Gantzarain txirrindulari handiari omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 15a, 11:06

Gurutz Gantzarain Andoaingo historiako txirrindularirik onenetakoa izan dela gogoratuz, Etxeberrietako jaietan omenaldia eskainiko diote.

Gurutz Gantzarain 1927ko azaroaren 23an jaio zen Etxeberrieta auzoan; 83 urte betetzera doa, beraz. Atzo gertatu balira bezala gogoratzen ditu bizikletarekin lotutako abentura guztiak.
Txiki-txikitatik daki zer den bizikletaren gainean jartzea. “Hiru urte besterik ez nituen izango jada aitaren bizikletaren koadroan hanka sartu eta pedalari ematen hasi nintzela. Gainerakoan aitak anaia zaharrenari Frantziatik ekarri zion bizikletan ibiltzen nintzen; Andoainen bakarrenetakoa izango zen hura”.
Aitak itsatsi zion bizikletarekiko joera. “Oso kirolari ona zen eta esan ohi zutenez Andoainen ez omen zegoen pilotan irabaziko zionik. Berarekin egin nuen lehen ibilaldi luzea, 13 urterekin: Andoaindik Arantzazura joan, eta kostaldetik itzuli ginen”.
Ondo gogoan du zein egoera xelebrean izan zen bere estrainaldia lehiaketetan: “Ni mutil koskorra izaki, lehiaketetan ibili ohi ziren Ubilloseko Jose Inurrieta eta Ubarango Ramon Garmendiarekin elkartzen nintzen herrian, eta aise uzten nituen atzean. Behin Donostian proba zuten eta haiekin joatera animatu nintzen. Etxean ni lehiaketetan hasterik nahi ez-eta, etxean ehizara noan plantak egin, eta hor kendu diot Azpikolari bizikleta Donostiara joateko! Nola ez dakit, baina aitak agudo jakin zuen zertan nenbilen, eta Tolosatik tropelean gentozela, Andoainen Goikoplazako pasaeran zain neukan: ‘gelditu hadi, gelditu hadi!’. Baita zera ere gelditu! Kursaaleko helmugako azken luzera besteei abantaila kenduta iritxi nintzen. Euria ari zuen ordea, eta zer egingo, eta metro batzuk falta zirela, erori! Arrastaka nindoala, helmugatik bi metrora harrapatu ninduen tropelak! Hura pena, irabazia neukan karrera!”.
Begiratu zorrotzak jaso zituen etxean egun hartan Gurutzek, baina jada 18 urte zituen eta artean ez zen jaio lehiaketetarako bere grinari mugarik jarriko zionik.
Urte hartan ziren lasterketa guztiak irabazi zituen Gipuzkoan, afizionatuen mailan. Gaurko begietatik ikusita sinesgaitza den baldintzetan korritzen zen orduan. “Han ez zen ez gregariorik, ez mekanikorik… Tubularrak bizkarrean eramaten ziren eta gurpilak geuk aldatu eta puztu behar izaten genituen”.   
Hurrengo urtean, profesionalak Gipuzkoako txapelketa jokatzera zihoazela, zera agindu zioten Gantzaraini: “Irabazten banuen, automatikoki profesionaletan tokia izango nuela, alegia. Tolosan, Rondilla kalean zen helmuga. Azken metrotan atzetik atera eta aurre hartu nien guztiei, baina tranbietako karril batean sartu nintzen nahi gabe. Espainiako itzulia irabaztetik zetorren Langarikak pasa egin ninduen orduan; azken-azken metrotan, hala ere, esprina jo, eta lehena iritsi nintzen”.

“Betikoa” irabazle
1946an izan zen hori. Hurrengo bi urtetan ziren eta ez ziren karrera guztiak irabazi zituen, “esprinean ez zegoen niri aurre hartuko zidanik, eta jendeak nork irabazi zuen galdetzen zuenean ‘betikoak!’  zen erantzuna”.

Karrerei buruzko kontakizunak barra-barra dauzka Gantzarainek gordeta buruan, irabazle gisa bukatu zituenak gehienak. Lortutako palmares oparotik, aipa daitezke Ordiziako klasika hiru txandatan, Vasco-Nafarroako txapelketa bai ziklo-krosean baita errepidean ere…
1948an soldaduskara joan behar izan zuen, eta 1953an berriro heldu zion bizikletari. Gipuzkoan eta Bizkaian zenbait karrera irabazita, Frantziarako jauzia eman zuen orduan. Han, ordea, sei hilabetez geldirik eduki arazi zuten, federazioko tramiteak zirela medio. Bitarte horretan Maria Arantzazu Lasarekin ezkondu eta bizikleta baztertu egin zuen.
Hiru seme-alabak koskortu zirenean berriro ekin zion errepideari: “Leizaurko zikloturistekin ibili naiz orain dela gutxi arte, klasiketan parte hartuz eta gailur mitikoak eginez. Begietako katarata dela medio utzia daukat, baina badaukat itxaropena berriro ere suabe-suabe hasteko”.      
Etxeberrietako omenaldiak ilusioa egiten dio, nahiz eta jabetzen den “gazteek eta ez hain gazte askok txirrindulari baino gehiago txatarrero gisa” ezagutzen dutela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!