Aurrekontua onartuta, Plan Orokorra helburu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 19a, 20:16

Uztailaren 8an ezohiko batzarraldian, Udal aurrekontua gehiengo osoarekin onartu zen. 2009an gastuari eusteko neurriei esker, 2010ean inbertsioak egingo dituzte Udala zorpetu gabe.
Aurrekontuaren eztabaida gaindituta Urnietako gobernu taldeak erronka berriari eutsi dio: Hiri Antolamendurako Plan Orokorra bideratzea.

Aurrekontua onartuta, etorkizuneko Urnieta irudikatuko duen Plan Orokorrari bidea eman nahi diote. Arin eta azkar, urtearen amaierarako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra amaituta egon daiteke baldin eta Udal gobernu taldeak prestaturiko egutegia betetzen bada.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean etorkizuneko azpiegiturak, etxebizitzak edota industriguneak eraikitzeko irizpideak zehazten dira. Udaletxe guztietan hirigintza alorrean erabaki potoloak hartu aurretik kontsultatu beharreko erreferentzia nagusia izan ohi da.
Agintaldiaren azken urtea, beraz, ez da denborapasa hutsa izango. Hilabete honetan bertan bi batzarraldi burutuko dira eta hilabetearen amaierarako Plan Orokorrari hasierako onespena eman nahi diote. Abuztuan eta irailean plana erakutsi eta alegazioak aurkezteko tartea irekiko dute. Bide batez, alderdi ezberdinen arteko negoziazioei azken ukituak emateko garaia izango da.
Azaroan, plana idatzi eta behin-behineko onespena eman nahi diote.
Urtea amaitu bitarte, hori da Mikel Izagirre buru duen taldeak hartu duen konpromisoa, “Plana bideratzeko egutegia urtea amaitu aurretik burutu nahi dugu. Helburu horren bila UDAk duen indar guztia jarriko dugu”.
Pentsatzekoa da EAJ-PNVk bat egingo duela gobernu taldeak aurkeztutako egutegiarekin. Plan Orokorra martxan jartzea baitzen Udal aurrekontu proposamenari baiezkoa emateko baldintza nagusia.
Pentsatzekoa da Ezker abertzalea eta Herrigintza ere plana osatzen eta bideratzen ahaleginduko direla, orain arte erakutsi duten erantzukizun berarekin jarraituz gero. Ikustear dago PSE-EEren jokabidea zein izango den. Aurrekontuen aurka bozkatu zuten, baina gerta daiteke Plan Orokorra bideratzeko erraztasunak ematea.
Gauzak okertzen ez badira behintzat, Udala aurrekontu berriarekin, zorpetze maila oso baxuarekin eta Hiri Antolamendurako plangintza berriarekin iritsiko da agintaldiaren amaierara. Hurrengo hauteskundeetan alkatetza eskuratzen duenarentzat egoera ezin hobea.

Udal taldeetako bozeramaileen iritzia

Ezohiko Udal batzarraldia ezustekorik gabe igaro zen, bozketaren emaitza aurretik bideratuta zegoen eta. Udal taldeetako bozeramaile guztiek beren iritzia emateko aukera baliatu zuten.

Mikel Izagirre, UDA:

"Udalak sarrera gehiago izan zuen urtearen amaieran, uste zena baino askoz gehiago. Horrek soberakina ekarri zuen, aurtengo aurrekontuan gastuen zerrendan sartu duguna.
Soberakin hori 500.000 eurokoa da, eta kopuru hori gastuetan sartu dugu batez ere arrazoi batengatik: lehengo urtean, gauden egoera ekonomikoa ikusita, hainbat gai ukitu gabe geratu ziren. Aurten, gutxienez, kantitate bat bideratuko dugu. Baina inoiz ez sartzen dena baino gehiago gastatzeko".
Nahiz eta aurtengorako aurreikuspenak hobeak diren, Udalak oraindik ere aurrezteko irizpideari eutsiko diola adierazi zuen alkateak.

Herme Gonzalez, PSE-EE:
"Normaltzat ematen ari gara aurrekontua uztailean onartzea, eta ez luke horrela izan behar. Bost proposamen zehatz egin ditugu Udal aurrekontuan txertatzeko. Baiezkoaren alde egitea UDAren kudeaketari onespena ematea da. Eta, noski, ez gatoz bat inondik inora. Gure taldea kontuan hartzea nahi dugu, eta hori egiten ez baduzue urnietar askori min egiten diozue".

Maribel Vaquero, EAJ-PNV:
"Herriak dituen beharrak asetzeko moduko aurrekontua da, baina iruditzen zaigu oso berandu datozela. Urte erdia igaro eta gero, hauek agintaldi honetako azkenak izango direla ulertzen dugu. Horregatik esfortzua egitea egoki ikusten dugu. Aurrekontua guk egindako proposamenen onarpenera lotu dugu, batetik, eta Plan Orokor berria bideratzeari, bestetik.
Konpromisoak konpromiso, baiezkoaren alde egingo dugu".

Iñaki Mendizabal, ezker abertzalea:
"Baiezkoa emango diogu, gauzak ez dira zuri edo beltz. Hurrengo agintaldirako soberakin ekonomiko polita utziko dugu. Udala %2ko zorpetze mailarekin utziko dugu, zenbat udaletxetan nahiko lukete egoera horretan egotea!
Lorpen hori kudeaketa ekonomiko onaren fruitua da. Esan behar den tokian esan behar da. Ez da nire lanaren fruitua izan, baizik eta ezberdinen artean lortutako akordioei esker lortutakoa".

Xabier Sasiainbarrena, Herrigintza:
"Kudeaketa ekonomikoa nahiko ona izan da, soberakinak daude eta inbertsioak egongo dira: aparkaleku berriak, mugikortasun irizpideak..., denok utzi dugu zerbait alde batera interes orokorraren mesedetan".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!