Santioak 2010: Konpartsa herrikoia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 21a, 12:55

Uztailaren 26an danborrada eta dantza bateratuko dira konpartsa herrikoian, aurreko urtean txanda-pasa egin eta gero.

Santa Ana egunarekin batera, konpartsa herrikoia izango da berriro ere Santio jaietan. Duela bi urte kaleratu zen azkenekoz Inude eta Artzainen konpartsa. Iaz txanda-pasa egin eta gero, aurten aurrera egitea erabaki dute Agustin Laskurain herritarrak eta Oinkari dantza taldeko kideek. Ez da, ordea, ohiko konpartsa izango: danborrada eta dantza lotuz, ganberrada moduko festa informala antolatuko dute, “helburu nagusia parte hartzaileok ondo pasatzea da. Danborra jotzeaz gain, hainbat koreografia edo mugimendu dantzatuko dugu”. Zortzi herri kanta aukeratu dituzte horretarako: Etxarriko aulki dantza, Txapeloa…, eta noski, kalejiran ez dira Villabonako martxa Dulce despertar eta herriko beste bi doinu faltako. Agustinen esanetan, danborradaren izaera serioarekin hautsi nahi dute eta festa ukitua eman, “Donostiako kasua ikusita, esaterako, danborradak serioa izan behar duela pentsatzen du jendeak. Danborrada, ordea, Inauterietako konpartsa moduan sortu zen eta guk jai ukitu hori emango diogu”. 150 lagunek hartuko du parte guztira egun osoko jaian.
Ohi denez, Txermingo ikastolako ataritik abiatuko dira partaideak goizeko 11:00tan. Goizean zehar herriko kaleak zeharkatu eta gero, Txermingo ikastola azpian bilduko dira bazkaltzeko. Bazkalondoan, kalejira laburra egingo dute eta arratsaldeko 18:00etan emanaldi nagusia eskainiko dute Errebote plazan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!