Amasatik, Hiru Erregeen Mahaira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 9a, 15:11

Amasako Josune Arretxek, Amasatik Hiru Errege Mahaira oinez abiatu zen hirukotearen kronika bitxia bidali du. Hara:

2010eko uztailak 1, 2, 3 eta 4

Aspalditik zerabilkiten Arkaitz Arretxe (21 urte) eta bere anaia Mikelek (27 urte) erronka bat buruan: Amasatik Hiru Erregeen Mahaira oinez iristea lau egunetan. Aurten data bat finkatu zuten eta bidaia antolatzen hasi ziren bi Arretxetarrak. Mapak topatu, bide erosoenak aukeratu...Horretan ari zirela beste amasar bat ere animatu zen, Mikel Galarraga "Tito".

Beraz, hirukote honek gaur egungo teknika modernoei muzin eginez (GPSak) mapak eskutan hartuta uztailaren 1ean, goizeko 5etan, ekin zioten bideari. Lehenengo egunean Amasatik Nafarroako Irurita herrirainoko bidea egin zuten. Ilunpetan abiatu ziren, goizeko freskuraz baliatu nahian, bai baitzekiten eguneko etsairik handiena beroa izango zutela. Irurita aldera zihoazela, Goizuetatik pasa behar zutela eta, Arkaitz eta Mikel Arretxeren amonaren etxean egin zuten geldialditxoa, han gosaldu, amona agurtu eta berriro bideari ekin zioten. Nekatuta eta ia goserik gabe iritsi ziren Iruritara, gaua Elizondon igaro eta hurrengo egunerako prestatu ziren.

Uztailaren 2an Iruritatik Orreagarako bideari ekin zioten. Lehenengo aldia zen hirukote honek inguru hauek igarotzen zituela baina uste baina errazago egin zuten bidea. Bidean borondate oneko artzain bat ere topatu zuten, bere kotxean eramango zituela esan zieten baina hitzeko mutilak izanik oinez egin nahi zuten bidai osoa. Uztailaren bigarren egun hura ere ez zen batere hotza izan, berriro ere beroa izan zuten bidelagun. Bero izugarri horiekin gazteak beldur ziren asteburu aldera iragarrita zegoen moduan ekaitz gogorren batek harrapatuko ote zituen.

Larunbata, uztailak 3, Auritzen gaua igaro eta berriro Orreagatik bideari ekin zioten. Goizean behe lainoa zen nagusi, Orreagako toki misteriotsuak ezkutatu nahi balitu bezala, ez zen zaila Karlomagnoren gudarostea eta baskoien arteko guda imajinatzea. Baina gaur egun Orreagan baskoiak baino gehiago dira atzerriko erromesak, Santiago de Compostela aldera iristeko asmoz lehen urratsak hasi dituztenak. Eta erromes horien artetik beste alde batera, Nafarroako goi mendietara, abiatu ziren Amasako hiru gazteak. Behe lainoak zertxobait galarazi zien paisaia dotore horien ikuspegia baina asmoa zuten bezala Ori mendiaren magalera iritsi ziren, Larrau mendatera. Inguru haietan ere artzainak topatu zituzten, mila buruko artaldeekin. Muga artifizialen eraginez iparraldekoak deitu izan zaien artzain euskaldun hauek fin jarraitzen diete beren lanei.

Igandea, azken eguna, Hiru Erregeen Mahaira iritsi nahi zuten hiru mutilek. Eguzkiaren lehen printzak agertu orduko hantxe zeuden amasarrak Ori mendiaren magalean. Berriro ere behe lainoak inguratzen zituen, baina poliki-poliki ekin zioten bideari. Azken eguna izanik, eguna lasaiago hartu zuten, ordurako kilometro asko eta asko egindako oinen mesederako. Eta iritsi ziren Linzako aterpera, beste amasarrak zain zituzten tokira, txaloka hartu zituzten, hiru mutil hauek argi utzi zuten esandakoa egin egiten dutela, hitzak ez dituela haizeak eramaten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!