Santioak 2010: Remi gogoan, uztailaren 31n

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 21a, 13:03

Joan zen urteko uztailaren 31ko gertaerak eta gero, Remi Ayestaran zinegotzi eta herritar gaztea gogoan mantentzeko hainbat lagunek Remi Gogoan ekimena sortu zuten.

Ekimeneko kideek adierazi dutenez, “Remiren irudia eta pertsona goraipatu eta herritarren gogoan gordetzea dira ekimenaren helburu nagusiak”. Remiren heriotzaren urteurrenari begira jai batzordean parte hartu dute eta uztailaren 31rako urteurreneko omenaldia antolatu dute gertaera-lekuan, arratsaldeko 20:00etan. “Uztailaren 31 ez genuke lutu egun bilakatu nahi, baina Remi oroitzeko omenaldia tartekatu nahiko genuke urtero jaietako azken egunean”. Omenaldian, besteak beste, familiak, Udalak, koadrilako lagunek, Burgosko lagunek nahiz Loatzo musika eskolako dultzaineroek hartuko dute parte. Ekimeneko kideek jakinarazi dutenez, Burgosko lagunek Remiren omenez eginiko eskultura jarriko dute egun horretarako Remi Ayestaran ibilbidean, “harrizko eskulturaren atzealdean Burgosko lagunen grabatua ageri da. Jon Iñaki Ormazabal ari da orain aurreko aldean, ekimeneko nahiz Remiren lagunen oroigarria harri gainean zizelkatzen”, azaldu dute ekimeneko kideek.

‘Remi, herriaren taupada’ liburua
Remi Gogoan ekimenak ‘Remi, herriaren taupada’ izeneko liburua argitaratuko du uztailaren 16an, arratsaldeko 19:00etan, Remi Ayestaran ibilbidean. Argitaratzaileek lagunaren irudia paperean gorde eta pentsaera nahiz adin ezberdineko herritarrek zioten begirune eta maitasuna lau haizetara zabaldu nahi izan dute. 68 orriko liburuan, Remi ezagutu eta berarekin harremana izan zuten talde, elkarte nahiz norbanakoen hitzak eta irudiak jaso dituzte. Herritarrek liburuan Remiren inguruan gehien errepikatu dituzten ezaugarriak leiala, irekia, alaia eta langilea izan dira.

Parte hartze zabala
Argitalpenaren hasierako orrietan, uztailaren 31ko gertaeren kronika egitearekin batera, Remiren gertukoek hartu dute hitza lehenik eta behin. Guraso, anai-arreba, neska-laguna nahiz izebaren gogoeten ondoren, Fleming ikastetxeko irakasle eta institutuko lagunek, koadrilako nahiz Burgosko lagunek, Amasa-Villabonako ezker abertzaleak, Udaleko kideek, Iratzarko lagunek, Ayestaran etxeko lankideek, Irrintzi elkarteko bazkideek edo Jubilatu elkarteko kideek gogoratu dute lagun, lankide eta herritarra. Herriko tabernarien artean, Itzalpe, Ongi etorri, Xiker, Or Konpon eta Egarri tabernetako tabernariek Remirekin izandako harremanaz hitz egin dute. Herriko koadrilen artean, berriz, Wuitxu, Kixkurli, Jakintzan edota Kixbi koadriletako partaideek. Herriko talde ezberdinek ere parte hartu dute liburuan: Malkar astialdi taldeak, Billabona futbol taldeak, Loatzo musika eskolak, Oinkari dantza taldeak, Onddo gazte asanbladak, Amaiur dendako Amiano ahizpek… Kolaborazioen tartea ere zabala da: Pepo Alonso irakasle ohia, Julen Yarza ezker abertzaleko kidea eta laguna, Nagore Abaigar danborradako kidea eta laguna, Amaia Agirre bertsolaria, Beatriz Mena Gazteria eta Kirol teknikaria, Esti Amenabarro ezker abertzaleko kidea eta laguna nahiz Mikel Garmendia preso ohiaren idatziak eta hitzak jaso dira. Orriak aurrera, Euskal Herritik nahiz kanpotik jasotako hainbat atxikimendu eta oroimen mezu ere bildu da, herri ekimenaren agurraren aurretik. Herri ekimenak hainbat testu gaztelaniara itzultzea egoki ikusi du eta orri horiek osatuko dute liburuaren bigarren zatia, aurrekoa bezala, argazki ugariz hornitua.
 
Herritarren artean
Herritar ugarik hartu du parte joan zen urtarrilean hezurmamitzen hasi zen liburua osatzerakoan. Elkarrizketak eta erredakzio lana egiteaz Unai Urreaga, Maider Eizmendi eta Ainhoa Arozena kazetariak arduratu dira, Esti Amenabarroren laguntzarekin. Elkarrizketatuen argazkiak Iyuya Urrutia eta Idoia Lahidalga billabonatarrek atera dituzte. Erroitz B.M.-ko Maddi Trutxuelok egina da liburuaren diseinua eta maketazio lana. Azalaren diseinua, berriz, Maddi Galarragarena da. Azaleko nahiz kontrazaleko marrazkiak Helga Massetani marrazkilariak egin ditu eta testuen gaztelaniazko itzulpena Andoaingo Hitzurun B.M enpresako langileek. Lasarte-Oriako Antza irarkolan inprimatu da liburua, 1200 ale guztira. Liburuarekin batera, joan zen urriaren 10ean herri ekimenak antolatuta, Remiri eta bere senideei eskaini zitzaien herri omenaldiko DVDa ere jasoko du argitalpenak. Mattin Troitiñok grabatutako bideo hura Iyuya Urrutia eta Idoia Lahidalgak editatu dute eta Iñaki Ugarteburuk egin ditu DVDen kopiak. Villabonako Udalak babestu duen argitalpena herritik eta herritarrentzat egin da.

Liburua salgai
Uztailaren 16ko aurkezpenaren ondoren, 12 euroren truke toki ezberdinetan salgai jarriko da argitalpena. Villabonan: Amasa, Ogi Goxo, Labezain, Kixubi eta Larrea okindegietan, eta
Basajaun eta Kazetaria liburu-dendetan. Amasan: Iturrigoxo jatetxean. Beterri-Aiztondoko gainerako herrietan nahiz Tolosaldeko herrietan ere ohiko lekuetan erosi ahal izango da liburu-DVDa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!