Mikel Garmendia, fidantzapean aske

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko uzt. 1a, 17:36

Ekainaren 8an, 15.000 euroko fidantza ordaindu eta gero, aske geratu zen Mikel Garmendia villabonatarra. Hamabost hilabetetan hiru espetxe ezagutu dituenak hartu du hitza.

Lehenik eta behin, zer moduz zaude?
Ondo. Urte eta hiru hilabete espetxean igaro eta gero, egunerokotasunera ohitzen ari naiz pixkanaka. Iazko urtea oso gogorra izan zen Villabonan eta berri onen bat entzuteko beharra zegoela nabaritu dut herritarren artean.

Nola gogoratzen duzu atxiloketaren eguna?
Dentistarenetik atera eta bi pauso ematerako atxilotu ninduten ertzainek. Donostiako epaitegira  eraman eta medikua pasa ondorenean, etxeko erregistrora ekarri ninduten. Berandu arte egon ginen bertan eta handik Oiartzungo Ertzaintzaren egoitzara eraman ninduten. Bi egun igaro nituen han eta Madrilen deklaratu eta gero, Soto del Realen espetxeratu ninduten. Isolamenduan, bakardadean, espetxeko martxa ezagutu gabe, oso gogorra izan zen hasiera. Egoera horretan oso garrantzitsua da buruz indartsu egotea.

Beste bi espetxe ere ezagutu dituzu hamabost hilabete horietan…
Sotokoaz gain, Valdemoron eta Herrera de La Manchan ere egon naiz. Denetan ere burua okupatuta edukitzen saiatu naiz, eguneroko bizimodua antolatzen: irakurri, eskulanak egin, patioan kirola egin… Espetxeratuta urte asko zeramatzaten presoak ezagutu ditut eta haien babesak asko lagundu dit. Horrez gain, bisitek eta jasotako gutunek eman didate espetxean bizitasuna. Horren zain egoten nintzen aste guztian zehar. Azken hilabeteetan herritik 600 kilometrora egon naiz preso. Bisitariek 1200 kilometro egiten zituzten txanda bakoitzean. Astero egiteko kilometro kopuru handia da hori. Barruko nahiz kanpoarentzat kezka izateaz gain, bidaiaren kostua ere izugarria da.

Zure kasua sekretu sumariopean egon da oso bukaera arte…
Hamabi hilabetetan sumariopean gordeta eduki eta gero, hilabete batean sumarioa altxa eta kalera atera naiz fidantzapean. Lagunari furgoneta utzi izanari atxikita, ez zuten sumariorik altxatzen eta hori altxa bitartean ezin da ezer ere egin. Duela hilabete pasatxo Manex Castrok eta biok Madrilen deklaratu genuen eta hiru astetara ni fidantzapean kalera ateratzeko erantzun zuten. Epaiketaren zain nago orain.
Hasieratik lasai egon naiz. Horrelako egoera bat suertatuta, burua lasai eduki eta aurrera egitea besterik ez da geratzen. Espetxeko esperientzia ez da ona, baina bai aberatsa –nahiz eta ez diodan inori opa–. Ezker abertzalearen baitan ibiltzeagatik kastigu bat izan da orain artekoa. Horretan geratzen bada, ondo. Ikusi egin beharko da.

Nola ikusten duzu etorkizun politikoa?
Zaila da egoera aldatzea. Beharra badago eta jendeak aldaketa nahi du, baina alde guztietatik eman behar dira pausoak. Bide horretan jarraitu eta ilusioz egin behar da aurrera. Denok egin beharko genuke egoera aldatzeko ahalegina. Gogoa jarri behar zaio konponbideari; jai daukagu bestela.
Espetxeetan esaterako, azken aldian presoekin nahiz senitartekoekin errepresio handia egiten ari dira bisiten harira. Kilometro asko egin eta gero, kanpoan geratu da senide bat baino gehiago.

Une gogorrak eta arinagoak pasako zenituen hilabeteotan. Haietakoren bat aipatu nahi?
Espetxean pasatako momenturik gogorrena Remiren heriotzaren berri jasotzea izan zen. Oso zaila egin zitzaidan horri buelta ematea. Gertaera eta gero, asko gogoratu nintzen Remiz, baino are gehiago familiaz eta Estitxuz. Espetxeko kideek babes handia eskaini zidaten, eskerrak horri. Remiren familiakoak bisitan etorri zitzaizkidanean lasaitu egin nintzen zertxobait. Banekien ez zitzaiela babesik faltako, baina ni bertan ez egoteak inpotentzia handia sortu zidan. Oroitzapen onen artean espetxean egindako lagunak aipatuko nituzke. Ziegan bereizita egonagatik, ordu guztietan zehar haiekin zaudenez, familia bihurtzen dira. Kalera nindoanean pozik nengoen, baina  gogorra egin zitzaidan haiengandik agurtzea.

Herrira iritsitakoan ezerk jo al zizun begia?
Urtebetean gauza asko aldatzen da, baina begia gehien jo zidana, plazako jende piloa ikustea izan zen. Ez nekien non nengoen ere, baina gustura hartu nuen jendearen babesa. Aske geratu eta biharamunean, dendariak ere kalera atera zitzaizkidan kasu egitera. Ondo, ondo; berri on baten beharra bazegoen.

Festa garaian, ia udarekin batera iritsi zara herrira…
Parrandak ere egingo ditugu, baina jendearekin bazkal edo afalondoan lasai hitz eginez egoteko gogoa daukat. Orain deskantsu pixka bat hartu eta laster berriro lanean hastea gustatuko litzaidake, egunerokotasunari eusteko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!