AEKren barnetegi ibiltaria: euskara, kirola eta oporrak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 8a, 18:00

AEKren barnetegi ibiltariaren hamagarren edizioari ekingo zaio hurrengo egunetan. Amaia Lopez de Luzuriaga da ekimen berezi horren arduradunetako bat, 2001ean hasi zenez geroztik. AEKko irakaslea da Donostian eta Andoainen bizi da.

Zer da barnetegi ibiltaria?
A.L.L.
Bizikletaz egunez egun egiten den txangoa da; euskara, kirola eta oporrak batzen dituen egitasmoa da. Euskara praktikatzeko beste eskaintza gisa asmatu zuen 2001ean Joseba Irazabalek, eta harrezkero ni ere egitasmo horren partaide izan naiz.
Bestalde, esan behar da aurten, lehenengo aldiz, oinezko barnetegi ibiltaria ere eratu dela. Urduñan abiatu eta Hiru Errege Mahaiako tontorreraino doa, eta dagoeneko abiatu da.
 
Aurtengo edizioari buruzko xehetasunak emango al zenituzke?
A.L.L.
15 etapa ditu, 60-70 kilometrokoak direnak batez beste, eta zazpi herrialdeetatik igarotzen da. Abiatu, Urduñatik egingo da uztailaren 17an, eta Zarautzen bukatuko da hil bereko 31n; han parrandatxoa egin, bertan gaua pasa eta nor bere etxera joango da abuztuaren 1ean.
Partaideei dagokionez, muga 20 lagunentzat jarri da; oraingoz 12 batek eman dute izena eta beraz, bada oraindik tokirik nahi duenarentzat.

Txirridulari zaildua behar al da izan?
A.L.L.
Inondik ere ez! Jende normala etortzen da barnetegi honetara, eta neskak eta mutilak nahiko paretsu ibiltzen gara. Txango honek eskatzen duena da bizikletan ibiltzeko ohitura pittin bat edukitzea, herri barnean eta horrela. Nire kasua aipa dezaket, adibide gisa: ez naiz batere txirrindularia, eta prestakuntza bakarra aste batzuk aurretik Donostiako euskaltegira tarteka bizikletaz joatea izan ohi da.  

Zer eskatzen diozue parte  hartzaileei, euskara mailari dagokionez?
A.L.L.
Konpromisoa erdarara jotzeko joerarik ez izateko, lehenengo eta behin. Euskaraz gutxieneko komunikatzeko mantentzeko gauza izan behar du, besterik ez.

Eta lortzen da parte hartzaileek euskaraz treba daitezen?
A.L.L.
Badaezpada, argitu behar da hemen ez dela eskolarik ematen; soilik ibilbideari buruzko txostentxoa ematen diegu irakur dezaten, hala nahi izanez gero. Eguneroko elkarbizitza euskaraz egiteko aukera ematen die barnetegi honek, eta uste daitekeena baino gehiago praktikatzen da euskaraz. Egia esanda, jendea aldatuta itzultzen da etxera. Ibilaldia jendeari baliagarri izaten zaio ohartzeko euskalduna dela, normaltasunez mintzatzeko gauza dela. Izan ere, ikasleak euskaltegiaren ohiko dinamikan murgiltzen dira urtean zehar, eta maiz, kosta egiten zaie sinestea euskaldunak direla.
 
Zer nolako giroa bizitzen da bidean zehar?
A.L.L.
Euskara, kirola eta oporrak uztartzeko ezin aukera hobea izaten da, eta oso giro polita sortu ohi da guztion artean.
Bikoteak ere sortu izan dira zenbait urtetan!


INFORMAZIO OSOA:

Bizikletan, uztailaren 17tik 31ra.
Izena emateko epea: zabalik.
Kostua: 450 euro (gastu guztiak barne).
Etapak: Urduña-Otxandio, Otxandio-Opakua, Opakua-Etxarri, Etxarri-Larraintzar, Larraintzar-Lakabe, Lakabe-Lakabe, Lakabe-Irunberri, Irunberri-Izaba, Izaba-Garralda, Garralda-Garralda, Garralda-Urepele, Urepele-Arantza, Arantza-Lekunberri, Lekunberri-Lekunberri, eta, Lekunberri-Zarautz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!