Andoainek badauka museo etnografikoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 15a, 11:03

Gure arbasoen gizartearen erakusgarri diren tresneriarekin benetako museo bat antolatuta dauka Xabier Arruti ‘Txanka’k.

Nondik datorkizu tresna zaharrak biltzeko zaletasuna?
Gure arbasoek utzitako ondarea berreskuratzea helburu duen Burdina taldeko kide naiz, eta ekimen horrekin batera hasi nintzen bazterrean utzita, han hemen topatzen genuen tresnak biltzen, orain 12 bat urte. Izan ere, edozein ondare edo eraikuntza berreskuratzera edo informazio bila inguruko baserrietara bisitak egitera joaten ginenean, ohartu ginen tresna asko zegoela galtzeko zorian; zer eta aspaldiko gizarteaz hitz egiten ziguten tresneri, objektu edo agiriak.

Zer daukazu bilduta egundaino?
Kutsu zaharra duen edozer. Ezeri ez baitiot ezetz esaten. Izan litezke hainbat gizarte arlo eta bizibiderekin zerikusia dutenak: Plazaolako ferrokarrila, meagintza, burnigintza, nekazaritza, erlezaintza, artzaintza, zurgintza, erlijio katolikoa… Materialen zerrenda amaigabea da; trenbideko iltzeak edo akzioen agiriak, geltokietako zaindariaren gorra edo idatz-luma, baserri edo indarretxetako sarrailak, meategietako pikoak edo lanparak…

Gauzaki horien historia arakatzen hasita, zenbat urtez atzera joan gaitezke?
100-120 urtez atzera bai. Hortxe ibiliko dira Plazaolako meategi edo trenbidearen zerikusia duten gauzaki gehienak. Zaharrena berriz, Goiburuko auzoan berreskuratutako kutxa izango da ziurrenik, 1729koa baita.

Nondik nora ibiltzen zara bilduma osatzen joateko?
Batik bat Leitzaran bailarako eta Goiburu auzokoak dira bilduta dauzkadan gauzak. Baserritarrek edo herritarrek oparitutakoak edo eraikuntza zaharretan aurkitutakoak dira gehienak. Berreskurapen lan honetan hasi nintzenetik zertan ari nintzen nire inguruan zabaltzen ahalegindu naiz, propaganda egin dut asko, eta horri esker tarteka jendea etortzen zait esanez “hi, Txanka, hartzak burni puska hauxe nahi badek”. Askok ganbaran daukaten gauzaki zahar horri ez diote baliorik ematen, baina zakarretara bota baino lehen nahiago izaten dute nire esku utzi, badakitelako nik estimatuko dudala eta txukun-txukun jarri eta zainduko dudala. Noiz edo noiz, jendeak bildumako egoitzaren atean objetuak uzteko oihitura ere badu, modu anonimoan utzi ere.
Horientzat guztientzat, ni txatarreroa naiz.

Zein metodologia darabilzu?
Gauzakiak zikinak iristen dira nire eskutara normalki, eta garbitzeari ekiten diot orduan. Burnizkoak direnean, adibidez, espartzua erabiltzen dut, herdoila ez baizik eta daukaten zarakarra kentzeko. Eta gero, barniz berezi bat ematen diet gainetik, txukun eta ikusgarri gera daitezen. Berreskurapen prozesu horretan, zoritxarrez, ia beti egiteko uzten dudan lana objektu bakoitzari bere fitxa idaztea da; paperera eramatea bere testuinguru historiko edo humanoan koka daitekeen informazio guztia, alegia. Egoitzara etorri diren diputazioko tekniko eta etnografo adituek denek ere errieta berbera egin izan didate: alegia, premiazkoa dela lan hori egitea. Eta arrazoirik ez zaie falta; informazio guztia buruan daukadan arren, nork esan bihar ez zaidanik okerrik gertatuko… Eta hala balitz, galdutzat eman beharko litzateke kostata bildutako informazio guztia.   

Erakusgai al daukazu museoa?
Irekita dago ikus-mina agertzen duen edonorentzat. Gertatzen da egoitza txikia dela eta bi edo hiruna pertsonaz osatutako bisitak soilik egin daitezkeela. Andoaingo ikastetxe guztietatik etorri izan dira, eskolako lan bat egitera, honi edo hari buruz galdetzera, informazioa edo argazkiak ateratzera; piezaren bat edo beste ikastetxera bertara ere eraman izan dute erakusketa jartzeko. Bailarako Udal ezberdinetako ordezkariak ere bertaratu izan dira beren argitalpenak hornitu ahal izateko informazioa behar zutelako edo besterik gabe zer ondare dagoen ikusteko jakin-mina zutelako.

Kexu zara egoitza txikia delako…
Bai, izan ere biltzen jarraitzen dut, baina jada egoitzak ez du gehiagorako ematen; batez ere gauzaki handiak oparitzea beste erremediorik ez zait geratzen ari azken aldian. Bestalde, lapurreten arriskua ere ez da baztertu behar. Behin sartu ziren, eta nahiko selektiboak izan ziren; niretzat garrantzi handia zuten zenbait tresna eraman zuten. Harrezkero, segurtasun neurriak jarrita ditut. Hala ere, tokia handia izan ala ez, argi daukadana da museo partikular honek beste irtenbide bat eskatzen duela.

Zein bestelako irtenbide eman nahiko zenioke, bada?
Nire ilusioa tresna hauek guztiak Andoaingo museo etnografiko batean biltzea litzateke. Instituzio publikoek halako egitasmo batean sinetsi eta inplika daitezela benetan. Museo polita ireki daiteke bilduma honetan dagoen guztiarekin, gehi arakatzen hasiz gero handik eta hemendik oraindik berreskura daitezkeen makina bat gauzakirekin. Sakon aztertu beharko litzateke nolako enfokea (museoa, ofizio zaharren interpretazio etxea…) eman balizko egitasmoari. Nolanahi ere, oraintxe otutzen zait Plazaolako ferrokarrilaren inguruan ezin erakusketa aberasgarriagoa era zitekeela, adibidez. Tresna bakoitza bere azalpenekin jarrita, Leitzaranen bertan izan genuen eta jada joan zaigun mundu oso bat bista-bistan jartzeko moduan egongo ginateke. Behin hori aipaturik, aitortu behar dut jada erakunde ezberdinekin harremanetan jarrita nagoela nire gogoa adierazteko asmoz, eta batzuren batzuk interesa agertu izan dutela bilduma honekiko.

GOIBURUKO HARRIBITXIA
Tresna bakoitzak bere historiako pasarte bat, handia nahiz txikia, gordetzen du berarekin. Honengatik ala hargatik Arrutiri galdetuz gero, patxadaz baino pasioz jardungo zaizu kontakizun jakingarrietan barrena. 100 bat urte eduki ditzakeen akordeoia da Arrutik bereziki gordetzen duen harribitxietako bat; auzolana eta aisialdia uztartzen zituzten sasoiak oroitarazten dizkiguna: “Donatxele baserriko Joxe Inazio Belokik ateratzen zuen musika trikiti honetatik; Goiburuko baserritarrak auzolanerako biltzen ziren belarra, artoa, garia… biltzeko. Lan eguna amaitzerako, zizka-mizkak atera eta festa antolatu ohi zuten gauza handirik gabe. Orduan trikitia leher eginda zeuden baserritarrak dantzan jartzeko erabili ohi zen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!