Santioak 2010: Patinen gainean, lasterketa herrikoia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 21a, 13:00

Arratzain irristaketa taldean gazte eta heldu biltzen da patinen gainean ibiltzeko. Beñat Azurmendi eta Mikel Perez taldekideek hartu dute hitza.

Noiz sortu zenuten Arratzain irristaketa taldea?
Beñat Azurmendi: Duela urtebete inguru. Ez da erraza sorrera definitzea; izan ere, kiroldegiko ikastaroetatik jarri baikenuen martxan taldea.
Mikel Perez: Taldea sortu aurretik, patinetako ikastaroa egiten genuen Olaederran Beñat Azurmendi irakasle genuela. Egia esan, hasieratik nahiko talde finkoa sortu zen; beti jende berdinak hartzen baikenuen ikastaroan parte. Kiroldegian patinen ikastaroa egiteari utzi ziotenean, biltzen jarraitu eta Arratzain irristaketa taldea sortu genuen.
B.A.: Irakaslearen begietatik begiratuta, niretzat polita izan da ikastaro moduan hasi zena lagun talde bihurtuta ikustea. Halaxe suertatu da, bide naturala izan du taldeak, inondik zuzendu gabea.

Lehen, ikastaroen baitan ordutegi zehatza zenuten. Nola funtzionatzen duzue orain talde bezala? Biltzeko egun finkorik ba al duzue?
M.P.: Azken hiru hilabeteotan ere, gure kabuz antolatuta izanagatik, Beñatek bideratutako ikastaroa egin dugu. Udan, ikastaroa amaituta, hitzorduak jartzen ditugu elkarrekin patinatzera joateko. Orain gutxi Asteasuko bidegorrira joan gara. Tolosa-Itsasondon, Hendaian edo Lasarten zabaldu berri duten autobidearen inaugurazioan ere ibili gara. Oro har, bidegorriak aprobetxatzen ditugu patinen gainean ibiltzeko.

Kiroldegiko ikastaroak abian zirenean, Olaederran eta Legarreta auzoan biltzen zineten. Non elkartzen zarete orain?
B.A.: Talde bezala elkartzen garenetik, Arratzainen biltzen gara.
M.P.: Udaletxeari patinatu ahal izateko lekua eskatu genion eta Arratzain eskolako kiroldegia eta kanpoko pista utzi zizkiguten. Leku handia da eta oso egokia patinetan ibiltzeko. Hala ere, astean bi egunetan soilik uzten digute eta juxtu ibiltzen gara lasai entrenatu ahal izateko. Ordutegia zabaltzea eskatuko genieke, neguan batez ere. Udan ondo moldatzen gara kanpoan, baina neguan babesa behar izaten dugu. Taldekide asko garenez, gainera, itogarria da denak batera elkartzea. Baina ikusi dugunez, futbolak lehentasuna du gure aurrean.
B.A.: Beste leku batzuk begiratzen ere aritu gara: Txermingo ikastolaren azpialdea, Zizurkilgo Otaño eskolako ataria…, baina toki irekiak dira eta, euria egiten duenean busti egiten dira. Nire iritziz ere, argi dago futbola gainerako kirol guztien gainetik dagoela.

Zenbat lagunek osatzen duzue taldea?
B.A.: Azken ikastaroan 23 lagun bildu gara, baina taldean, oro har, 30 izango gara. Askotan, irteeraren bat egiteko geratzen garenean, taldekideak ez ezik haien lagunak ere elkartzen gara. Taldean, errazagoa da patinatzera animatzea.

Zer ikasi duzue azken ikastaroan? Denok al daukazue dagoeneko maila ona gurpilen gainean ibiltzeko?
B.A.: Ikastaro guztietan hasten dira zero mailako bizpahiru patinatzaile berri. Hasiberriei laguntzearekin batera, txiribueltak edota frenatzea lantzen jarraitzen dugu gainerakook.
M.P.: Lehen hiru hilabetetan segurtasuna lortzen dute hasiberriek.

Azken bolada honetan jende asko ikusten da patinen gainean kalean. Nondik nora zabaldu da zaletasuna?
B.A.: Azken urteotan gora egin du eta oraindik ere goraka joango dela iruditzen zait niri. Jende askori entzuten zaio beti izan duela patinatzeko gogoa. Askoren kasuan, agian txikitako arantza izango da. Egia da belaunaldi askok txikitan ere patinatu izan dugula, baina beste askok agian barruan gordeta zuen irrika hori eta tentagarri egiten zaio. Ondo patinatzen ikusteak erakarri egiten du jendea patinen gainean hastera.

Arratzain taldeak uztailaren hasieran herritarrei patinatzeko gonbidapena egin zenioten. Zer moduz hitzordua?
M.P.: Eguraldiak ez zuen askorik lagundu, baina polita izan zen. Umeak bildu ziren batik bat eta joko ugari egin genuen. Gustura ibili ginen. Lehen aldia izateko ondo joan zen.
B.A.: Halako saioetan, berrogei urtetik gorako pertsonak patinen gainean ondo pasatzen ikustean harrituta geratzen da jendea.

Santio jaietarako lasterketa herrikoia prestatu duzue…
M.P.: Talde bezala aurrera egiteko gogoa dugu eta uztaileko saioa bezala, lasterketa antolatzea bururatu zitzaigun jaiei begira. Uztailaren 30ean, Kale Nagusia eta Kaleberria zeharkatuko dituzte lasterkariek patinen gainean, Larreako biribilguneraino. Orain, gainera, errepidea berritu egin dute, guretzat egina bezala.
B.A.: Lasterketa irekia da eta herrikoia izatea nahiko genuke: ez dago federatuentzat edo abiadura-lasterkarientzat pentsatua.  
M.P.: Patinak dituzten guztiei parte hartzeko deia egin nahi diegu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!