San Migel jaien antolaketa aurrera doa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 19a, 20:19

Jaien antolaketarako hurrengo bilera irekia, uztailak 21, 19:30ean hasita Lekaio kultur etxean. Herriko festen antolaketa Udala eta herri ekimenaren lankidetzaren emaitza izaten dira Urnietan. Eta aurtengoak antolatzeko lanetan murgilduta dabiltza herriko elkarte mordo bat eta Udala.

Ekainean hasi ziren bilerak egiten eta proposamen ezberdinak aurkezten, eta dagoeneko lotu dira hainbat gauza, hala nola jaien iraupena, irailaren 29tik (Sanmiel eguna) urriaren 3ra (Errosarioko Ama Birjinaren eguna) luzatuko dira, eta hori aldaketa handia da, asteburu bakarra hartuz, bost egun jarraian hartuko baititu jaiak.
Sanmiel egunarekin egingo da IV. Iñistor Jaia, irailaren 30a Haurren eguna izango da, eta ostiralean ere ekitaldi ugari izango bada ere, larunbata (koadrilen eguna) eta igandea (baserritarren eguna) ekitaldiz bete-beteak etorriko dira.
Iazko arrakasta ikusita, karpa eta txoznak Jakutegi plazan jarriko dira aurtengoan ere.
Herriko jaiak amaituta Xoxokakoen txanda etorriko da, urriaren 4, 5, 8, 9 eta 10ean, ohiko ekitaldi guztiekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!