Santioak 2010: Atzoko Santioak, egungoak bezain alaiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 21a, 12:52

XX. mende hasieran ere Santio jaiak noiz iritsiko zain egoten ziren billabonatarrak. Herriko jaiak eguneroko eginbeharrak zertxobait alboratu eta lagunartean ondo pasatzeko tartea izan dira historia guztian zehar.

Uztailaren 24an, iluntzean, kanpai errepikarekin eta etxeferoarekin ematen zitzaien hasiera Santio jaiei. Lumane bilduman, XX. mende hasierako Santioez hitz egiterakoan, garai hartako oroitzapenak azaldu zituzten hura bizitu zuten herritarrek. “Txupinazorako ez zen jenderik biltzen plazan. Pio aguazilak eta Joxe Mari ‘Okerra’ laguntzaileak etxeferoa bota eta kito!”. Ondoren erraldoien eta buruhandien kalejira izaten zen; orduan bai ume festa! “Aspaldiko ohitura da erraldoiekin eta buruhandiekin korrika ateratzea. Kalejira alaituz, gaiteroak ateratzen ziren orduan”. Ibilbidea egungoaren parekoa zela jakinarazi zuten, “plazatik abiatu eta Kale Nagusitik barrena, Kaleberria zeharkatzen genuen. Izkina taberna inguratuz, plazara berriro. Garai hartako Villabona, Izkina tabernatik elizaren pareraino luzatzen zenez, herri osoa zeharkatzen genuen korrika”. Ume askok hartzen zuen parte erraldoien eta buruhandien kalejiran, “orduan ere, ume bat baino gehiago beldurtzen zen buruhandiekin. Ezkaratzak zabalik egoten zirenez, barrura sartu eta eskaileretan gora abiatzen ginen, buruhandia atzetik zetorrela. Lau buruhandi ateratzen ziren kalejiran, maskuria eskuan hartuta. Erraldoiak bi ziren; urte askoan izan ziren berdinak baina, ez egungoak bezalakoak. Arabiar itxurakoren bat bazen tartean”. Maria Luisa Zalakainek buruhandiak zer ziren ez zekien garaia ekarri zuen gogora, “Olatxo baserritik Villabonara etorri nintzenean, bederatzi bat urte izango nituen. Neska-kozkorretan nik ez nekien zer ziren erraldoiak eta buruhandiak. Gogoratzen naiz ikusi nituen lehenengo aldiaz”. Buruhandien ondoren, herriko musika bandak kalejira alaia egiten zuen, “txalo artean erantzuten zuten herritarrek haien etxeetara gerturatzen zirenean”. Gauean dantzaldia izaten zen, “herriko musika bandak eskaintzen zuen emanaldia, gaueko 22:00etatik 01:00etara. Musika amaitu bezain laster hustu egiten zen plaza eta ordu horretan ixten ziren tabernak ere. Aguazilak eta guardia zibila arduratzen zen ordutegia ondo betetzeaz, kalean errondan ibiltzen baitziren”.

‘LOS DEL ÚLTIMO VAGÓN’ TXARANGA
Herriko mutil koadrila gazte batek ‘Los del último vagón’ txaranga sortu zuen 1942 urtean, kaleak musikaz eta alaitasunez betetzeko prest egoten ziren Santio jaietan bereziki. Lumaneko taldekideek azaldutakoaren arabera, “1942 urtean sortu zen ‘Los del último vagón’ txaranga. Villabonako mutil koadrila batek, San Ferminak ezagutu zituenean, Iruñatik ekarri zuen Santio festetan ere kaleak musikaz alaitzeko ideia. Udalaren laguntzarekin, musika bandako hainbat kide eta musika tresnak jotzen zituzten beste hainbat herritar, txaranga osatzeko lanetan hasi ziren. 1943ko Santiotarako prest zegoen txaranga. Kantuen errepertorio luzeaz gain, musikarientzako jantzi egokiak ere atondu zituzten: galtza eta alkandora txuriak. Kaleak ez ezik, soka-muturra ere alaitzen zuten euren doinuekin. Egitarauan zezenak tartekatzeko ideia ere taldekideena izan zen. Hiru urte iraun zuen lehen taldeak, gerora partaide berriei ireki zieten bidea: ‘olatu berriari’. Herritarren aldetik, oso harrera beroa izan zuten”. Txarangek ba omen zuten ohitura berezi bat, “etxeetako balkoien azpian jarri eta ‘Qué guapa estás Lupe’ edo ‘Qué guapa estás Maria’ abesten zioten etxekoandreari”. 1936ko Gerraren ondorioz, herrietako festak bertan behera geratu ziren bolada batean. Gerra ondorenean birsortu ziren berriro jaiak eta Villabonan, besteak beste, ‘Los del último vagón’ txarangak alaitzen zituen herriko kaleak, “Gerra eta gerra ondorengo urte triste eta gogor haiek ahazteko, bazen zerbaiten beharra”, azaldu zuen Jabier Berasaluzek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!