Santioak 2010: Eresargi abesbatzak, hogeita bost urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 21a, 12:51

Sortu zenetik mende laurdena bete du Eresargi abesbatzak eta ospakizunak prestatzen, buru-belarri ari dira lanean. Sofia Quilez eta Ibon Alustiza taldekideek eman dituzte azalpenak.

Azalduko al dituzue abesbatzaren hastapenak?
Ibon Alustiza: Gabonetan herrian kantuan ateratzeko taldea prestatzen hasi ginenean sortu genuen abesbatza.
Sofia Quilez: Garai hartan haurren abesbatza zuzentzen zuen Juan Mari Iparragirrek, baina hura bukatu egin zen eta jarraitzeko gogoa zeukanez, Gabonetan kantuan ateratzeko taldea sortzeko deialdia egin zuen. Gabonak pasa ondoren, abesbatzari jarraipena ematea erabaki genuen eta pixkanaka-pixkanaka aurrera egin dugu. Sorrera hartatik, Ibon eta biok, Juan Mari Iparragirrerekin batera, duela 25 urte sortu zen abesbatza hartan hasieratik jarraitzen dugun taldekide bakarrak gara. Baina urte hauetan guztietan zehar Amasa-Villabonako jende askok hartu du parte taldean. Hasieran abesbatza gaztea ginen, 13 urtetik 16ra bitarteko gazteok osatzen genuen; denborarekin heltzen joan da taldea.
I.A.: Hainbat lagunekin batera, ni ere haurren taldean hasi nintzen lehenengo eta gerora, helduen abesbatza sortu zenean, bertan jarraitu dut. Egia esan, gazte jende gutxi dago gaur egun.

Partaide gehiago edo gutxiagorekin, gazte edo helduekin, etenik behintzat ez du izan Eresargi abesbatzak 25 urtean. Ez da marka makala!
S.Q.: Ez, ez. Taldeak ez du etenik izan eta herri txiki batean helduen taldea urtez urte mantentzea lorpen handia dela uste dugu. Herri mailan ez dago hori lortu duen talde askorik: Aizkardi mendi taldea eta Oinkari dantza taldea, helduena kontsideratzen bada behintzat.

Urtean zehar zein ekintza prestatzen duzue?
I.A.: Oro har, Gabonetarako kontzertua prestatzen dugu urtero eta Errenteriako Gabon kantu txapelketan parte hartzen ahalegintzen gara. Aste Santu aurretik ere beste kontzertu bat prestatzen dugu eta festei begira, baita beste emanaldi bat ere.
Urtean zehar, astero-astero, astelehen eta asteazken iluntzetan musika eskolan elkartzen gara abesteko eta emanaldiak prestatzeko.
S.Q.: Hasieran federatu gabeak ginen eta gerora federatzeko beharra ikusi genuen. Abesbatza osatu genuenen Oskarbi izenarekin hasi baginen, federatu ostean Eresargi jarri genion, aurrez bai baitzegoen Oskarbi izeneko beste talde bat federatuta.
Zer azpimarratuko zenukete talde mailan 25 urte hauetan zehar?
S.Q.: Taldea urteen poderioz gorputza hartu eta sendotu egin bada ere, taldekide gutxi gara. Hala ere, abesbatza herrian bizirik mantentzeko beharra ikusten dugu. Gutxi izanagatik, herriarentzat gu hor egotea garrantzitsua dela uste dugu. Une honetan hogei lagun biltzen gara abesbatzan eta ondo legoke jende gehiago gerturatzea. Gure helburua ez da txapelketa askotan parte hartzea, musikarekin gozatu eta herri mailan bizirik mantentzea baizik. Erronkak ere baditugu eta beti-betikoa abestetik, tarteka zailtasun handiagoko obrekin saiatzea gustatzen zaigu.
I.A.: Gure artean bata besteari laguntzen saiatzen gara. Solfeoa jakiteak laguntzen du, baina abesteko ez da beharrezkoa. Zaletasun guztiek bezala, bere diziplina eskatzen du abesbatzak ere, baina entseguetara joan eta lana eginez gero, normalean ondo ateratzen da. Euskal folklorea lantzeaz gain, beste herrialdeetako doinuak lantzeko aukera ematen du musika koralak. 25 urte hauetan, munduko txoko ezberdinetako kantuak abestu ditugu eta horrek beste folkloreekiko ikuspegia zabaldu egiten du.

Urteurrena ospatzeko emanaldi berezia prestatzen ari zarete. Azalduko al duzue kontzertuaren berri?
S.Q.: Mikel Urdangarin eta bere taldearekin batera kontzertua eskainiko dugu uztailaren 26an Errebote plazan. Mota horretako lehen esperientzia izango da eta ilusioz ari gara emanaldia prestatzen. Zer edo zer ezberdina egin nahi genuen eta proposamenari baiezkoa eman ziotenean kantutegiari lotu gintzaizkion. Udalari esker aterako da aurrera egitasmoa, haiek lagunduko baitigute ekonomikoki. Bingen Mendizabalek egokitu ditu Urdangarinen kantuak abesbatzan lau ahotsetara abesteko.
I.A.: Mikel Urdangarinen disko ezberdinetako zazpi abesti abestuko ditugu, ezagunak gehienak: Non geratzen den denbora, Txatxamatxalinatxu, Haitzetan, Munduari begiratzeko…

Jaietako txupinazoa zuen esku izango da aurten. Ezer aurreratzerik bai?
S.Q.: Kantuari lotuta hasiko ditugu jaiak. Kantu ezagunak izango dira, herritarrekin batera abesteko. Tartean, noski, baita Villabonako martxa ere. Herritarrei jaietan ondo pasatzeko deia egingo diegu; jaiak urtean behin izaten direnez, asko disfrutatzeko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!