Gipuzkoako Foru Aldundiak lau lerrotara zabalduko du Hernaniko saihesbidea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten hasiko ditu Hernaniko saihesbidea bikoizteko eraikitze lanak. hori da Urumeako autobia burutzeko falta dena, hartara Andoain eta Donostia arteko N-Ieko trafikoak beste bide bat izan dezan. Proiektuari esker, Hernaniko saihesbideak 4 lerro izango ditu (egun, 2) 2,4 kilometroan barrena. Aurrekontua 34 milioi euro izango da eta lanak egiteko 24 hilabeteko epea ezarri da.

Bikoizte hori gauzatuta, Urumeako autobidearen “puzzlea” osatuko da: 6 hiri saihesbide bata bestearen atzetik, bost herriri eragiten dietenak (Andoain, Urnieta, Hernani, Astigarraga eta Donostia). Une honetan, lanak burutzeko, bi muturrak falta dira: iparraldeko zatia, Donostiako erdialdera sartzekoa Zorroagako tunelean barrena; hegoaldeko zatia, N-I errepidearekin izango duen lotura Andoaingo saihesbidean barrena. Duela zenbait urte zabalik dagoen Hernaniko saihesbidea 4 lerrotara zabalduta, azken urratsa emango da Donostia-Andoain korridorea osatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!