Usteko duzue udal igerileku guztiak hantzeko arauak eta bete beharrak dituztela eta hauek betearazteko garaian ere modu berdintsuan jokatzen dutela udal ezberdinak. Bada ez da horrela, Urnieta kasu berezia baita.
2008ko azaroan idatzi bat aurkeztu genuen Urnietako Udalean, besteak beste igerilekuko zelaiko belarraren ziztaden berri emateko. Aurten prentsan agertu da ziztadak ematen dituen belar mota bat badela igerilekuko zelaian, guk duela bi urte jakinarazi eta gero. Nahiz eta badirudien horrelako lanak neguan egin behar liratekeela, denboraldi betean, udan zelaiaren erdia hesitu eta itxi egin dute arazoari irtenbide bat eman artean. Itzalgune bakarra utzi digute eta ez da nahikoa joaten den jende guztiarentzat.
Aurten hartu den beste neurri bat izan da aldageletako takilak kandadu bidez ixtearena, arazorik ez, ez balitza kandadua etxetik eraman edo bertan erosi behar delako (6 eurotan). Tabernaren esleipena egiteko ere badirudi neguan ez dutela denborarik izan eta orain udan zerbitzu hori gabe gaude. Ez daukagu aulki bat esertzeko, ezin dugu izozki bat jan edo kafe bat hartu…
Beste arau bat ere bada: zelaian ezin da ezertxo ere jan , baina ez dago horretarako prestaturiko lekurik. Lau urte arteko haurrentzako prestatutako parke txiki bat besterik ez dago, gainontzekook kalera joan behar al dugu? Nora bestela?. Uste dut arduradunak aurpegia eman lukeela haserretuta dauden ehunka urnietarren aurrean eta ez sorosleak bidali berari dagokion lan bat egitera, hauek bestela ere badute eta nahiko zeregin.
Azken finean, eguzkiaz gozatuz arratsalde-pasa joateko aisialdi gune bat izan beharko lukeena, odola sutan jartzen zaigun toki batean bihurtzen da. Hori guztia, 5,50euro helduek eta 3,10 euro umeek ordaindu ondoren.
Maria Jose Jimenez