Mikel Arriet, Filipinetan sukaldari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 1a, 17:41

Ia sei urte daramatza Andoaingo Mikel Arriet Arruizek Filipinetan. Oporraldian, ohi denez, jaioterrira itzuli denean, Aiurrirekin hitz egiteko tartea hartu du.

Noiz eta nolatan joan zinen Filipinetara lanera?
Oliba olioa eta ardoa sustatzera joan nintzen hiru hilabeterako eta bertan sukaldari lanetan geratzeko aukera eskaini zidaten. Geroztik, seigarren urtea egin behar dut han. Lasaitasunak, paisaiek, jendeak nahiz eguraldiak erakarri ninduten bertan geratzera. Lan egin eta bizi naizen hotelean golfa praktikatzeko gunea, barkuekin ibiltzeko marina, igerilekuak…, denetarik daukagu. Baina gehiago erakartzen nau kutsadurarik gabe bizitzeak edo laneko orduetatik kanpo inolako estresik ez edukitzeak. Paradisua da. Filipinetako jendea oso atsegina eta lagunkoia da, errespetuz jokatzen dute kanpotarrekin ere.

Filipinetan non bizi zara zehazki?
Manila hiritik hiru ordura, Batangas probintzian. Oso leku polita eta interesgarria da.

Jatetxe bat baino gehiago bideratzen duzu Asiako lurraldean…
Fuego konpainiak hiru hotel ditu Filipinetan eta hiruetako sukaldeak koordinatzeaz arduratzen naiz orain. Lan dezente izaten da, baina oso gustura egiten dut. Bertako jendearekin aritzen naiz lanean; euren artean kanpotar bakarra naiz. Horrenbeste urte eta gero hango erritmora ohitu egin banaiz ere, lan egiteko oso modu ezberdina dugu: hemen baino askoz ere mantsoagoak dira. Pertsona batek hemen egin dezakeen lana han lau edo bosten artean egiten dute.

Azalduko al diguzu nolakoa den lurraldea? Non kokatzen diren hotelak?
Filipinak 7100 irla dira, baina hiru irla nagusitan bana daiteke: Luzon iparraldean, erdian Boracai eta hegoaldean Mindanao. Hiru guneetan daukagu hotel bana eta ni iparraldekoan bizi banaiz ere, batetik bestera ibiltzen naiz. Filipinetan oso festazaleak dira: San Valentin eguna, Txinako Urteberria, Halloween gaua, Eguberriak, aita nahiz amaren eguna edota udaren etorrera ospatzen dituzte, besteak beste. Egun horietarako eskaintza ezberdinak egitea ere nire lana da. Oraintxe mediterraneoko eskaintza daukagu, ‘faraoiekin afaria’ deitzen dioguna eta Grezia, Turkia, Tunez edo Egipto inguruko platerak eskaintzen ditugu. Hurrengo hilabetea Mexikori zuzendutakoa izango da. Lanagatik munduko sukalde ezberdinetako platerak egiten ikasteko aukera dut.

Sukaldarien arteko jardunaldietan ere parte hartzen duzu. Bide luzea egin duzu dagoeneko…
Iaz Zeelanda Berrira joan eta Auckland hiriburuan jatetxe batean menua eskaintzea nahiz areto batean jendaurrean hainbat errezeta azaldu eta prestatzea egokitu zitzaidan. Esperientzia berria izan zen niretzat eta oso gustura geratu nintzen emaitzarekin. Filipinetan bertan, bestalde, urtero ibilbide gastronomikoak egiten ditugu: Filipinetako sukaldari bat eta kanpoko beste baten artean jatetxe ezberdinetan afariak prestatuz. Orain bi urte Euskal Herriko platerak mahairatu genituen, aurten Kataluniakoak… Sukaldaritza modernoa lantzen dugu saio horietan eta, iragarri gabe, arrakasta handia izaten du ekimenak. Bestalde, Hong Kong-en ere izan naiz antzeko ekimen batean eta baita Vietnamen ere, bertako sukaldaritza ikasten… Japoniara iristea da nire ametsa. Pozik nago, Euskal Herrian eta estatu mailan konpetentzia handia dago eta oso zaila da aurrera egitea. Ni hara joan eta bost edo sei hilabeterako hango sukaldarien elkargoan sartu ninduten, izarraren pare. Harrerarekin harrituta geratu nintzen, baina hasieratik garbi utzi nuen beste bat gehiago nintzela han.

Hango sukaldea hemengotik erabat ezberdina izango da!
Ezberdina da, baina era berean, baditu parekotasunak ere. Filipinetan 300 urte baino gehiagotan egon ziren espainiarrak. Plater batzuk, izenez behintzat, berdinak dira: paella, tripakiak, oilaskoa…
Filipinetako herriko sukaldea, bestalde, oso aberatsa da eta gizarteko maila guztiak berdin elikatzen dira. Filipinetako gehienak katolikoak izanagatik, hegoaldean musulmanak ere badaude. Haatik, txerria da gehien jaten duten plateretako bat. Txerrikumea asko gustatzen zaie, baina eurek txerrikumea esaten diotena guretzat izugarrizko animalia da.
Han ez dute lehen eta bigarren platera eta postrea jaten. Jaki guztiak batera jartzen dituzte mahaiaren gainean eta dena nahasian jaten dute. Filipinetan janari gazia eta gozoa nahastu egiten dituzte. Hemen gatza erabiltzen dugun bezala, hango sukaldeetan azukrea erabiltzen da gehiago. Era berean, guk hemen ogia jaten dugun bezala, haiek arroz zuria jaten dute: gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko. Arrozik jaten ez badute, indarrik ez dutela esaten dute.

Nolakoa da Filipinetako bizimodua?
Filipinetako errealitatea hemengoarekin alderatuta oso ezberdina da: pobrezia handia dago, gehiengoa kartoizko etxeetan bizi da eta askok ez daukate urik etxean. Hori bai, telebista gehienek dute.

Hango gazteekin eta saskibaloiarekin baduzu loturarik…
Leku askotan bezala, alkohola edanez estaltzen dituzte askok euren beharrak. Egoera horri aurre egiteko eta saskibaloia asko gustatzen zaienez, gazte talde batekin Chef Mikel saskibaloi taldea osatu eta liga batean hartzen dugu parte. Aurten laugarren txanda izan da eta hirugarren urtez irabazi dute. Nire taldeko jokalariek ikurrina dute kamisetan: baldintza hori soilik jarri nien laguntza ekonomikoa ematean.

Zein hizkuntzatan hitz egiten duzu han?
Ingelesez hitz egiten dugu batik bat, baina bi hizkuntzatan oinarrituta, dialekto asko dituzte. Tagaloa da ofiziala, baina jende askok cebuanoa hitz egiten du. Gaztelaniatik hartutako hitz asko erabiltzen dute, nahiz eta hasieran nik ez nuen tutik ere ulertzen. Orain zertxobait hitz egiten dut. Gogoko dut tagaloa.

FILIPINETAKO BITXIKERIAK
Txitibar tabernako nagusia pilotaria izan zela aipatu du Mikelek eta Asiako lurraldean bizitu zela, “tabernan, garai hartako Filipinetako pilotalekuetako argazki mordoa aurki daiteke. Egun pilotalekuak itxita badaude ere, mugimendu handia egon zen garai  batean”. Heriotzaren korridoretik atera eta egun Martuteneko espetxean preso dagoen Francisco Larrañagaren gurasoak ezagutzeko aukera izan zuen Mikelek, lan egiten duen jatetxean, “aita Alegiakoa du eta ama Filipinetakoa. Aitarekin euskaraz hizketan aritu nintzen jangelan. Sorpresa polita izan zen niretzat”. Bestelako bitxikerien artean, Filipinetako izenak oso arruntak direla azaldu du Mikelek: Jose, Pablo… Hori bai, familia aberatsetako semeei Endika, Patxi edo Iñigo jartzen dietela.

ATEGORRIETAKO ESKOLA, ABIAPUNTU
Donostiako Ategorrietako sukaldarien eskolan ikasi zuen Mikelek eta hemen inguruan aritu zen lanean lehenengo; “Berasategirenean edo Goiegin, besteak beste. Gerora, Bartzelonan, Ibizan, Baqueiran edo Torrelavegan”. Filipinetara joateko gonbitea jaso ostean, agerikoa denez, ez da bide hura hartu izanaz damutu. “Nire lanbideari esker mundua ezagutzen ari naiz”. Herri-minik ez duela aitortu du, baina garai honetan, urtero egiten du bisita jaioterrira, “etxekoak eta lagunak ikustera etortzen naiz urtero. Ez dut herri-minik sentitu, baina askotan gogoratzen naiz gertukoekin eta bertako hainbat ohiturarekin: Urtero gogoratzen naiz Santakrutz jaiez eta Donostiako danborrada nahiz San Ferminetako txupinazoa ez ditut sekula galtzen. Tarteka, hemengo janariarekin ere oroitzen naiz…”. Mikelek Filipinak ezagutzeko gonbitea luzatu die eskualdeko irakurleei, “herrialde zoragarria da eta aukera asko eskaintzen du naturari eta itsasoari lotuta. Zaila da hitzez azaltzea, bertara joan eta ikusi egin behar da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!