Gaztetxoen Udabentura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 19a, 20:09

Kristina Ruiz Gaztelekuko arduraduna, Udabentura ekimenaren baitan, 12-16 urteko gaztetxoekin piraguismoa, surfa edota eskalada egitera abiatu da aste honetan. Tokian tokiko adituen laguntzarekin kirol jarduera ezberdinak burutzen ari dira.


Gazteek horrela eskatuta, uztailean zehar goizez hainbat tailer eta irteera egin dituzte. Aste honetan egin dituztenei Udabentura izena ipini diote, eta ekitaldi sorta horrekin agur esango diote ikasturte berria hasi arte. Kristina Ruiz, oro har, oso pozik dago Gaztelekuan gazteak izaten ari diren jarrerarekin eta parte hartzearekin.

Aste honetan bertan jarduera ezberdinak burutzen ari zarete...
Kristina Ruiz. Haiek udan duten hutsuneari erantzun nahi genion. Piraguan ibili, surfa egitea, eskalada..., jarduera erakargarriak dira gazteentzat eta probatzeko aukera eskaini nahi genien. Agian ez dira inoiz animatuko, baina behintzat probatzeko aukera hori eman diegu. Hastapen modukoa da, egun bakarrekoa. Agian hurrengo urteetan gustukoa duten jarduera horietakoren batean ikastaro trinkoa egitera animatuko dira.

Udabentura deitu diozue aste honetako ekimenari...
K.R.Ekintza ezberdinak, bereziak dira. Izen hori ipini diogu erakargarri egiteko. Esan beharra dago horietan guztietan adituen laguntza izan dugula. Jarduera horietan adituak diren begiraleekin jardun dugu. Eskalada, surfa..., kirola eginez gozatzen ari gara aste honetan.
Ostegunean aldaketatxo bat izango da. Ziurrenik jolasak eta gaubela Gaztelekuan egingo ditugu. Bertan geratuko gara lotan.

Uda hasiera honetan egindako tailer eta irteera horien artetik, zer nabarmenduko zenuke?
K.R.Irlara egin genuen irteera aipatuko nuke. Hogei lagun animatu ziren eta irteera sinplea iruditu arren, haientzat zerbait berezia eta ezberdina izan zen. Urte osoan zehar Gaztelekuan izan ohi dira eta orain, udan, kanpora begira irteera politak egin ditugu.
Parte hartzea, oro har, handia izan da tailer guztientzat. Motxilen tailerrean, adibidez, josten ikasi behar zuten eta gure harridurarako gazteen erantzuna oso ona izan zen. Inplikatu ziren eta josten ikasten aritu ziren. Gazteen aisialdia prestatzerakoan sorpresak gerta daitezke eta aipatu dudan hori sorpresa atsegina izan zen.

Gustura ikusi dituzue gazteak, beraz...
K.R. Bai, bai. Orokorrean parte hartzea polita izan da eta gustura etortzen direla ikusten da. Haiek eskatuta, jarduera gehienak goizez egiten dira. Arratsaldean libre nahi dute lagunekin egon eta igerilekura edota hondartzara joateko.

Parte hartzearekin ere, beraz, pozik zaudete?
K.R.Bai, bildu den gazte kopurua polita da. Irteera egiteko garaian gehienezko kopurua hogeikoa da. Aste honetako kirol jardueretara hamalau gazte animatu dira.
Bestela, urtean zehar oso gustura egon gara. Aurten oso giro polita egon da Gaztelekuan, 16-17 urteko talde jatorra osatu baita. Laguntza izugarria eskaini dute giroa hobetzen eta ekimen berriak bideratzen.
Herriko hainbat jardueretan ere laguntzaile lanetan aritu dira; Adarramendi lasterketan edota San Tomas egunean ere bolondres lanetan aritu dira, eta hori guretzat oso pozgarria da.

Aste honetako jarduerekin Gaztelekua itxi egingo dute, irailaren 6an berriro ateak zabaltzeko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!