Inor gutxik ulertu zuen artelana biltegian gorde dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 19a, 20:18

“Beste” eskultura Zumea plazan jarri zutenetik, eztabaida izan da artelanaren inguruan. Inor gutxik ulertu zuen eskulturaren zentzua edo esanahia zein zen.
Guraso askorentzat arrisku gunea besterik ez zen. Azkenean eskulturaren egitura desegin eta Udal biltegi batean gordeko dute, noiz eta non jarriko duten zehaztu gabe.

Eskulturarekin ahaztu eta betiko biltegi batean zatika gordeta egoteko aukera ugari dago. Hiru urte atzera eginez, Udal agintariek Alfaro parkera eramango zutela adierazi zuten. Orain, ordea, Udal biltegi batera eramango dutela adierazi dute. Gauzak horrela, eta epe laburrean kokapen berria aurkitzen ez bazaio, “Beste” izeneko eskultura biltegi batean betiko geratzeko aukera handia da.
Zumea plazako artelana artea izanik, adierazpide askea da eta interpretazio ugari sor daitezke haren inguruan. Andoaingo eskulturaren kasuan, ordea, onarpen maila txikia izan du hasieratik. Eta horretan erabakiorra izan da kokapena; etxebizitza eremu handi baten erdian kokatu izana kaltegarria izan da.
Artelan bezala ikusteko eta ulertzeko aukerarik ez zaio eman, hasieratik arriskugune bezala ikusi baita. Haurrez betetzen den plaza batean guraso asko tentuz jokatzera behartuta zeuden. Aurreko astean haur batek istripua izan eta konortea galdu zuen eskulturaren inguruan jolasten ari zela. Azkena izan daiteke, baina ez da lehena izan. 2004az geroztik ugari izan dira haurrek hartutako kolpeak eta ezustekoak.

INKESTA

Zumea plazaren historiara pasa da “Beste” eskultura. Betiko gordeko al dute biltegian? Kokapen berria aurkituko al zaio? Aiurri.com gunean Inkesta atalean herritarrek parte hartzeko aukera dute.

Nerea Zapirain, Alex Mitxelena eta Ibon Salaberria egileak
Eskulturaren deskribapena egileen ikuspegitik

Egileek eskultura ipini eta gutxira Zehar izeneko argitalpenean eskultura jartzeko egitasmoaren inguruko azalpenak eman zituzten. www.arteleku.net gunean aurki daiteke, gaztelaniazko bertsioan  Andoaingo Zumea plazarako egitasmoa izenburupean:
"Andoaingo Zumea plazarako lan artistikoa sortu eta jartzea" egitasmoa ustekabean iritsi zen gure eskuetara eta, bateratze-lana egitea, ariketa ona iruditu zitzaigun plaza batean halako gauza erraz bezain zaila jartzeko garaian.
Eskaini zitzaigun espazioa, elkarbanatzeko gune modura hartu genuen eta ez jabetzako espazio gisa. Hasieratik beharrezkoa iruditu zitzaigun plaza fisikoa nahiz bere erabilpena jabetza publikokoa izango zela jakinaraztea eta ondorioz, jendeak parte hartze aktiboa izan behar zuela bertan. Zer edo zer fisikoa jartzea soilik pentsa genezakeen; begiratzeko ez beste ezertarako adibidez, baina pauso bat gehiago ematen ahalegindu ginen. Zapaldu, salto egin edota bakarrik nahiz lagunduta eseri nahi genuen bertan. Eta gutxienez, goazen horra (espazio zehatz eta aske modura ulertuz) esateko aukera eskaintzea. Orokortasunean nahiz eskala txikiagoan funtzionatuko zuen elementua egitearekin batera, Zumea plazako erabilera taxutuko zuen erreferentea nahi genuen. Plazaren dimentsio handiak ikusita, biltzeko balio zezakeen elementuak soilik erantzungo lieke bertan aurki litezkeen eskala guztiei. Aipatu plazaren kokalekuaren garrantziaz oso kontziente izan ginen, Andoaingo hegoaldeko ardatzetik begizta daitekeen lekuaz.
Azkenik, elementu bitartekari izatekotan, aparatu, objektu, altzari, eraikin edota eskultura moldean eman genien itxura gure desio eta ideiei. Figurazioaren edo identifikazioaren izenean, ez zitzaigun beharrezko iruditu -eta egun ere ez zaigu iruditzen-, zalantzazkoa izan zitekeen izenen batekin gure proposamena bataiatzea.
Mugimenduak, keinuak nahiz ekintzak proposatu genituen. Plazan, erreminta berriekin -edo ezohikoekin gutxienez- plazan lan egitea ezinbesteko iruditu zitzaigun. Egin genezakeen gutxienekoa zen egungo testuinguruo soziokulturalaren aurrean; izan ere, bizi garen lekuetan koherenteak eta kontzienteak izan nahi dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!