Denboraren Bankua, elkartrukearen filosofia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 1a, 17:48

Berriki, herritarren artean sortutako beharrak asetzeko modu berri bat abian da  Aiztondo Mankomunitatearen eskutik, Larraul, Aduna eta Alkiza herrietan.

Itsaso Gonzalez, Aiztondo Mankomunitateko teknikaria da eta berak azaldu du egitasmoaren berri, “orain 30 urte Madrilen ezagututako pertsona baten bidez jakin nuen Vallecasen bazegoela elkartrukearen inguruko mugimendua. Garai hartan ez nion ekimenari jaramon gehiegirik egin, baina urte batzuk geroago, krisi hitza entzun nuenean, egitasmo hartaz gogoratu nintzen”. Interneten bidez ahalegindu zen Itsaso Vallecasko Denbora Bankuaren berri izaten, baina ez zuen ezer aurkitu. Sarean saltsan jarraitu eta, bere harridurarako, Ermuako Auzopolis elkarteak gauza bera egiten zuela jakin zuen. “Haiengana gerturatu eta gero indartu egin zitzaidan aurrera egiteko ideia. Denboraren Bankua beste ekonomia mota bat izan daitekeela iruditzen zait, hots, hartu-eman horretan ekonomia sostengarri eta solidarioagoa sor daitekeela”. Beste hainbat herri eta hirietan saiakerak oso emaitza onak izan dituela jakin ostean, iazko otsailean jarri zuen abian Itsasok egitasmoa. “Bartzelonan, Iruñea aldean edota Bilbon oso mugimendu polita sortu da dagoeneko eta hain emaitza onak ikusita, saiatu egin behar genuela iruditu zitzaidan”. Aiztondoko teknikari izanda, mankomunitateko herrietan Denboraren Bankua bideratzeko ardura hartu du. “Momentuz Larraulen, Adunan eta Alkizan ari gara lanean. Oraindik abian ez badago ere, Zizurkil Goian ere martxan jarri nahi dugu epe laburrean”. Eskualdeko gainerako herrietan antzeko ekimenik martxan jarri nahiko balute, informazio bila eurengana gerturatzeko deia luzatu du Itsasok, “ez nuke mugarik jarriko, denon artean burutzeko jarduera baita. Ekimena ahalik eta leku gehienetara zabaldu nahi dugu. Are gehiago garai honetan”.

Zer da Denbora Bankua?
  • Irabazirik gabeko proiektua da. Erakunde sustatzailea eta koordinatzailea Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateko kirol eta kultur saila da.
  • Denbora Bankuak Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateko herrietako biztanleen arteko denbora trukea du helburu.
  • Eskaintzen den zerbitzua edozein dela ere, trukerako unitatea ordua izango da.
  • Denbora Bankuan izen- ematea bakarka egin ahal izango da. Horretarako, proiektuko arduradunekin hitz egin beharko da batetik eta bestetik, erabiltzaile izateko konpromisoa hartuko da: denbora eskaini eta eskatzearena, alegia.
  • Denbora Bankuan parte hartu nahi duen orok denbora kontu korronte bat eta talonario pertsonal bat izango ditu. Honek, eman eta jasotako ordu kopuruen arteko oreka mantentzea ahalbidetuko du, gehienezko aldea 20 ordu izanik.
  • Behin zerbitzua emanda, zeregin horretan sortutako ordu kopuruarekin txeke bat emango dio zerbitzua jaso duenak zerbitzua bete duenari.
  • Denbora Bankuan pertsona bakoitzak hilero jaso eta eman dituen ordu kopuruen berri emango die arduradunei. Era berean, bankuak hiru hiletik behin kontu guztien balantzea egingo du.
  • Bankuko bazkideak protokoloa onartzera eta betetzera konprometitzen dira.
  • Diskrezioa eta arduratsua izatea eskatzen da zerbitzu edo trukeak egiterakoan.

Pixkanaka, aurrera
Aiztondo Mankomunitateko herrietako Udal ordezkariekin hitz egin eta aurrera egitea erabaki zutenean, egitasmoa aurkezteko hainbat bilera egin zuten eskualdean zehar, “jende gutxi azaldu zen lehen bilera haietara, baina etorritakoekin gaia lantzen hasi ginen. Helburuak zehaztu ondoren, 2010 urtean osatu ditugu zerrendak eta trukea ere aurten hasi da. Izena eman duten herritarrek oso argi daukate egitasmoaren pisua eta argi ikusten dute ekonomia sostengarria izateaz gain, herritarren arteko harremanak lantzeko aukera polita izan daitekeela, baita kanpotik etorritako jende berria herrian integratzekoa ere”. Itsaso arduradunak gordetzen ditu eta berak bideratzen ditu hitzorduak, zerbitzuak eman eta jaso behar dituztenen artean. “Martxan hasi berriak gara. Momentuz Aduna, Larraul eta Alkizako hamar pertsonek osatzen dugu Denbora Bankua eta pixkanaka sortutako mugimendua handitzea lortu nahi dugu. Poliki egin beharreko lana da, ez dauka eperik. Momentuz eskualdeko herritarrek ekimenaren berri izatea ona litzateke, zerbitzuen eskaintza gero eta zabalagoa izateko”.

Truke-zerbitzuak
Truka daitezkeen zerbitzuen zerrenda luzea da dagoeneko Aiztondoko Denbora Bankuan: Produktuak enbasatzeko aukera; ingelesez mintza praktika egitekoa; bizkotxo goxoak jasotzekoa; haurren zaintza zerbitzua; matematikak irakasteko aukera; masajea; ukenduak, ogia nahiz gaztak egiten ikasteko ikastaroa; oporretara joandakoan landareen zaintza edo gutunak jasotzekoa; pertsona helduekin egotekoa; auto zerbitzua; erosketak egitea… Momentuz eguneroko beharrei erantzuteko zerbitzuak eskaintzen dituzte, baina denborarekin aukera hori zabaltzeko asmo irmoa dute. Esan bezala, beraz, eskaintza horiek guztiak jasotzeagatik ez dute dirurik ordaintzen. Denbora Bankuaren baitan txeke batzuk dituzte eta bertan idazten da zein zerbitzu jasotzen den eta zenbat denboraz. Ondoren, jaso duenak Denbora Bankuko kideren bati beste eskaintzaren bat egin behar dio trukean. Txanponek ez dute, beraz, ezertarako balio; ekintzak trukatzean dago ekimen honen gakoa. Funtzionamenduari dagokionez, parte hartzea irekia eta lasaia izan dadin nahi dute, “Denbora Bankuan izena ematean, ekimenarekiko konpromisoa hartzen bada ere, ekintzak trukatzerakoan zabaltasunez eta lasaitasunez jokatu nahi dugu: Denboraren Bankuan baietzak bezala ezetzak esaten jakin behar da eta egunen batean eskatutako zerbitzurik eskaini ezin bada, ez da ezer gertatzen. Oro har, errazagoa izaten da baiezkoa esatea ezezkoa baino, eta hori neurtu egin behar dugu pixka bat. Oreka mantendu behar dela iruditzen zaigu”. Denbora Bankuko kideek momentuz hogei ordu dituzte nahi duten bezala erabiltzeko, “norbaitek hogei ordu horietan jaso bakarrik egingo balu, Bankuaren lana litzateke horretaz ohartaraztea”.

Krisi garaian, trukea
Egitasmoa bitxia da, krisi garai entzutetsuan beste bide bat irekitzen duen aukera. Itsasoren ustez, “ekimeneko parte hartzaile guztiok gizartean kontsumismoak pisu handiegia hartu duela pentsatzen dugu, egoerak ihes egin digula. Baina gauza bat hori pentsatzea da eta beste bat Denbora Bankuko kide izatea. Bankuko partaide izateko ez da beharrezkoa hala pentsatzea, bi kontu ezberdin dira”.
Itsaso Gonzalez ekimenaren koordinatzaile izateaz gain, ekimeneko parte hartzaile ere bada, “gazta ikastaroa egin dut berriki, Bankutik jaso dudan lehen zerbitzua izan da eta oso gustura nago. Ikasitakotik abiatuta, etxean gazta egiteko asmoa dut orain”.

AIZTONDOKO DENBORA BANKUKO KIDEEN HAINBAT IRITZI

  • Pilar Otaegi, Larraulgo parte hartzailea
    Pilar Otaegi larrauldarra  Denbora Bankuko partaide da eta zerbitzua eman nahiz jasotzen parte hartu du dagoeneko, “ematea ez da agian niretzat hain berria izan, baina bai hartzea. Egia esan, sortutako beharra asetzea eroso egin zait. Hasiera batean ez nekien oso ondo zer eskatu, baina ematen bezala eskatzen ikasi behar nuela konturatu nintzen. Erronka izan da niretzat behar erreala aurkitzea; benetan behar nuen zerbait, asmatu gabea. Behar hori sortu eta zerbitzua jasotakoan, gustura geratu naiz”. Eskualdean abian jarri aurretik ezagutzen zuen Pilik egitasmoa, “aditzera baneukan, baina urrutitik. Itsasok herri mailan egiteko zer iruditzen zitzaidan galdetutakoan, egoki ikusten nuela erantzun nion. Hala ere horrelako egitasmo batek ondo funtzionatzeko, ahalik eta parte hartzaile gehien biltzea beharrezkoa dela uste dut. Kanpainarik onena gure taldetxo honek martxa hartzea izango da, gerora jende gehiago hurbiltzeko. Oraindik eta aberatsagoa izango baita jende gehiago gerturatzen denean”. Denboraren Bankua garai bateko elkarlana edota auzolana berrabiarazteko modu egokia dela uste du larrauldarrak, “dirua sortu aurretik nolabait ordaintzeko modua zen trukea eta Euskal Herrian auzolanak beti izan du pisu handia. Kooperatibak ere hortik sortu ziren eta garrantzitsua da ohitura hori herrira zabaltzea”. Herri txikietan, euren artean herri handiagoetan baino gehiago laguntzen direla uste du, baina beti egin daitekeela gehiago. Gainera, kanpotik datozenak herrian integratzeko ere aukera polita eskaintzen duela ere uste du. Dudarik gabe, egitasmoaren ideia positiboa iruditzen zaio Piliri, “dena diruarekin ordaindu eta denbora hain urria den gizarte honetan oso egitasmo interesgarria iruditzen zait. Denok daukagun jakinduria elkarbanatzea oso aberasgarria da”. 
  • Nagore Ezeiza, Adunako parte hartzailea
    Aiztondoko teknikari Itsasoren ahotik jaso zuen Nagorek ere egitasmoaren berri, aukera interesgarria iruditu eta izena ematea erabaki zuen, “joan zen hilean hartu nuen parte ekimenean lehenengoz, masaje zerbitzua eskatu eta hartuz. Oraingoz Denbora Bankuan bi pertsonek ematen dute masajea, batekin probatu dut eta laster bestearekin geratzeko asmoa daukat”. Txeke bidezko ordainketa egokia iruditzen zaio Nagoreri eta helburu nagusi bezala, “diruarekin daukagun mendekotasuna pixka bat baztertzeko modua iruditzen zait”. Garai bateko truke sistema berriro abian jartzeak bultzatu zuen Nagore hein handi batean egitasmoan parte hartzera. “Hasieran zaila den arren, denborarekin sortzen zaizkizun beharrak bertatik asetzeko aukera izatea gerta daiteke. Besteak beste, haurrak dituen jendeak ere probetxu handia atera diezaioke ekimenari. Dudarik gabe, gaudenon artean ekimena bizirik mantentzen badugu, parte hartzaileok aterako gara irabazten”.  Hainbatek egitasmoan parte hartzeari “beldurra” diola aipatu du Nagorek, “Nik nola emango dut izena? Ez daukat denborarik eta!, dioen jende asko dagoela dio, baina Denboraren Bankuan denak balio duela: “aisia igarotzera mendira joatea gustatzen zaionak ere parte har dezake, bideak ikasi nahi dituen egitasmoko beste kideren bati lagunduz”. Eskualdeko herritarrekin harremanak sendotzeko bide ona dela uste du adunarrak eta oraindik zalantzan dagoenari, probatzeko gonbidapena egingo lioke, “Adunan hiru herritarrek eman dugu izena oraingoz. Gu ere probatzen ari gara eta momentuz gustura gaude. Lotura ere ez da handia, jaso eta eman behar duenaren artean adosten da ordua eta momentuz poliki hasi gara, hilean ordubete-edo. Gero eta jende gehiagok parte hartu, gero eta aberatsagoa izango da. Animatu, bada!”.
  • Beatriz Eguzkitza, Adunako parte hartzailea
    Adunan egin zen bileraren aurretik entzuna zuen Beatriz Eguzkitzak egitasmoaren berri,  “aldizkari batean irakurrita neukan antzeko esperientzia abian zegoela Katalunian eta oso interesgarria iruditu zitzaidan, oso ideia originala. Denbora Bankua Adunan bertan martxan jartzeko aukera ikusi nuenean izena ematera animatu nintzen”. Trukearen ohitura berreskuratu eta elkarlana bultzatzea garrantzitsua dela deritzo Beatrizek, “askotan gertatzen zait etxean hainbat lan egiten ez jakitea eta fabore bat eskatu beharrean, trukearen bidezko aukera hori izatea aukera bikaina iruditzen zait”. Zailagoa iruditzen zaio, ordea, teoria praktikan jartzea, “txanpona denbora da; zerbitzuak ez dira diruarekin ordaintzen, denborarekin baizik. Gaur egun denboraz larri ibiltzen garenez, konplexu samarra iruditzen zait hori aurrera eramatea, baina beste hainbat lekutan ondo funtzionatu badu, saiatu egin beharko dugu hemen ere”. Norberaren nortasuna indartzeaz gain, harremanak bultzatzeko ekimen polita dela uste du Eguzkitzak, “uste ez zenuen hainbat gaitasun badituzula kontura zaitezke norbaitek zerbaitetarako laguntza eskatzen dizunean. Faborerik eskatu gabe, beharrak bata bestearen artean asetzea oso modu polita eta egokia da”. Izena ematean bete beharreko fitxa-orrian errazagoa egin zitzaion Beatrizi bere beharrak zeintzuk ziren azaltzea, zer eskainiko zuen esatea baino, “oso zaila egin zitzaidan zer eskain nezakeen azaltzea. Gerora, ordea, gauza askotan lagun dezakezula konturatzen zara eta denborarekin, behar gehiago sortzen diren heinean, oraindik eta gauza gehiago egin ditzakegula konturatuko gara. Jendearen parte hartzea handitzea ere garrantzitsua da, kasu horretan aukerak ere zabaldu egingo bailirateke”. Lehenengo eta behin, Denbora Bankuaren aukeraren berri zabaltzea ezinbestekoa dela uste du, “hasiera batean, segurtasun faltagatik, jendeari kosta egiten zaio izena ematea. Baina ekimenak ondo funtzionatzen duela ikusiz gero, errazagoa izango da parte hartze hori handitzea”.
    Beatrizek oraindik ez du Denbora Bankuan parte hartu, baina beharren bat sortzen zaion heinean deitzeko asmoa du, “oraindik niri ere ez didate deitu, baina hortxe izango naiz norbait nire laguntzaz behartzen denean”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!