Futbol kanpusa udan Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 15a, 10:55

Danena kirol elkarteak antolatuta, 7 urtetik 13 urtera bitarteko gaztetxoak futbolarekin loturiko jokoetan arituko dira.

Egun oso modan daude horrelako ekintzak; guk, aldiz, lehen aldia dugu aurtengoa. Ea zer moduz ateratzen den”. Danena kirol elkarteko lehendakari Manuel Gonzalezen hitzak dira, futbol kanpusa abian jartzeko egun gutxi batzuk besterik falta ez direnean. Zizurkilgo zein inguruko herrietako 7 eta 13 urte bitarteko neska-mutilei zuzendutako futbol kanpusa antolatu du Danena kirol elkarteak. Uztailaren 26an hasiko da, eta abuztuaren 20an amaitu. Lau astetan zehar, gaztetxoek futbolarekin loturiko jokoen bidez, ikasteko eta ongi pasatzeko aukera izango dute.

Parte hartze irekia
Zizurkilgo Danena futbol zelaian izango dute hitzordua astelehenetik ostiralera, goizeko 09:30etatik 13:30etara, eta bertan arituko dira futbolaren bueltan jolasean. Asteazkenetan, ordea, Tolosako Usabal kiroldegira joango dira, besteak beste, igerilekuan eta gorputza lantzeko makinetan saiotxoren bat egiteko aukera izan dezaten. “Futbol kanpusak lau aste hartuko ditu, baina izena ematen duten gaztetxoek ez dute aste horietan guztietan etorri beharrik izango”, argitu du Gonzalezek; “batzuk aste bakarrean etorriko dira akaso, beste batzuk bi edo hirutan, eta agian izango da lau asteetan etorriko denik ere. Aukera hori beraien esku geratuko da”. Parte hartzen dutenek kuota ordaindu beharko dute, baina Manuelek argi utzi nahi izan du antolatzaileek ez dutela jasotako diru horretatik ezertxo ere kobratuko. “Kuota hori beraientzat izango diren material eta zerbitzuetan gastatuko da, eta aseguru bat ere egingo zaie, edozer gauza gertatuta ere, arazorik egon ez dadin”.

Joseba Iturria irakasle
Printzipioz, begirale batek izango du kanpusean ariko  diren neska-mutilen ardura. “Jende askok izena emango balu, beharbada bigarren bat beharko litzateke, baina ez dut uste horrelakorik gertatuko denik. Arduradun bakarrarekin nahikoa izango dela uste dugu, jokoak leku itxi batean garatuko direnez eta batetik bestera ibili beharrik ez dagoenez (asteazkenetan Tolosarako bidaia kontrataturiko autobus batean egingo dute, ez lineakoan) ez baitago arrisku handirik.
Joseba Iturria kirol kazetaria izango da neska-mutil hauen arduraduna. Zizurkilgo Udal bulegotik jakinarazi dutenez, oraingoz berrogei pasatxo dira kanpusean izena eman duten gaztetxoak, gehienak mutilak. Horietako asko Zizurkil bertakoak direla ere aipatu dute, baina ba omen da inguruko herrietakorik ere. “Printzipioz, bailarako herrietako gaztetxoei zuzenduta antolatu da kanpusa, baina beste herri batzuetakoei ez zaie ezekorik esango”, aipatu du Manuel Gonzalezek. “Dena den, normalean jendeak etxetik gertu  nahi izaten ditu horrelako gauzak, eta egia esan, hori da komenigarriena, adin horietan umeak norbaitek ekarri eta eraman behar baititu”.

Futbol taldea izan dezaten
Kanpusaren helburua neska-mutilei kirolean, eta kasu honetan futbolean jarraikortasun batez aritzeko aukera ematea da. “Hainbat urtetatik hona, Zizurkilgo gaztetxoek ez dute futbol talderik. Eta hori ez da gertatu klubak nahi izan ez duelako, Foru Aldundiak hamalau urtetik beherako umeei federatuta egotea debekatzen dielako baizik”, azaldu du Gonzalezek. “Horren ondorioz, hamabost urte bete arte ezin dute klubean federatu; baina noski, hamabi urteko gaztetxorik ez baduzu, gero hamabostekorik ez duzu izango, ezta aurrerago hemezortzikorik ere; gauza jakina zen hori gertatuko zela”. Dirudienez, mutil talde bat urte osoan zehar entrenatzen aritu da, teknika hartzeko aukera eman zaie, baina talderik atera gabe, eta beraz, partidarik jokatu gabe. “Eta noski, normala den bezala, teknika hartu dutenean beste talde batzuetara joan dira”.

Infantilen taldea?
Egoera horren aurrean, Danenatik eskolekin elkarlanean futbol talde batzuk sortu dituzte, baina Gonzalezek dioenez, horrekin ez diote arazoari aterabiderik aurkitu, “eskola gauza bat baita, eta kirol federatua beste bat; gazteek beti galdetzen digute partidekin noiz hasi behar dugun”. Orain, ordea, Foru Aldundiak emandako baimen batekin, infantilen taldea osatzeko moduan egon litezke. “Zizurkilgo gazteekin bakarrik ez genuke taldea osatuko, jendea beste talde batzuetan edo beste kirol batzuetan ari baita. Baina inguruko herrietakoekin osa liteke. Infantilen parte hartze talde bat osatuko bagenu, primeran; eta halakorik lortuko ez bagenu, eskola-mailakoa aterako genuke, eskolen baimenarekin, noski. Asteasun, esaterako, badute futbol 7an jokatzen duen talde bat, baina urtean partida pare bat besterik ez dute jokatzen; eta Zizurkilen ere antzeko egoera errepikatzen da”. Horiek guztiak elkartu eta eskualdean jokatuko lukeen talde bakarra osatzea da asmoa, astero edo bi astez behin partidak jokatzeko aukera izango lukeena. Horrekin, bizpahiru urte barru infantilen eta kadeteen taldea osatzea lortuko lukete seguru asko, eta gero gorantz taldeak sortzen jarraitu.
Inguruko Udalekin hitz egin dute eta aurrera egiteko esan diete; beraz, horretan hasiko dira. “Datorren denboraldian bertan jarri nahi genuke taldea martxan, azkenean ateratzen dena infantilen mailako ala eskola mailakoa izan. Azken hau ez litzateke federatua izango, baina kontua gaztetxoei kirolean parte hartzeko aukera eskaintzea da, jarraikortasun batez jokatu ahal izan dezaten, ikas dezaten eta ondo pasa dezaten”. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!