Eguraldiak lagunduko ez balu…
Eguraldi txarra eginez gero, uztailaren 24ko pilota eta frontenis txapelketen finalak Bearzana pilotalekuan jokatuko lirateke. Era berean, uztailaren 24ko bazkari herrikoia, 25eko Euskal Jaia, 29ko apar festa eta 30eko koadrilen bazkaria Txermingo ikastola azpian egingo lirateke. Gainontzeko ekitaldi guztiak Olaederra kiroldegira lekualdatuko lirateke.
24ko herri bazkarirako izen-ematea
Aurreko urteetako arazoak saihestearren, uztailaren 24ko herri bazkarirako Udal bulegoetan koadrilen izena eta pertsona kopuruaren berri eman beharko da, uztailaren 19tik 23ra bitartean.
Herri krosa, uztailaren 25ean
Tradizio handia du urtero Santio egunean Zunbeltz elkartean antolatu ohi duen herri krosak. Aurten zenbaki borobila beteko du: XXXX. edizioa, hain zuzen. Izen-ematea uztailaren 25ean bertan egingo da, goizeko 10:00etatik aurrera Zunbeltz elkartean.
Euskal Jairako txartelak
Santio egunean Oinkari taldeak herriko elkarteen laguntzarekin bideratu ohi duen Euskal jai arrakastatsuaren baitan, aurten ere afaria egingo da gauean. Afarirako txartelak 25 euroren truke eros daitezke Amasa, Kixubi, Larrea, Labezain eta Ogi Goxo okindegietan, Shepherds garagardotegian, Iturrigoxo jatetxean, Iratzar, Erreka, Iru Aldeta, Itzalpe, Arnasa eta O’baba tabernetan, eta Garmendia harategian.
Txirrindulari lasterketa
Uztailaren 29an izango den txirrindulari lasterketarako izen-ematea
egun berean egingo da 15:15etatik aurrera Eroski parean. Antolatzaileek kaskoa eramatea beharrezkoa dela jakinarazi dute eta aurten ez dela sailkapenik egingo. Ondorioz, ez da saririk banatuko. Hala ere, urtero bezala,
parte hartzaile bakoitzak oroigarria jasoko du eta baita zozketarako zenbakia ere.
Patinen lasterketa
Arratzain irristaketa taldeak lasterketa herrikoia antolatu du lehen aldiz jaietan. 10:30etan haurren txanda izango da, 1.5 kilometroko ibilbidea burutzeko. 11:00tan helduak aterako dira 7 kilometroko bidea egitera. Irteera nahiz helmuga Eroski parean jarri dituzte antolatzaileek. Lasterketan parte hartzeko izen-ematea goizeko 10:00etan izango da irteera lekuan.
Koadrilen eguna, ostiralarekin
Uztailaren 30ean, urtero legez ostiralarekin izango da koadrilen egun handia. Etxeondoko bazkarirako izen ematea, uztailaren 21etik 28ra luzatuko da Udaleko bulego orokorrean 14:00ak arte. Zalantzazko eguraldia aterako balu, bazkariko kokalekua erabakitzeko bilera egingo litzateke egunean bertan 11:30etan udaletxeko arkupeetan. Bestalde, aulkiak eta mahaiak eguerdiko 13:00etan banatuko dira koadrilen izen-ematearen orden berean. Beraz, Etxeondo parkera ezingo da leku onenak hartzeko asmoz lehenago joan. Urtero bezala, Udaleko langileek zabor poltsak eta edukiontziak jarriko dituzte inguruan, bakoitzak bere zaborra dagokion lekura bota dezan. Komunak ere jarriko dira. Parkea guztiona denez, txukun mantentzeko saiatzeko eskatu du Udalak.
Bertsolariak, Arroako plazan
Uztailaren 30ean, gaueko 22:00etan bertsolarien txanda izango da Arroako plazan. Urtero legez Zunbeltz elkarteak antolatzen duen saioak badu berezitasunik aurtengoan. Bertsolari guztiak nahiz gai-jartzailea emakumeak izango baitira. Hauexek taula gainera igoko direnak: Onintza Enbeita, Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Ainhoa Agirreazaldegi, Estitxu Eizagirre eta Oihana Iguaran bertsolariak. Gai-jartzaile: Amaia Agirre.
Komun publikoak Errebote plazan
Errebote plazan, udaletxearen alboko komun publikoak egunez irekita egongo direla jakinarazi dute Udaleko kideek. Bestalde, jai egun guztietarako, komun kimikoak ere alokatu ditu Udalak eta Erreboteko plazan jarriko dituzte. Komunak behar bezala erabiltzeko eta kalea garbi mantentzen saiatzeko eskatu du Udalak.
Barrakak, haurren gozagarri
Herriaren sarreran, Txermingo kamioi aparkalekuan jarriko dira bereziki haur eta gaztetxoei zuzendutako barrakak. Aurten, barraketan ibiltzeko salneurria iazkoaren parekoa izango da. Saio bakoitza: 1.5 euro. (10 eurogatik 8 bidaia egin ahal izango da). Uztailaren 29a egun berezia izango da eta saio bakoitzeko euro bat ordaindu beharko da. (5 eurogatik 6 bidaia).
Arte eta eskulanen erakusketa
Villabonako pintura, egur taila eta eskulan tailerretan urtean zehar eginiko lanak ikusgai jarriko dituzte uztailaren 24tik 29ra Maiatzaren Lehena plazako aljibean. Ordutegia: 12:00-14:00 / 17:00-20:00. Uztailaren 29an 12:00-20:00.
Jaietako egitarauaren azaleko irabazlea
Jai batzordeko kideek hala erabakita, Andoni Mosqueira billabonatar gaztea izan da aurtengo Santiotako egitarauaren lehiaketako azalaren irabazlea. Bigarren lekuan Jesus Arevalo geratu da.