Aljibea, erakustoki berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 15a, 10:58

Antzina, Subijana lantokiko langileek ur depositu modura erabiltzen zuten aljibea, erakusketa leku bilakatu da berriki.  Uztailaren 1az geroztik herritarrei zabalik dago.

Garai bateko Villabonako Subijana lantokiaren lurretan, Oria ibaiaren ertzean, arkuz osatutako ur depositua eraiki zen 1960ko hamarkadan, lur-azpian. 100m2 inguru pasatxo neurtzen du luze-zabalean eta argamasarekin lotutako adreiluz egindako lau arku ilara ditu. Ilara bakoitzean, launa arku, ezker-eskuin. Barrura sartutakoan urteak atzera egitearen irudipena pizten da, freskura eta hezetasuna sumatzearekin batera. Iluntasunean oso-osorik eta txukun mantendu den txoko misteriotsua da. Bada orain, kiroldegiaren atzealdean, Maiatzaren Lehena plazan, sarrera berritu eta egokitu egin diote aljibeari, barrualdea garai batean bezalaxe mantenduz; magia kutsu berarekin.
Aljibearen sarreran ez ezik, inguruan ere hainbat berrikuntza egin dute. Besteak beste, garai batean Errebote plazan zuen harrera beroa gogoratuz, idi apusturako harrizko bidea jarri dute eraikuntza berrituaren parean. Atzealdean, berriz, haurrentzako jolas parke berria, belarrez inguratuta.

EHU eta Udala elkarlanean
Aurrerantzean, besteak beste, erakusketak ikusgai jarri nahiz hainbat aurkezpen egiteko erabiliko da arkudun gune berritua. Uztailaren 1etik 21era, abian da dagoeneko lehen erakusketa ikusteko aukera. Egiari zor, aukera bitxi bezain erakargarria da. Izan ere, Villabonako Udalak hala eskatuta, EHUko Arkitektura eskolako ikasleek 2009/10 ikasturtean Sacem lantegiaren eta Legarreta auzoaren birmoldaketaren inguruan eginiko proiektuak baitaude ikusgai. Imaginando Villabona irudikatuz izena jarri diete erakusketari eta bertan dauden 27 lanek hirigintza ordenazio eta eraikin mota ezberdinak proposatzen dituzte; tartean, erabilera publikoko eraikinak eta baita etxebizitzak ere. Udalaren eta Unibertsitatearen arteko egitasmo honen bidez, gutxienez, bi helburu betetzen direla adierazi dute bultzatzaileek, “batetik proposamen ezberdinak gizarteratzea eta bestetik, ikasleentzako sustapena: Ikasturtean zehar egindako lana nolabait egunen batean arkitekto bezala lan egingo duten gizartearen aurrean burututa ikus dezaketelako”.

Naturgunea eta Sacem lantegia
Egitasmo eta eraikin harrigarriak proposatzen dituzte arkitekturako ikasleek, natur paisaiaren presentziak berebiziko indarra duen Legarreta auzoan. Ibaia, basoa nahiz mendien artean eta antzinako SACEM lantegia tartean egonda, lan egiteko egitasmo erakargarria izan da arkitekturako ikasleentzat, “gune berezia da, bai elementu naturalen presentziagatik eta bai orubean dauden ibilbideengandik ere: zubia, trena, errepidea, Santio bidea eta batez ere Sacem lantegia”. Duela urte mordoa Sacem lantegiak bere jatorrizko erabilera galdu bazuen ere, etorkizunera begira, berrerabiltzeko proposamenak ere egin dituzte Arkitektura eskolako ikasleek. Erakusketaren arduradunek zehaztu dutenez,  “materiala dela eta proiektu bakoitzeko bi panel aurkeztu ditugu; ikasturtean zehar egindako lan zabalaren laburpena besterik ez dute islatzen”. Proiektuen aukeraketa erakustokiak eskatzen dituen baliabideen arabera egin dela ere jakinarazi dute eta ikasle guztien lanak erakusteko tarte nahikorik ez zegoenez, haietako batzuk proiektore sistema bidez jarri dituztela ikusgai.

‘Imaginando Villabona irudikatuz’ erakusketa zabalik: Uztailaren 21a arte. 10:00-13:00 / 16:00-20:00.

Pintura, egur-taila eta esku-lanak
Uztailaren 21ean lehen eskaintza itxi bezain laster, bigarren erakusketari zabalduko zaizkio ateak. Santio jaiekin batera, Amasa-Villabonako kultur tailerretan ikasleek ikasturtean zehar egin dituzten lanak jarriko dira ikusgai; pintura, egur-taila nahiz eskulan tailerretako lanak, hain zuzen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!