Eusebio Lizarazu, udaltzainburu berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 15a, 11:01

Eusebio Lizarazu hernaniarrak hilabete pasatxo darama Amasa-Villabonako udaltzainburu gisa. Trafikoarekin lotuta bereziki, hainbat aldaketa bultzatu du dagoeneko.

Aurrez ere lan berean ibilitakoa zara…
Azken 26 urte hauetan Hernanin udaltzainburu lanetan aritutakoa naiz eta aurrerantzean, Amasa-Villabonan ere langintza berean ibiliko naiz.

Etorri eta berehala, hainbat aldaketa abian jarri duzu trafikoari lotuta…
Trafiko mailan gauza asko desorekatuta zegoela ikusi nuen eta herriko esparruari etekin hobea ateratzeko proposatu nituen aldaketak. Batetik, betiko arazoa dago: aparkalekuena, eta dagoen espazioari etekin gehiago ateratzeko helburuarekin berrikuntzak egin ditugu. Nahiko egoera aldrebesa zuenez, Txermin auzoan hasi ginen eta dagoeneko margotze lanak bukatu ditugu, aparkaleku berriak bateria posizioan jarriz eta autoa uzteko leku gehiago eskainiz. Jendeari hasieran arraroa egingo zaio atzeraka aparkatzea, aurreraka egiten ohituta baikaude. Baina, askoz ere seguruagoa da, zama espaloira jaisten delarik errepidera jaitsi beharrean. Denborarekin jendea sistema seguruagoa dela ohartuko da.
Bestalde, Etxe-Ondo auzotik Kaleberrira ere errepidea asfaltatu eta autoak aparkatzeko bidea berriz margotu dugu. Edukiontziak lekuz aldatu –zaborra botatzeko bihurguneak aprobetxatuz– eta zamaketa lanetarako gune nagusi bakar bat jarrita, 50 aparkaleku berri aterako dira batez beste herriaren alde batetik bestera.

Marra urdineko aparkalekuak gehitu egingo dira aurrerantzean. Nondik nora?
Kaleberriko zatian errotaziozko oso aparkaleku gutxi zegoela jabetu nintzen, 28 hain zuzen eta 78raino gehitzeko proposamena egin genuen Kaleberria, Akordeoiko etxeen ezker-eskuina eta Txerminen margotze lanak egin diren guneak kontuan hartuta. Marra urdineko aparkalekuak gehitzearekin batera, aldaketa nagusia ordutegiari lotutakoa izango da. Ordu erdia erosketetarako edo gestioak egiteko oso denbora tarte murritza denez, marra urdineko aparkalekua ordubetera luzatzea proposatu da. Denbora tarte hori ondo errespetatzen dela ziurtatzeko zein neurri hartu aztertzen ari gara orain: aurrena udaltzainok jarriko ditugu tiket edo txarteltxoak, baina aurrera begira, agian makina jartzera joko dugu. Marra urdinarekin lau gune egokituko dira hasieran eta gune berean ezingo da autoa ordubete baino gehiago utzi, errotaziozko aparkalekuek ondo funtzionatzen dutela segurtatzeko. Autoa denbora gehiagoz utzi nahi izanez gero, gunez aldatu beharko da. Santioak amaitutakoan jarriko da abian egitasmo berria.

Trafikoaren arazoa konpontzea, ezinbesteko lehentasuna herrian?
Hasiera batean jendeak gehien eskatzen duena aparkalekuen gaia konpontzea da. Gaizki ohituta gaude; ez gara ohartzen autoa erosten dugunean arazo bat erosten dugula. Zirkulazio zerga ordaintzeak ez du esan nahi etxe ondoan autoarentzako aparkalekua erosten dugunik. Bestalde, ezinezkoa beharko luke ogia erostera edo banketxera autoz ateraino joatea. Amasa-Villabona oso herri txikia da eta jendeak autoa espaloi gainean edo elbarrien guneetan oso erraz uzten duela nabaritu dut. Behar larririk ez denean, ez dut uste ohitura hori batere egokia denik. Noski, autoa gaizki uzten duenak isuna jasoko du; besteak errespetatzen ez dituenak ez bailuke espero behar bera errespetatzea. 26 urte hauetan ez dut ikusi ondo aparkatu duen inori isunik jarri zaionik.

Konpondu beharreko beste alorren bat?
Herri guztietan bezala, Amasa-Villabonan ere zarata sortzen da gauetan bereziki. Dendariak bezala, herriko tabernariak oraindik ez daude elkarte batean bilduta eta horrek, besteak beste, ordutegiari lotutako arazoak konpontzen lagunduko luke. Era berean, tabernetako terrazak beren ordutegietan mahaiak eta aulkiak kanpoan edukitzea ondo dago, baina ordutegitik kanpo, jaso egin behar dira tresna guztiak; kale zati hori publikoa baita oinezkoarentzat. Gauez udaletxean lanean inor ez egoteak hutsunea sortzen du. 24 orduko zerbitzua izanda, edozein arazoren aurrean, beti egongo bailitzateke nora joana. Baina hori antolatzea diru kontua da eta politikariek erabaki beharrekoa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!