Lau eleberri historiko ditu aztergai Todd Mack amerikar gazteak. Jaume Cabréren Les veus del Pamano (2004), Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea (2003), Manuel Rivasen El lápiz del carpintero (1998) eta Antonio Muñoz Molinaren Beatus Ille (1996). Bere garaian sona handia lortu zuten eleberri horien kokalekura gerturatu eta gertaerak bezala, gertaera lekuek irakurleengan sortu zuten eraginaren berri aztertzen ari da. Azterketarako hainbat irakurlerekin elkartu eta 30-45 minutu arteko galdeketa egiten die, bideoz nahiz grabagailuz irudia eta ahotsa jasotzen dituelarik.
111 Akademiako eskualdeko irakurleekin
Euskal Herrira etorri aurretik, Katalunian aritu da Todd, Jaume Cabré filologo eta idazle katalanaren Les veus del Pamano eleberriaren inguruan irakurleen iritziak jasotzen. Bartzelonan ez ezik, Pirinio katalanetan bizpahiru aste igaro ondoren, uztailaren hasieran Euskal Herrira etorri zen Soinujolearen semea eleberriaren azterketari ekiteko. Asteasun kokatu zen azken bi asteotan eta besteak beste, 111 Akademiako eskualdeko irakurleekin bildu zen galdeketa egin eta irakurleek liburuarengan zituzten iritziak bildu asmoz. Besteak beste eta, bereziki, liburuko pertsonaia eta lekuek irakurleak identifikatzen ote zituen jakin nahi zuen.
Pentsa daiteke Todd Mack hizkuntza irakasleak bere tesia bukatzen duenean, ateratako emaitzak eskualdera ere iritsiko direla.