala, Ezker Abertzaleko zinegotzi bat kendu (Iñaki Mendizabal), eta zinegotzi horren ordez EAJko bat jarri dute (Miren Martiarena) EAJ eta PSEren aldeko botoekin (13tik 7 boto) eta UDA, Ezker Abertzalea eta Herrigintzaren aurkako botoekin. Batzarraldian izan dira Hernani, Usurbil eta Oiartzungo alkateak (atez-ateko zabor bilketa martxan duten hiru herriak). 

Aldaketa honen ondorioz, ezker abertzaleak, Alternatibak eta EBk San Marko mankomunitatean zuten gehiengoa galdu egin dute. Izan ere, hori ez da azkenaldian izan den aldaketa bakarra. Uztailaren 8an Lasarte-Oriako udalbatzak Ricardo Ortega EBko zinegotziari San Markon zuen ordezkaritza kendu zion, PSE, EAJ, Hamaikabat eta PPren aldeko botoei esker. Martin Moreno PSEko zinegotziak hartu zuen Ortegaren lekukoa. Ortega San Markoko lehendakaria zen, eta kargu aldaketaren ondorioz, Imanol Azpiroz ordura arte mankomunitateko lehendakariordea dabil egunotan lehendakari karguan.

Hala, Ortega kargutik kenduta, begirada guztiak Odon Elorza Donostiako alkatearengana zuzendu zituzten EAJk eta H1ek, izan ere, Duñike Agirrezabalaga Alternatibako zinegotziari ordezkaritza kenduko balio errauste plantaren aldekoek hartuko luketelako Gipuzkoako mankomunitate handienaren gidaritza. Azkenean, Elorzari trantze hori ez pasarazteko moduko erabakia hartu du PSEk, Donostiako udal gobernua kinkan jarri gabe. Urnietan EAJrekin bat egin, eta Urnietako ordezkaritza aldatzea ahalbidetuko dute biek. EAJk berak eman zuen bi alderdiek lortutako akordioaren berri. «Modu honetara amaiera emango diogu San Markon bizitzen ari garen egoerari. Izan ere, Hiri Hondakinen Partzuergoko bazkide nagusia izan arren, erakunde horren ekimenen aurka ari zen», zehaztu du Maribel Vaquero EAJko Urnietako zinegotziak. Zabor kudeaketa paraleloa ezartzea eragotziko dutela uste du, eta horrela islatuta geratuko dela udal haustekundeen ondorioz Donostia aldean lortutako «benetako» korrelazio indarra.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!