Elizmendi auzoko Santa Krutz ermitan kokatzen da Asteasuko haurreskola. Hamazazpi haur eta bost hezitzaile bildu dira bertan ikasturte honetan zehar. Joan zen martxoaren 26an, goizeko 10:00ak zirenean, leiho bat ireki eta sabaia erori egin zen goitik behera. Istripua gertatu zen gune horretan haur helduenak hezitzaileekin batera ariketak egiten zebiltzala jakinarazi du Edurne Garcia hezitzaileak, “sabaia erori zen gunean bertan ume helduenak psikomotrizitatea lantzen ari ziren. Ondoko gelan haur jaioberriak zeuden eta bertara eraman genituen haurreskolako helduenak ere. Sabai osoa erori zen lurrera eta zorte handia izan genuen inor zauritu ez zelako. Berehala gurasoei deitu genien eta haurren bila etorri ziren laster batean”. Egun hartan bertan, Pello Errota eskolan eraikuntza handitzeko lanak abian jarri ziren, lehen harria ipiniz eta ikasle, irakasle, guraso, alkate zein Udaleko kide eta Hezkuntza saileko kideek parte hartu zuten ekitaldia egin zen. “Deitu eta berehala, alkatea nahiz brigadako kideak eskolako ekitalditik haurreskolara gerturatu ziren gertatutakoa ikustera”, azaldu dute hezitzaileek. “Guk segurtasuna besterik ez genuen eskatu haur txikientzat eta guretzat, eta egoeraren aurrean urduriegi jarri ginela esan zigun alkateak”.
Gurasoak erantzun eske
Aiurri aldizkarira egoeraren berri emateko deia egin duen guraso taldeak iritzi bera du gertaeraren inguruan, “sabaia gaizki egina zegoen eta hori da arazorik larriena. Egitura egurrari lotuta jarri beharrean, eskaiolari lotu zioten eta denboraren poderioz, erori egin zen”. Gertaera eta gero, alkatearen aldetik erantzun egokirik jaso ez dutela salatu dute, “alkateak haurreskola konpontzea bere erantzukizuna zela adierazi zuen eta hori zela lehentasuna. Bost urte dituen eraikinaren sabaia zergatik erori zen jakiteko asmorik, ordea, ez zuen erakutsi. Guri, berriz, arrazoia jakitea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Bestalde, hasiera batean behintzat ez zuen biltzeko asmorik erakutsi, guk eskatuta egin genuen bilera gerora”. Fernando Calvo gurasoak, Udalak gaiari behar bezalako garrantzia eman ez diola uste du, “Udaleko kide batek bakarrik eskatu digu barkamena. Gaia serioa da, ez gara ukuilu batez hitz egiten ari; hemen haurrak hezten dituzte”. Juani Romerok Udaleko kideak luzamendutan ibili izana gaineratu du, “ezer gertatu ez zenez, bere horretan utzi dute gaia. Zerbait gertatu izan balitz arduratuko al ziratekeen zalantza geratu zait niri”.
Baldintza onak lehenetsi
Rakel Pascualek haur zaharrena ere haurreskolara eraman zuela azaldu eta duela bost urte, eraikina ireki berritan hainbat oztopo izan zela gogoratu du, “garai hartako hainbat egoera haurreskolarako egokiak ez zirela jabetu ginen eta dezente kosta zitzaigun, besteak beste, leihoak barroteekin haurrentzat egokitzea edota ateak babesteko plastikoak jartzea”. Rakelen ustez ekimenak eta eraikinak gauzatzeak ez dauka zentzurik, baldin eta ondo egiten ez badira, “igerilekua edo eskola azkar eta presaka egiteak ez du balio, baldintza onetan egiten ez badira”. Iñaki Martinezek bera obretan aditua ez dela aurrez esatearekin batera, haurreskolako sabaian egin zutena txapuza handia izan zela aipatu du, “lan haiek kontzienteki egin zituzten, baimena behar baitzuten hura hala egin ahal izateko. Ondorioz, hainbat galdera sortu zait niri: Esaterako, zergatik Udalak ez duen ezer ere egin enpresa horren kontra”. Gurasoek arkitekto-laguntzailearen lana ere zalantzan jarri dute, “Udaleko aparejadorea jubilatuta dago haurreskolako lanak ikustera etortzeko, baina ez beste hainbat herriko lani jarraipena egiteko”, Rakel eta Juan Karlos Aierzaren aburuz.
*pagina.de/asteasukohaureskola.com gunean ikus daitezke istripuaren ondorengo argazkiak