Ekainaren 14an egin zuten inaugurazio ekitaldia eta geroztik, zabalik dago Mattin izeneko denda berria. Elisabet Escribanok ireki du saltokia, herrian faltan sumatzen zituen zerbitzuak osatu asmoz: “Batetik, papertegiko produktuak jarri ditugu dendan. Liburuak, aldizkariak edota eguneko prentsa ere badugu. Horrez gain, beste zerbitzu bat ere eman nahi izan dugu; fotokopiak, kuadernaketak edota plastifikazioak egiten ditugu eta fax zerbitzua ere eskaintzen dugu dendan. Gainerantzean, goxokiak, haurrentzako opariak eta izozkiak ere baditugu”.
Estankoa, laster
Etorkizunari begira, beste zerbitzu bat ere erantsiko zaio dendari. “Estankoa jarriko dugu. Horretarako lizentzia eskatuta dugu eta paperen zain gaude. Paper guztiak eskuratu bezain pronto jarriko dugu salgai tabakoa. Gure ustez, hilabete eta erdi inguru beharko dugu estanko zerbitzua martxan jartzeko”, azaldu du Elisabetek.
Astean sei egunez zabaltzen dituzte Mattin dendako ateak: “Astelehenetik larunbatera egiten dugu lan. Goizeko 07:30etan ireki eta 13:30ak arte zabalik izaten dugu. Arratsaldean berriz, 16:30etatik 19:30etara irekitzen dugu. Hala ere, arratsaldeko ordutegia pixka bat luzaten dugu, jendearen eskaerari erantzunez. Udako egunak luzeak izaten dira eta jendea azken orduan etortzen zaigu. Momentuz, igandetan itxita edukitzen dugu denda”.
Denda zabal eta argitsua
Kale Nagusian zabaldu dute denda, Iturri-Ondo tabernaren ondoan. “Denda jarri aurretik garajea zegoen etxabe honetan, eta jendea harritu egiten da denda ikusita. Guk geronek egin ditugu lanak eta gustura gaude emaitzarekin. 60 metro karratuko denda geratu da, argitsua eta zabala. Jendea ere gustura dagoela ematen du. Azken momentura arte denda tapatuta izan genuen eta lanen emaitza ikusitakoan, harritu egin da jendea”.
Gustura dago Elisabet jendearen erantzunarekin: “Lehendabiziko egunak gogorrak izan dira, baina orokorrean, oso gustura gaude. Gure asmoa herrian falta zen zerbitzua eskaintzea zen. Arkatz bat erosi nahi duenak edota arratsaldez fotokopia bat egin nahi duenak, ez dezala Villabonara edo beste norabaitera joan beharrik izan. Orain artean jendeak ondo erantzun dio eskaintza berriari”.
Mattin, dendaren izena
Dendari Mattin izena jartzea, erabaki erraza izan zen Elisabet Eskribanorentzat. “Senarraren abizena Martin da eta nire familian Martin izeneko kide asko dago. Hasiera batean dendari nire izena jartzea ere pentsatu nuen, baina politagoa iruditu zitzaidan familia osoa gogoan hartu eta Mattin izena jartzea”. Ekainaren hamalauan egindako inaugurazio ekitaldian ere, etxekoak izan ziren dendan sartzen lehenak: “Senitartekoekin ospatu ondoren, dendako ateak ireki eta herritarrekin egin genuen inaugurazio jai txikia. Hurrengo egunean, goizean goiz zabaldu eta martxan jarri ginen”, gaineratu du Elisabetek.
Lasartearra da izatez Elisabet, baina hamar urte darama Asteasun bizitzen: “Semeetako bat hemen jaio zen eta dagoeneko, asteasuar sentitzen naiz. Bertako denda batean egin dut lan orain arte eta jendeak ondo ezagutzen nau. Gustura nago hemen”.