Santioak 2010: Musika eta dantza uztartuta, euskal jaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 21a, 12:54

Oinkari dantza taldeak 2006an jarri zuen lehen aldiz abian euskal jaia. Aurten, beraz, bosgarren txanda izango da eta Santio egunean egokituko da.

Oro har, beti larunbata bilatu nahi izaten dugu euskal jaia egiteko, baina aurten jaiak aldrebes samar egokitzen direnez, igandean egitea erabaki dugu”, azaldu du Eneko Arteaga Oinkari dantza taldeko arduradunak. Joaldunek herria zeharkatu eta gero, arratsaldeko bostetan emango zaio hasiera aurtengo jaiari; ekintza gehiago prestatu dutenez, aurreko urteetan baino ordubete lehenago. “Urtetako tradizioari eutsiz, Soka-dantzaren ohitura mantendu eta euskal jaiaren egitarauaren barruan sartuko dugu. Segidan, arratsaldean zehar trikitixa tradizionala entzun ahal izango da Izer eta Alabier bikotearen eskutik”. Ohi denez, noski, trikiti hotsekin batera, sagardoa eta pintxoak dastatzeko aukera izango da Errebote plazan, “Amasa eta Villabonako lau elkarteek lagunduko digute sagardoa banatzen. Urtero legez, bertan izango dira Behar-Zana, Irrintzi, Zunbeltz eta Uxo-Toki elkarteetako kideak. Elkarteekin batera, Garmendia harategiko lagunek ere asko laguntzen digute”.
Aurreko urteetan bezala, dastaketa amaitu eta laster batean, bildotsa burruntzian afaltzeko aukera izango da, “dagoeneko txartelak salgai daude herriko okindegi, taberna eta hainbat dendatan. Iaz bezala, Lizartzako Isk&bila txaranga herrikoiak alaituko du afalondoa eta gauerdian, Korrontzi musika taldearen eta Oinkari dantza taldearen elkarlanaren ondorioz sortutako emanaldia ikusi ahal izango da Errebote plazan”. Saio ikusgarria amaitu eta segidan, dantzan jarraitzeko aukera izango da oraindik ere, Kupela taldearen eskutik.

Korrontzi eta Oinkari, elkarlanean
Ekainean urtebete egin zuen Oinkari dantza taldeak Korrontzi folk musika talde bizkaitarrarekin batera emanaldiak elkarlanean eskaintzen hasi zenetik. “Garai hartan kultur teknikaria zen Joxean Mosqueirari zor diogu egitasmo hau abian jarri izana, berak proposatu baitzigun aukera. Hasiera batean emanaldi bakarra eskaintzeko asmoa genuen arren, egitasmoak aurrera jarraitu du eta dagoeneko saio asko eskaini dugu Euskal Herrian nahiz Euskal Herritik kanpo musika eta dantza uztartuz”. Hasierako emanaldietan bizpahiru koreografia dantzatzen zituzten saio bakoitzean. Infernuko hauspoa lana aurkezten hasi zirenetik, ordea, gora egin du kopuru horrek, “emanaldiko ia kantu guztietan dantzatzen dugu egun, kantuen %80an”. Santio egunean, Euskal jaiaren baitan eskainiko dute emanaldia eta lehen aldiz izango dira Korrontzirekin batera herrian. “Aurreko egunean Gatikan arituko gara eta Portugalera egun bakarreko irteera bat baino gehiago egin beharko dugu uztailean zehar. Euskal Herrian garenean, taldekide ugarik hartzen dugu parte; kanpora joaten garenean, berriz, bikoteka joaten gara”.
Santio jaietako saioa berezia izango dela jakinarazi du Eneko Arteagak, “ahalik eta dantzari gehienek parte har dezaten saiatuko baikara: 26k gutxi gora-behera”.

Oinkari-Korrontzi, DVD-a neguan
Joan zen Gabonetan DVDa grabatu zuten EITBko egoitzan Oinkari eta Korrontzi taldeek, “une honetan muntatzen ari dira eta udako emanaldietako bideo puskak gehituta, Durangoko Azokan aurkeztuko da emaitza. Azokako azken egunean zuzenean aurkeztuko dugu emanaldia Plateruenean. Oso kontentu gaude”.

250 dantzari taula gainean
Uztailaren 29an Oinkari dantza taldeko kide guztiek parte hartuko duten emanaldia izango da Olaederra kiroldegian. “Hiru urtetik aurrerako 250 kidek hartuko dugu parte eta adin-talde bakoitzak bi dantza eskainiko ditu, emanaldia gehiegi ez luzatzearren”. Eneko Arteagak adierazi duenez, aurten bigarren aldiz, emanaldia kiroldegian izango da eguraldi ona edo txarra egin, “antolaketa aldetik asko errazten digu emanaldia kiroldegian izatea, bereziki talde txikienak bideratzeko garaian. Iaz bezala, zalantzarik gabe, bertan eskainiko dugu aurtengo emanaldia ere”. Errepertorio aldetik, urtean zehar eginiko lana eskainiko dute: dantza tradizionalak bezala, koreografia berriagoak. Arteafgaren hitzetan, “aurten esfortzu berezia egiten ari gara aurreko urteetan egin ez ditugun dantzak plazaratzeko. Garazi Bengoetxea aritu da errepertorioa prestatzen eta, besteak beste, antzina, Oinkari dantza taldeak oso maiz dantzatzen zuen Sagar dantza berreskuratuko da. Bestalde, Mikel Urdangarin musikariaren Inurriak kantuari koreografia bitxia egin zaio eta helduenek plazaratuko dute. Dudarik gabe, eskaintza nagusienetakoa izango da” . Arteagak emanaldia koloretsua eta polita izango dela uste du eta herritar guztiak gonbidatu ditu saioa ikustera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!