Santioak 2010: Baltsa jaitsiera, txupinazoaren ondoren

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 21a, 12:59

Onddo gazte asanbladak jaietako hainbat ekintza antolatzen parte hartzen du Santioetan.  Iker Laskurain eta Asier Sorrondegi Onddoko kideek eman dute euren aurtengo asmoen berri.

Uztailaren 24an, txupinazoa bota eta gero, Onddo gazte asanbladako kideen batela eta Anoetako gazteena lehiatuko dira Oria ibaian. Iker Laskurainek argitu duenez, parranda batean sortu zitzaien Onddoko hainbat kideri bateletan hasteko gogoa, “Gaztetxean biltzen diren hainbat gazte berotu egin zen Tolosako Sanjuanetan bateletan ateratzeko. Anoetako taldeak Villabonan entrenatzen duenez, haiek hitz egin eta elkarrekin entrenatzen hasi ziren. Sanjuanetan parte hartu eta gero, Santio jaietan ere parte hartzera animatu dira”. Lehen egunean, beraz, bi batel ikusi ahal izango dira lehian Oria ibaian barrena: Villabonako gazteena batetik eta Anoetakoena bestetik. “Villabonako taldek arraunerako petoa ere atera du batel frogarako”.

Baltsa jaitsiera
Batelen frogaren aurretik, ordea, Onddoko kideek buruan zerabilten Oria ibaian beste era bateko jaitsiera antolatzea, “duela hamar bat urte herriko jaietan baltsa jaitsiera egin zen eta guri ere, Gabonen bueltan, herriko jaietan Oriako jaitsiera egiteko gogoa piztu zitzaigun. Izan ere, koadrila ezberdinen artean burutzen diren ekintzekin disfrutatzen baita gehien festetan. Danborrada edota konpartsa bezala, herritar asko biltzeko ekintza egokia izan daiteke hurrengo urteei begira ere baltsa jaitsiera antolatzen jarraitzea”. Jaitsierari begira, ordea, arazo nagusi bat ikusi dute
Onddoko kideek: ur eskasia, “ez dakigu Ibiurko urtegia ordurako zabalduko ote duten eta ur gehixeago egongo ote den. Bestela Zubimusutik Andoain aldera egin beharko da, ur gehiago dagoelako”. Uztailaren hasieran egin zuten jaitsiera antolatzeko lehen bilera eta zortzi-bederatzi koadriletako kideek parte hartzeko gogoa erakutsi zuten. Ikusmina ziurtatuta dago, beraz, uztailaren 28an Onddok antolatutako Gazte egunaren baitan. Eguerdiko 12:30etan hasiko da jaia.

Hainbat baldintza
Onddo gazte asanbladako kideek hainbat baldintza jarri dituzte baltsa jaitsieran parte hartzeko: “Koadrila bakoitzean hiru lagunetik gora izan beharko dute. Gorantz, berriz, ez dago kopuruari dagokionez inolako mugarik: talderen batean hogei lagun animatzen bada ere, aurrera! Bestalde, baltsa bezala arraunak ere eskuz egindakoak izan beharko dute, bakoitzak nahi duen materialarekin. Ez da onartuko, esaterako, piraguako arraunekin ateratzea”, Ikerrek zehaztu duenez. Baltsetako partaideak mozorrotuta aterako dira ibaira, “janzkera guztiz librea izango da, baina kolore pixka bat eman nahi diogu probari”. Hasiera batean aurreikusitakoa betetzen bada; zortzi taldek parte hartzea, alegia, bi txandatan burutuko lukete jaitsiera, “zortzi batera gehiegi izango ginatekeenez, launaka aterako gara”. Jaien aurreko asteburuan Oria ibaira jaitsi eta froga egitekoak dira Onddoko hainbat  kide, “ura non dagoen eta korronterik ba ote dagoen ikusi nahi dugu. Ibilbidea ondo zehazteko aurretik froga egin nahi dugu”, azaldu dute Asier eta Ikerrek.

Gazte eguna
Aurrez aipatu bezala, Gazte egunaren baitan antolatuko da baltsa jaitsiera, baina egun horretarako askoz ere egitarau zabalagoa prestatu du gazte asanbladak. “Baltsa jaitsieraren ondoren, Berdura plazan bazkaria izango da eta arratsaldeko 17:00etan Orkrestra Nazional taldearekin urteroko poteo kalejirari ekingo zaio. Iluntzean afari-merienda egingo dugu plazan eta gaueko 22:30etan Lain taldearekin batera, iaz, azken egunean kontzertua eskaini behar zuten Sexty Sexers eta Esne Beltza taldeek joko dute plazan”.

Azken gaua, indartsua
Onddo gazte asanbladak iazko jaiei amaiera emateko zuten asmoari eutsiko dio aurten, “gaueko 23:30etan gazte asanbladako batukada aterako da kalera eta kalejiran plazara joango gara. Han jaietan ateratako argazkien proiekzioa eskainiko dugu –iaz erakutsi ez genituenez, agian baita iazko urtekoak ere–. Ondoren, erroskilari su emango zaio eta azken urte hauetan Los Impecables izenarekin etorri izan den rantxera taldea Los Zofilotes Txirriaus izenarekin etorriko da gero”. Aurtengo jaietan batukada azken egunean soilik aterako dute Onddoko kideek, “iaz egun gehiagotan atera baginen ere, azken egunean bakarrik aterako gara aurten. Entsegu batzuk egin ditugu azken asteotan. Jaiei amaiera alaia eta sinplea eman nahi diegu”.

Mus eta futbito txapelketak
Azken urteotan Onddo gazte asanbladaren esku izaten da mus txapelketa antolatzea. “Uztailaren 29an, ostegunarekin, izango da aurtengo txapelketa Berdura plazan, 16:00etan hasita”. Bestalde, futbito txapelketa antolatzea ere Onddokoen ardura izan ohi da,
“Onddoko gainerako kideak ere tartean izanagatik, Juankar Sanchez eta Borja Aranzabe arduratzen dira batik bat futbol txapelketa bideratzeaz”. Herriko jaietarako beti gogoz egoten direla adierazi dute Ikerrek eta Asierrek eta herritarrei ekintzatan parte hartzeko deia luzatu diete gazte asanbladaren izenean, “baltsa jaitsieran, lehen urtean behintzat, gehienak gazteak izango garela pentsatzen dugu. Guk antolatzen ditugun ekintzen artean, berriz, dudarik gabe, mus txapelketa da adin ezberdineko jende gehien elkartzen duen ekintza. Futbito txapelketak ere ikusle asko erakartzen du plazara. Aurten ere uztailaren 24an jokatuko da finala Errebote plazan, arratsaldeko 19:00etan hasita”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!