Santioak 2010: Giza froga

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 21a, 12:57

I San Inazio Giza froga, Maiatzaren Lehena plazan.

Iñaki Lizaso eta Eneko Arteaga herritarrak ari dira lehen San Inazio Giza froga antolatzen. Hiru talderen arteko txapelketa izango da aurtengoa.
Aurrez Errebote plazan kokatuta zegoen dema bidea, Maiatzaren Lehena plazara lekualdatu dute azken berrikuntzak eta gero. Bertan, uztailaren 31n, I Giza froga izango da ikusgai, “aurten behintzat taldekide guztiak gizonezkoak izango direnez, Gizon frogak izango direla esan daiteke. Tartean ez da animaliarik izango; bederatzi laguneko taldekideek altxatuko dute harri pisutsua”. Hemendik aurrera, jaietako azken egunean txapelketa antolatzeko asmoa dute antolatzaileek, “neska eta mutil, talde asko ari da sortzen Giza frogen inguruan. Gipuzkoa mailako ligaska ere abian jarri nahi dute epe laburrean. Jende asko froga hauek indartzen animatzen ari denez, hurrengo urtean talde gehiagok parte hartuko lukeen txapelketa bultzatu nahiko genuke, uztailean kanporaketak jokatuz eta San Inazio egunean finala. Horixe da gure helburua eta ilusioa”, azaldu dute antolatzaileek. Aurtengo frogan hiru talde arituko dira: Aiztondo-Oarsoaldea, Orio eta Usurbilgo taldeek, hain zuzen. Talde bakoitzak hogei minutuko saioa egin ondoren, hiru sari banatuko dira parte-hartzaileen artean: 600, 400 eta 200 eurokoak, hurrenez hurren. “Arratsaldeko 18:00etan hiru taldeak dema plazan elkartuta, publikoki egingo da zozketa eta egokitutako ordenaren arabera tirako du bakoitzak”. Eneko Arteagak jakinarazi duenez, Giza frogen modalitatea aldatu egin da lehen egiten zenetik, “besteak beste, aurrez Santiotan egin izan diren saioetan ere, harria burdinari lotzen zitzaion. Gaur ordea, burdinezko oinarriari itsatsi beharrean, kateari lotzen zaio harria eta modu horretan, pultsuan eraman behar izaten dute pisu guztia. Oraingo ikustaldiak, beraz, ez du zerikusirik izango lehengoekin. Askoz ere gogorragoa izango da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!