"Remi, herriaren taupada" liburuaren aurkezpena jaien atarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 17a, 15:37

Atzo iluntzean aurkeztu zuen Remi Gogoan ekimenak 'Remi, herriaren taupada' liburu-DVDa Remi Ayestaran ibilbidean. Argitaratzaileek lagunaren irudia paperean gorde nahi izan dute eta pentsaera nahiz adin ezberdineko herritarrek zioten begirune eta maitasuna lau haizetara zabaldu nahi izan dute 68 orriko argitalpenaren bidez.

Remi ezagutu eta berekin harremana zuten talde, elkarte nahiz norbanakoen hitzak gorde dira liburuan. Herritarrek Remiren inguruan gehien errepikatu dituzten ezaugarriak mutil leiala, irekia, alaia eta langilea izan dira.

Parte hartze zabala

Argitalpenaren hasierako orrietan, uztailaren 31ko gertaeren kronika egitearekin batera, Remiren gertukoek hartu dute hitza lehenik eta behin. Guraso, anai-arreba, neska-laguna nahiz izebaren gogoeten ondoren, Fleming ikastetxeko irakasle eta institutuko lagunek, koadrilako nahiz Burgosko lagunek, Amasa-Villabonako ezker abertzaleak, Udaleko kideek, Iratzarko lagunek, Ayestaran etxeko lankideek, Irrintzi elkarteko bazkideek edo Jubilatu elkarteko kideek gogoratu dute lagun, lankide eta herritarra. Herriko tabernarien artean, Itzalpe, Ongi etorri, Xiker, Or Konpon eta Egarri tabernetako tabernariek Remirekin izandako harremanaz hitz egin dute. Herriko koadrilen artean, berriz, Wuitxu, Kixkurli, Jakintzan edo Kixbi koadriletako partaideek. Herriko talde ezberdinek ere parte hartu dute liburuan: Malkar aisialdi taldeak, Billabona futbol taldeak, Loatzo musika eskolak, Oinkari dantza taldeak, Onddo gazte asanbladak, Amaiur dendako Amiano ahizpek... Kolaborazioen tartea ere zabala da: Pepo Alonso irakasle ohia, Julen Yarza ezker abertzaleko kidea eta laguna, Nagore Abaigar danborradako kidea eta laguna, Amaia Agirre bertsolaria, Beatriz Mena Gazteria eta Kirol teknikaria, Esti Amenabarro ezker abertzaleko kidea eta laguna edota Mikel Garmendia laguna eta preso ohiaren idatziak eta hitzak jaso dira. Orriak aurrera, Euskal Herritik nahiz kanpotik jasotako hainbat atxikimendu eta oroimen mezu ere bildu da, herri ekimenaren agurraren aurretik. Herri ekimenak hainbat testu gaztelaniara itzultzea egoki ikusi du eta orri horiek osatu dute liburuaren bigarren zatia, aurrekoa bezala, argazki ugariz hornitua.

Herritarren artean 

Herritar ugarik hartu du parte joan zen urtarrilean hezurmamitzen hasi zen liburua osatzerakoan. Elkarrizketak eta erredakzio lana egiteaz Unai Urreaga, Maider Eizmendi eta Ainhoa Arozena kazetariak arduratu dira, Esti Amenabarroren laguntzarekin. Elkarrizketatuen argazkiak Iyuya Urrutia eta Idoia Lahidalga billabonatarrek atera dituzte. Erroitz B.M.-ko Maddi Trutxuelok egina da liburuaren diseinua eta maketazio lana. Azalaren diseinua, berriz, Maddi Galarragarena da. Azaleko nahiz kontrazaleko margoak Helga Massetani margolariak egin ditu eta testuen gaztelaniazko itzulpena Hitzurun B.M. enpresako langileek. Lasarte-Oriako Antza irarkolan inprimatu da liburua, 1200 ale guztira. Liburuarekin batera, joan zen urriaren 10ean herri ekimenak antolatuta, Remiri eta bere senideei eskaini zitzaien herri omenaldiko DVDa ere jasotzen du argitalpenak. Mattin Troitiñok grabatutako bideo hura Iyuya Urrutiak eta Idoia Lahidalgak editatu dute eta Iñaki Ugarteburuk egin ditu DVDen kopiak. Villabonako Udalak babestu duen argitalpena herritik eta herriarentzat egin da.

Liburua salgai

Uztailaren 16ko aurkezpenaren ondoren, 12 euroren truke toki ezberdinetan jarri da salgai liburu-DVDa. Villabonan: Amasa, Ogi Goxo, Labezain, Kixubi eta Larrea okindegietan, eta Basajaun eta Kazetaria liburu-dendetan. Amasan: Iturrigoxo jatetxean. Beterri-Aiztondoko gainerako herrietan ere ohiko lekuetan erosi ahal izango da argitalpena.

 

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!