Luxio Aranburuk Piriniotan 1980an eginiko balentria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 19a, 20:10

30 urte bete dira Luxio Aranburuk (Gabiria, 1936) egundoko balentria egin zuela: Meditarraneo eta Kantauri itsasoak hogeita bi egunetan batu zituen, Pirinioetako zeharkaldia egin ostean. Bakarrik abiatu zen eta egunean berrogei kilometrotik gora egin zituen, bidean ziren tontor garaiak igotzearekin batera. Pirinioetara joaten jarraitzen du 74 urteko mendizale porrokatu honek.

Zer planteamendu zeneraman Mediterraneotik irten zinenean?
Luxio Aranburu: Ni ez nindoan markarik haustera; helburua nire martxa hartuta hasi eta bukatzea zen. Horretarako, gainez gain, altuera gehiegitxo galdu gabe joan nahi nuen eta aldi berean, ahalik eta biderik zuzenena egin, Espainiako partetik. Hori bai, bidean ziren zenbait gailur igotzeko asmoa ere banuen.

Bidea ezagutzen al zenuen aurrez?
L.A.: Bi urte lehenago zalantzazkoak zitzaizkidan Pirinioetako zenbait bailaratan (harunzkaldeetan batez ere) ibili nintzen. Garaitsu hartan oraindik ez ziren zabaldu ez GRak ezta ibilbide luzeko zeharkaldiak mendizaleen artean; nolanahi ere, egia esan behar badut orduan bide markak egon izan balira ere, ez nien arreta handirik jarriko; eskarmentuak esaten dit nahasteko bestetarako ez direla izaten maiz.  
Eskuartean Alpina argitaletxeko mapak eta batez ere G. Veronen Alta excursión Pirenaica liburua izan nituen. Azken hau orientagarri bezala erabili nuen; izan ere, liburu gehienek bezala, altuera galtzera eramaten zaitu etapa bakoitzaren bukaeran.

Zer eraman zenuen gainean?
L.A.: Oso arin ibili nintzen. Andoaingo mendizaleokin hasi zen Martin Zabaletak behin esan zidan bezala, “mendian zama gutxi eraman behar da”. Printzipio hori beti aplikatzen saiatu naiz.
Zeharkaldi hartan 7-8 kilo besterik ez nituen eraman bizkarrean, behar-beharrezkoa besterik ez; ez argazki kamerarik, ez lo-zakurik, ez kantinplorarik, ez butanorik... Jateko, fruitu lehorrak, txokolatea, lataren bat edo beste eta fruta besterik ez nuen eramaten. Botak ere oso arinak jantzi nituen.

Egunerokoa konta al dezakezu?
L.A.: Eguna oinez egiten nuen, tipi-tapa. 11 egunetan aterpeetan egin nuen lo eta beste hainbeste izarpean, tokatzen zen tokian. Txoriak kantari hasi orduko, goizeko 06.00etan jaiki eta sendo gosaltzen nuen; hori, gaua aterperen batean eginez gero. Izarpean egin banuen lo, berriz, ezer gosaldu gabe abiatzen nintzen. Handik bizpahiru ordura-edo errekaren bat topatzen nuenean, hankak freskatu eta gosaldu egiten nuen; C bitaminak dituzten redoson pastillak ere tarteka hartzen nituela gogoan dut.   
“Zibilizaziora” jaitsi nintzen bi txandatan bizarra moztu, otordu mardula egin, bi egunetarako fruta hartu eta ospa egin nuen berriro.

Federazioan edo beste nonbaiten erregistratua geratu zen balentria hori?
L.A.: Zeharkaldia egin eta biharamunean lanpostura itzuli nintzen, propaganda handiegirik egin gabe. Handik egun batzuetara, ordea, kazetari lagun baten bidez erreportaje bat agertu zen Deia-n.
Bestelakoan, erregistratuta ez dut uste inon dagoenik. Ikusia dago mendi federazioek indarrak himalayismora edo mendiko lasterketak bultzatzera bideratzen dituztela, ez mendizale soilen gora-beherak sustatzera.

Kritikarik ere jasoko zenuen, mendizaleak horrelako marketara ohituta ez zeuden garai hartan…
L.A.: Pirenayca aldizkarian oraindik mendi ibilaldiak idazten dituen batek, zera esan zuen orduan (gazteleraz): “Pirinioetako zeharkaldia 40 egunetan egiten da, nahiz eta korrikalari batzuk denbora laburragoan egin”. Aipamen kritikoa niretzako zela ulertu nuen argi.

Orduan erakutsi zenuen filosofia edo eskolari eusten al diozu oraindik?
L.A.: Erabat. Ni beti izan naiz arin irtetekoa mendira; motxilak soberan ikusten ditut, goiz parteko ibilaldietan batez ere. Antolatutako ibilaldi askotan, zenbait tokitan jateko eta edateko eskaintzen duten horietan ere, ez dago zertan ezer eraman beharrik.
Bestalde, beti eutsi izan diot tontorrak igotzearen joerari. Julio Villar mendizale mitikoak behin “hi tontor biltzaile bat haiz” esan zidan. Nahiz eta zeharkaldia egitera atera, ezin naiz itzuli etxera bidean topatzen den puntaren bat egin gabe.
Gailur franko egina izango zara bizitzan zehar…
L.A.: Denetarik egin dut. Pirinioetako hiru milako edo Euskal Herriko katalogoan agertzen diren guztiak igota dauzkat; baita estatuko herrialde guztietako handienak ere. Amerikara lau alditan joan naiz eta horietan Aconcagua (6.959 m.), Huascaran (6.768 m.) eta beste zenbait eginak ditut; Afrikan ere, Kilimanjaron, Atlasen…, ibilia naiz.   
Urtetako makina bat irteeren artean, bereziki gogoan daukat Felipe Uriarte eta Julio Villarrekin urte mordoan batera egindako irteerak; Pirinioetako arista eta korridore asko egin genituen elkarrekin.

Sasoi betean zinenean Himalayan zortzimilakoren bat egiteko aukera galdu izanaren sentsaziorik geratzen ez?
L.A.: Felipe Uriartek antolatutako espedizio batean parte hartu nuen; Annapurna IV igotzea zen asmoa, baina atzera egin behar izan genuen.
Zer esango dut… Orain 20-30 urte aukera eduki izanaren pena, betirako geratzen zaizu; hori ezin da ukatu. Baina irteera mota horietarako sasoia igaro zen, eta gainerakoan egin dudan guztiak asetzen nauela iruditzen zait.

Mendietatik jaitsi ezinik jarraitzen duzu 74 urte beterik…
L.A.: Ahal den arte! Hiru irtenaldi zain dauzkat hurrengo asteetarako. Jubilatu nahiz gazte koadrilekin batera, Pirinioetan zehar ibiliko naiz, urteroko usadioari eutsiz.  

Zer iritzi duzu azken boladan mendi lasterketen eskutik markak haustearen joeraren gainean?
L.A.: Egia da lehen mendizaletasunari kutsu erromantikoa eman nahi izaten zitzaiola: pausoa moderatu, azkenekoari lagundu, paisajeaz gozatu… Aldatzen ari da hori dena. Baina ez dugu ahaztu behar gizakiak beti izan duela grina ahalik eta gailur gehien egitekoa, denbora laburragoan...
 
Eta zer diozu egungo himalayismoaren gainean?
L.A.: Hara laguntzaileekin joan eta besteek jarritako sokarekin igotzeak adibidez, horrek erreparo etikoak sortzen dizkit. Hala ere, orain 30 urte kritikatu egingo nituzkeen antzeko jokaerak; gaur egunean, ordea, hainbeste gauza ikusi eta gero, ni behintzat dena onartzera jarri naiz. Bai inurrategitarrek hartutako bide zintzoa, baita besteek hartutakoa ere; izan ere bere meritua baitu gailurrak modu batera zein bestera igotzeak.

 

  • 1. Port Bou-Perthus lepoa;
  • 2. Perthus lepoa-Falgos;
  • 3.Falgos-Costabona aterpea;
  • 4.Costabona aterpea-Puigcerda;
  • 5.Puigcerda-La Masana;
  • 6.La Masana-Vall Ferrera;
  • 7. Vall Ferrera aterpea-Certescan;
  • 8.Certescan aterpea-Alos de Isil;
  • 9.Alos de Isil-Aiguamos;
  • 10.Aiguamos-Mulleres aterpea;
  • 11.Mulleres aterpea-Eriste;
  • 12.Eriste-Viadoseko etxaldeak;
  • 13.Viadoseko etxaldeak-La Larri;
  • 14.La Larri-Lurdes aterpea;
  • 15.Lurdes aterpea-Letrero lepoa;
  • 16.Letrero lepoa-Ponbie aterpea;
  • 17.Ponbie aterpea-Aigues Tortes;
  • 18.Aigues Tortes-Larra-Belagua;
  • 19.Larra-Belagua-Pedro etxola;
  • 20.Pedro etxola-Orreaga;
  • 21.Orreaga-Otsondoko lepoa;
  • 22.Otsondoko lepoa-Hendaia. 


Bidean igotako gailurrak:
Neulos (1.252 m.), Roc France (1.450 m.), Negre (1.553 m.), Geant (2.881 m.), Pedros (2.911 m.), Roca Enrevesada (2.961 m.), Estat (3.151 m.), Flavisella (2.853 m.), Montvalier (2.838 m.), Montarto (2.830 m.), Aneto (3.404 m.), Posets (3.375 m.), Perdido (3.355 m.), Vignemale (3.303 m.), Middi D´ossau (2,885 m.), Atxerito (2.358 m.), Hiru Errege Mahaia (2.438 m.), Ori (2.018 m.), Bizkartze (1.656 m.), Urkulu (1.419 m.) eta Larrun (905 m.).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!