PSE eta EAJ ados jarri dira San Marko mankomunitatean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 19a, 20:04

Uztailaren 13an Urnietako EAJk bidalitako prentsa oharrak zera zioen, “EAJ-PNV eta PSE-EEren Udal taldeak ados jarri dira Urnietako Udalak San Marko Mankomunitatean duen ordezkaritza aldatzeko”.
Mikel Izagirre eta Iñaki Mendizabal izan dira orain arte Urnietako ordezkariak mankomunitatean. Mozioa aurrera ateratzen bada, Miren Martiarenak hartuko luke Mendizabalen lekua.

Urnietan ezaguna da sozialisten eta jeltzaleen arteko ezin eramana. Adibide ugari dago azken urteetan. Jeltzaleak alkatetzan izan zirenean sozialistek oposizio gogorra egin zuten, akusazio larriak eginez. Azken urteetan bi alderdiak oposizioan dira eta bien arteko elkarlana hutsaren hurrena izan da. Zaborren kudeaketan izan ezik.
Salbuespena da, eta gai horretan sozialistak eta jeltzaleak azken hilabeteetan elkarren eskutik doazela esan daiteke. Bien botoen baturak sortzen duen gehiengoa baliatzen ari dira: Lehenik, martxoan, atez ateko bilketa sistema baztertu eta bosgarren edukiontzia txertatzea erabakitzeko. Bigarrenik, uztailean, Urnietak San Markon duen ordezkaritza aldarazi eta mankomunitateak atez atekoaren alde emandako pausoak errotik mozteko.
Uztailaren 12an Maribel Vaquero EAJ-PNVren Udal taldeko zinegotziak ondorengoa adierazi zuen, prentsa ohar bidez: “mozioaren helburua, alde batetik, Zuzendaritza Batzarraren kudeaketa txarraren ondorioz, San Marko mankomunitatearen egoera jasangaitzarekin amaitzea da; eta bestetik,  kudeaketa organoan Donostialdeko talde politikoen benetako ordezkaritza egotea da, hau da, aurreko Udal eta foru hauteskundeetatik ateratakoa”.
Biharamunean Herme Gonzalezek Aiurriri eransteko ezer gutxi zuela adierazi zion, “EAJk oharra berea balitz bezala igorri du hedabideetara, baina bi alderdien artean adostuta daude mozioa aurkezteko arrazoiak eta prentsa oharraren edukia”. Sozialistarentzat gakoa martxoko Udal erabakian dago, “martxoan bosgarren edukiontziaren aldeko mozioa onartu zen Urnietan eta alkateak ez du deus egin, ziurrenik ez duelako gogoko sistema hori”.
Iñaki Mendizabal ezker abertzaleko kideak mankomunitatean duen ordezkaritza galduko du. Ez zuen adierazpen berezirik egin nahi, “gerta zitekeen eta ez dut erabakia pertsonalizatu nahi. Miren Martiarenak ordezkatuko nau eta oso pertsona egokia dela esan dezaket. Kezkatzen nauena, ordea, erabakiaren atzetik dagoen intentzioa da”. Mendizabalen ustez lau urte atzera egin da, “erraustegia ez da Urnietan egingo, Urnietatik metro gutxira baizik. Ez dugu erraustegia gure begiekin ikusiko, baina haren ondorioak berdin-berdin nozituko ditugu”.
UDAko Mikel Izagirre alkatea eta mankomunitateko ordezkariarentzat mozioaren aurkezpena “benetako erasoa” da,  “borroka galten ari zirela ikusita, Ortega kargutik kendu eta Urnietan mozioa aurkeztuta mankomunikatearen kontrola hartu nahi dute”. Oker dabiltzala dio Urnietako alkateak, “PNV eta PSE oker dabiltza erraustegiaren aldeko apustu itsua eginez. Denborak arrazoia emango digu atez atekoa bezalako sistema alternatiboak defendatzen ditugun pertsona, erakunde eta eragileoi. Merkea eta ekologikoa delako”.

Urnietako mozioa aurrera ateratzen bada, goitik beherako aldaketa gertatuko da mankomunitateko zuzendaritzan.
2007az geroztik ezker abertzalea, Alternatiba eta UDAren esku dago erabaki ahalmena. Denbora honetan guztian Usurbil, Hernani edota Oiartzun herrietan atez ateko sistemak martxan jarri dituzte. Aurrerapauso horiek eragin zuzena izan dute Gipuzkoako hainbat udalerri eta mankomunitatetan.
Azken hilabeteotan, ordea, Udal mozio bidez ordezkarien aldaketa gauzatzen ari da. Ikasturte hasieran mankomunitatearen erabaki ahalmena EAJ, PSE-EE eta Hamaikabat alderdien esku gera daiteke.
Beste modu batera esanda, atez atekoaren aurkako eta erraustegiaren aldeko jarrerak nagusituko dira.
San Marko mankomunitatearen ordezkaritza udalerrien eta biztanle kopuruaren arabera banatuta dago.
Lasarten eta Urnietan mozioak onartzen badira, boto horiek erabakiorrak izango dira zuzendaritza taldea aldatzeko.

BOTO KOPURUA HERRIZ HERRI
Herria, Botoak

  • Donostia     47  (PSE 23,5 /  Alternatiba 23,5)    
  • Lasarte-Oria (PSE-EE)     13
  • Urnieta (UDA 5, PNV 5*)     10
  • Astigarraga (EAJ-PNV / Hamaikabat)     10
  • Errenteria (PSE-EE)     17
  • Hernani (Ezker abertzalea)     14
  • Lezo (Ezker abertzalea)     10
  • Oiartzun (Ezker abertzalea)     13
  • Pasaia (PNV / PSE-EE)     13
  • Usurbil (Ezker abertzalea)     10


INDAR KORRELAZIOA

  • EAJ-PNV, PSE-EE, Hamaikabat    80,5
  • Ezker abertzalea, Alternatiba, UDA    76,5

*[Mozioa aurrera ateratzen bada]

 

Iñaki  Mendizabal Urnietako
zinegotziaren jarrera eraikitzailea

Atez atekoaren aldeko jarrera garbia izan arren ezker abertzaleko zinegotziak 2010eko martxoan kiroltasunez onartu zuen 5. edukiontzia jartzeko Udal erabakia. Jarrera eraikitzailea erakutsi zuen apirilaren 23an Aiurriri eskainitako elkarrizketan, “momentu honetan 5. edukiontzia onartu dute gehiengoz eta goazen jendea kontzientziatzera”.
Bere aukera ez bazen ere parte hartzera dei egin zuen, “erabakia hartua dago eta jende guztia animatzen dut edukiontzi berria erabiltzera”.
PSEk eta EAJk atez atekoa inposaketa zela ziotela galdera egitean zera erantzun zuen, “beraien ikuspuntu pertsonala da. Katalunian PP, PSC eta ERCk agintzen duten herrietan ere ikusi dut atez atekoa, beraz ez da inposaketa”.
Laster, San Marko mankomunitatetik kanpo gera daiteke EAJ-PNV eta PSE-EEren mozioa aurrera ateratzen bada.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!