Santioak 2010: Kristina Aranzabe, Lain taldeko kidea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 21a, 13:04

Santio jaiak noiz iritsiko zain dago Kristina musikari eta abeslaria. Uztailaren 28ko kontzertuaz gain, beste hainbat ekintzatan parte hartzeko asmoa du.

Badatoz Santioak…, gogotsu?
Oso festazalea naiz eta gogo handia daukat Santio jaiak iristeko. Villabonako jaiak sakratuak dira niretzat. Ez dira jairik onenak izango, baina bai onenetarikoak.

Festa batzordetako bileretan parte hartu duzu. Zer moduz?
Lain taldeko kide bezala hartu dut parte, Javi Rivero taldekidearekin batera. Musika emanaldiei begira aritu gara, batik bat. Aurreko urteetan ere jai batzordeko kide izan nintzen, baina aurten, jende gehiago bildu garela esango nuke. Giro ona sumatu dut bileretan, jendea festetarako gogoz dago.

Lain taldeak kontzertua eskainiko du uztailaren 28an. Zer abestuko duzue?
Gazte egunaren baitan eskainiko dugu kontzertua. Arratsaldean zehar, urteroko poteo-kalejira egingo da Orkestra Nazional taldearekin eta gauean rock kontzertuak izango dira Esne Beltza, Sexty Sexers eta Lain taldeekin. Udan zehar kontzertu dezente eskaintzenaz gain, disko berrirako abestiak prestatzen ere ari gara. Aurreko diskoko abestiak ez ezik, pare bat kantu berri joko dugu Santiotako kontzertuan. Ea herritarrei kantu berriak gustatzen zaizkien.

Iaz gauzatu ez zen kontzertuko taldeak ere arituko dira zuekin batera…
Iaz, Esne Beltza eta Sexty Sexers taldeek emanaldia eskaini behar zuten uztailaren 31n, baina egun hartako gertaerak eta gero, bertan behera geratu zen kontzertua. Iazkoaren ordez, ordea, aurten ere jotzeko prest zeudela azaldu zuten taldekideek eta kontzertua Gazte egunean jartzea egoki iruditu zaigu.

Gainerakoan, musikari dagokionez, zer nolako eskaintza izango da aurtengo Santioetan?
Lehen gauean, Amasa-Villabonako Kantuki taldeak estreinatuko du eszenatokia. Azken gauean, berriz, aurreko urteetan Gazte egunean etorri izan
ohi diren Los Zopilotes Txirriaus taldeko kideak arituko dira. Gainerakoan, dantzaldiak izango dira ia gau guztietan.
Uztailaren 26an Mikel Urdangarinek kontzertua eskainiko du Eresargi abesbatzarekin batera.

Zuen emanaldia eskaintzeaz gain, zertan hartuko duzu parte Santio jaietan?
Lehen eguneko danborradan seguru. Oso gogoko dut eta jaiak hasteko modu ezin hobea iruditzen zait. Euskal jaia ere asko gustatzen zait. Lehen pintxoak saltzen ibiltzen baginen ere, aurten mahaiaren beste aldean jarriko naiz; plazan. Gazte asanbladak antolatu duen baltsa jaitsieran ere parte hartuko dugu koadrilan eta azken eguneko mozorro gau eta bestelako ekintzatan ere inguruan ibiliko naiz.
Santioetako egunik gogokoena?
Dudarik gabe, lehen eguna eta koadrilen eguna dira jaietako egunik onenak: herriko jende asko bildu eta festarako gogoa nagusitzen delako. Aurten uztailaren 24a larunbata egokitzen denez, eguerditik hasiko da festa lehen egunean. Beti gauez izan beharrean, nahiago dut festa egunez hastea. Horrela, eguna eta gaua disfruta daitezke eta ekintza gehiagotan parte hartu.

Ezer berririk erantsiko al zenioke jaietako egitarauari?
Jaietako egitaraua ona dela uste dut. Adin guztietako herritarrentzat ekintza asko egoten da aste guztian zehar eta egitaraua ondo antolatuta dagoela iruditzen zait. Zer edo zer esatekotan, agian egun gehiegi direla esango nuke: Gustura hartzen ditugu jaiak, baina egunean hasi eta hurrengo goizera arte ekintza guztietan parte hartu nahi izaten dugunez, luze egiten dira azkenerako. Joan zen urtean bezala, uztailaren 27a atseden eguna izango da aurten ere. Iaz ondo etorri zitzaigun; aurten ere bai, seguru.

Zer behar da herriko jaiak onak izateko?
Txaranga onak beharrezkoak dira, oso giro ona sortzen baitute kalean. Eta faltan botatzekotan, Tapia eta Leturia aipatuko nituzke. Dagoen erromeria talderik onena da nire ustez eta haiek plazan jartzen duten giroa Euskal Herriko beste talde batek jartzea inoiz lortuko ez duela iruditzen zait. Duela bi urte etorri ziren herrira eta gau hartan, tabernak ahaztu eta plazan aritu nintzen dantzan.

Eguna ala gaua, bat aukeratzekotan?
Euskal jaian eguna aukeratuko nuke eta baita koadrilen egunean ere. Bestela ere hortxe izaten da gaua ateratzeko. Herriko jaietan eguna gaua baino gogokoago dut.

Jaietan jateko? Eta edateko?
Jateko errazena: bokadilloa. Edateko, garagardoa.

Parrandarako konpainiarik onena?
Koadrilako lagunak, dudarik gabe. Eta musika ona, noski.

Mezuren bat herritarrei?
Ondo pasa dezatela jaietan eta ahal duten ekintza guztietan parte har dezatela, antolatzen ari direnei jendearen erantzuna ikustea gustatu egiten baitzaie.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!